On egin