Antzokia, aterpe

0

“Bagoaz!”, oihu egin du Ander Lipusek. “Goazen basamortuaren bukaerara!”, jarraian. Hiru egun egin ditu oinez Ibrahima Baldek eta mantso-mantso dabil, hankak arrastaka daramatza hondarretan. Gineako hiriburutik Nzerekorera mila eta hirurehun bat kilometro daude. Nekea, etsipena eta ahulezia nabarmenak dira. Goibel dago, ezinean, begirada galduta. Eta bat-batean, salbazioa. Oxigeno baloia. Ibrahimak begiak ireki eta hegoaldetik iparraldera egiten ari den bidean oasi moduko bat aurkitu du: “Zer da hori? Argiak dira? Bai, argiak!”. Timiauinera goizeko seietan iritsi da. Badoa meskitara otoitz egitera eta Ismail txikia ezagutuko du. Ondoren, Ismailek eta Ibrahimak sei hilabete egingo dituzte elkarrekin. Timiauinetik Ghardaiaraino. Baina eszena hori ez dute momentuz, entseatuko.

Ekainaren 17an hasi zuten egonaldia Azpeitiko Soreasu antzokian eta hilaren 23ra arte ariko dira entseguak egiten, Ander Lipus antzerkigile eta Artedrama konpainiako kidearen zuzendaritzapean. Udazkenera arte halako egonaldi gehiago antolatuko dituzte egindako lana borobiltzeko. Ibrahima Balderen eta Amets Arzallusen MiƱan liburuaren (Susa, 2019) antzerkirako moldaketa estreinatuko dute aurriaren 24an Bilboko Arriaga antzokian. Hiru saioak (24an, 25ean eta 26an) euskara hutsean izango dira. Sambou Diavy aktorea izango da obrako protagonista. Harekin batera ariko dira Eihara Fernandez de Larrea, Mikel Kaye eta Ander Lipus bera. Egokitzapena Timberlake Wertenbakerrek egin du. 2021ean ingelesera itzuli zuen MiƱan (Little Brother: an odyssey to Europe) eta, gerora, gaztelaniara eta katalanera itzuli dute. Oihartzun handia izan du Ibrahimaren egiazko historiak. Frantzisko Aita Santuak 2022an egin zizkion erreferentziak Mediterraneoa zeharkatzeko ahalegina egiten duten migranteei buruzko hausnarketa batean.

Aktoreak eta antzezlanaren egileak bat datoz nabarmentzean erronka handia dela liburuan jasotzen diren bizipenak antzerkiratzea. Liburuaren Ʊabardura garrantzitsuei fideltasunez erreparatu nahi diete obran. Lana ez da samurra. Emozio zurrunbilo bat eragiten dio irakurleari Baldek egin zuen ibilbideak. Afrikatik Europara egin zuen bidaia bizitza aldaraziko zion odisea bilakatu zen. Hiru edo lau urtez egarria, gosea eta mina ezagutu zituen bere anaia gazteena etxetik desagertu eta haren bila irten zenetik. Baina, hori da, bederen, Lipusen asmoa: liburuaren izpirituarekiko fideltasuna gorde nahi du ordu eta erdi inguru iraungo duen antzezlanean. “Gure helburua da Ibrahimarengandik jasotako esperientzia eszenara eramatea, hitza baino harago doan ekintzara”, azaldu du. “Azken batean, antzerkia ekintza delako eta irudira eta gorputzera eraman behar delako. Kasu honetan ikusiko dugu Sambou Diaby Ibrahimaren pertsonaia gorpuzten, eta, ondoren, besteok, hiru aktoreok, historian garatzen diren hainbat pertsonaia antzeztuko ditugu: anaia txikia, aita, ama, Tanba mekanikaria, Ismail txikia…”.

Londresen eta, beraz, ingelesez MiƱan taularatzeko asmoa zuen Wertenbakerrek 2022an. Hor hasi zen bidea. Aitortu duenez, antzezlana egiteko plana bertan behera utzi behar izan zuen pandemiarengatik. “Liburua irakurri eta berehala egin nahi izan nuen adaptazio bat. Prest geunden lanean hasteko, baina tamalez, pandemia garaia zen eta egoera oso gogorra zen Londresko antzokientzat”. Lipusekin geroago egin zuen topo. “Zer moduz doa Londresko adaptazio hori?”, galdetu zion Lipusek halako batean. Eta hark esan zion azkenean ezin izango zutela Ingalaterran proiektua aurrera eraman. “‘Bada, guk egingo dugu euskaraz!’, eta hor hasi ginen lanean”, gogoratu du Artedrama arte eszenikoen plataformako lantaldeko zuzendari artistikoak. Ondoren, Mikel Kaye ezagutu zuen, Manex Fuchs euskal aktoreak hitz egin zion Sambouri buruz eta Eihara ezagutzen zuen nahiz eta aktorea ez izan.

Lan artesanala

Prozesu kreatiboa lantaldean egin dute. Londrestik Euskal Herrira egin zuen salto Timberlake Wertenbakerrek Artedramako kideekin ideiak trukatu eta komunean jartzeko. “Liburutik eszena garrantzitsuenak (edo hunkigarrienak) hartu nituen eta horiekin antzezlanaren gidoia idatzi nuen. Gero Lipusekin eta aktoreekin lan egin nuen. Elkarrekin eszenak ikusi genituen, kasu batzuetan zerbait aldatu genuen, mozketak egin genituen eta abar. Beste bertsio bat idatzi nuen eta Lipusekin hitz egin nuen berriro”, azaldu du New Yorken jaio eta egun Londresen bizi den idazleak. Txikitan denboraldi luzez Ziburun bizi izan zen eta, beraz, harreman estua du Euskal Herriarekin. Lehen hiru egonaldietan testuari bueltak eta bueltak eman zizkioten. Laugarren egonaldia Azpeitiko lehenengo entsegu hauek dira. “Timek moldaketan izugarrizko lana egin du. Gutxika-gutxika egiten ari garen lana da, oso artesanala”, nabarmendu du Lipusek.

Aurrera egiteko ezinbestekoa izan da Amets Arzallusen baiezkoa. Lipusek aitortu duenez, kostata lortu zuten Hendaiako bertsolari, kazetari eta idazlearen inplikazioa. “Ametsek hasieran ez zuen argi ikusten, batez ere, eta komatxo artean, Ibrahimaren pertsona zaindu eta babestu nahi zuelako. Ez zuen nahi bere historia han eta hemen ateratzerik”, adierazi du. Pixkanaka lortu zuten elkarren arteko konfiantza sarea eratzea. “Timek eta Ametsek elkar ezagutzen zuten eta azkenean baiezkoa eman zigun. Nik esan nio historio hau ezin dela fikzionatu. Ezin diot aldaketarik egin antzerkiari zerbait ondo datorrelako. Beti oso argi eduki dugu Ametsek ere proiektuan egon behar zuela, eta ematen ditugun pauso guztietan bera nolabait ikuskatzaile lanetan ari da”.

Gauzak horrela, Amets Arzallusek egonaldi guztietan parte hartu du eta egindako apunteak “oso txikiak” izan direla azpimarratu du Lipusek. “Testua eskuetan eduki du eta azken ukituak eman dizkio. Esaten zuen: ‘Hemen salto handiegia dago, honako hau inportantea da, esaldi hau horrela esango nuke…’. Gauza bat da liburuan nola idatzia dagoen eta beste bat da ahozkotasunetik nola esaten den. Timek egin zuen adaptazio hori”. Bere ustez, MiƱan liburuan bi ardatz nagusi ageri dira: batetik, Ibrahima Baldek lehenengo pertsonan kontatzen duen historia “zirraragarria” eta, bestetik, narratzailearen idazkera “sinple eta poetikoa”. Zuzendari eta aktore bizkaitarrak gogoratu du “Ametsek tonuarekin asmatu egin zuela literaturaren ikuspuntutik” eta Balderen bizitzaren kronika “oso ondo kontatuta dagoela, nahiz eta oso gertakizun bortitzak deskribatu. Adibidez, torturak daudenean edo Ibrahima esklatu moduan erosten dutenean”.

Elkarrizketatik egun batzuetara, ekainaren 21ean, lehen aldiz ikusiko du Arzallusek MiƱan antzerkiaren entsegua Azpeitian. “Ea zer iruditzen zaion!”, dio Lipusek. Uste du egokitzapena gustatuko zaiola. Poza eta esperantza dira nagusi konpainiaren buruaren begietan. Ez da Ander Lipusek migrazioaren gaia oholtzara eramaten duen lehenengo aldia. Artedramaren eskutik, 2015ean aurkeztu zuen Etxekoak antzezlana eta 2021ean estreinatu zuen Atzerrian lurra garratz obra. Trilogia antzeko bat osatzen dute hiru lanek, “baina nire karrera guztian adaptazio bati aurre egiten diodan lehen aldia da. Eta, gainera, benetako historia batetik abiatzen dena. Lizentziak hartzea zailagoa da”. Fideltasuna da moldaketaren asmo nagusia, ezbairik gabe.

Besarkada bat, milaka historia

Arratsaldeko entseguetara joan aurretik elkarrekin bazkaldu dute Sanagustin Kulturguneko jatetxean. Berrogei bat minutu falta dira hirurak izateko. Kanpoan eguzkia eta argia dagoen arren, eraikinaren barruan apala da argitasun hori. Eguerdi beroa da Azpeitiko erdigunean. Eihara, Sambou eta Mikel bata bestearen ondoan eserita daude mahai luze batean. Haien artean adiskidetasun harremana sortu da MiƱanen moldaketari esker. Hirurak oso gazteak dira eta badute denbora izen handien artean sartzen hasteko. Noiz eta nola ezagutu zuten historia hau? Zer iruditu zaie? Ibrahima Balderen familiarekin hitz egiteko aukerarik izan dute? Eiharak amaren papera egiten du “beste paper txikitxo” batzuekin batera. Eskolan irakurri zuen liburua lehen aldiz. “Zirrara handia eragin zidan, sekulako historia baita. Gauza latz asko kontatzen ditu. Eta oso gogorra da pentsatzea hori milaka pertsonek jasaten duten esperientzietako bat dela”, adierazi du.

Sambouk, aldiz, ez zuen liburua ezagutzen, ezta historia ere. Lipus berarekin harremanetan jarri zen, eta proiektuaren berri eman zion. Eta segituan identifikatu zen narrazioarekin. Bere aita Senegaldik irten zen eta Afrikatik Europara “antzeko bidaia” egin zuela esan du. Liburuko basamortuko pasarteek hunkitu zuten bereziki. Artedramak Hondamendia obra Madrilen aurkeztu zuenean Ibrahima Balde ezagutzeko aukera izan zuen. Aktoreak esan duenez, Ibrahima Parlan bizi da, Madrilgo hegoaldean. Enpatia eta gertutasuna nabari daitezke Sambouren diskurtsoan. “Aurrez aurre egon ginen, elkar ezagutu genuen eta bera nolakoa zen ikusi nuen”. Gauza zehatzak galdetzeko gai izan zinen? “Momentu horretan zenbait galdera datozkizu burura baina zaila da. [Nire paperari buruz] sakonago hitz egiteko geratu ginen”.

Mikelen txanda da orain. Obran protagonistaren anaia txikiaren rola betetzen du. Bat dator lankide eta lagunarekin: berari ez zaizkio arrotzak liburuan kontatzen diren gertakizunak. “Nire amak irakurri zuenean eskatu nion liburua. Oso ondo ezagutzen dugu historia eta etxean askotan entzun dugu. Gure familiaren inguruko lagunen historia bera da”, adierazi du. Badago datu deigarri bat: “Afrikatik datozen etorkin gehienak Afrika barnean geratzen dira. Ez dira ia inoiz Europara heltzen, ezin dute aurrera jarraitu. Azkenean zure bizitza eraikitzen duzu zure etxea ez den leku batean, ez aurrera ez atzera”. Sambou: “Hori guztia imajinatzea ez da batere erraza. Bigarren pertsonan entzun dituzun historiak dira. Ez dira zureak. Horien azalean jartzea oso gogorra da. Erabaki hori hartzea, nondik datorren… Iristen da puntu bat non esaten duzun: ‘Hemendik atera behar dute bizitza on bat lortzeko, familiari laguntzeko eta abar. Erabaki hori oso gogorra da. Eta ondorengo bidea ere bai…”.

Hirurak laurden gutxi dira. Sanagustin Kulturgunetik atera dira Eihara, Sambou eta Mikel eta elkarri besarkada bat eman diote. Txantxetan ari dira oain, kantuz eta barrez. Kanpotik ikusita badirudi aspaldiko ezagunak direla eta betidanik maite dutela elkar. Alde Zaharreko kaleak zeharkatu eta segituan iritsiko dira Soreasu antzokira. Dena prest dago arratsaldeko entsegurako. Ander Lipusek ahots ozena du: “Bost gutxitan hasiko gara: zein langileak garen!”.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments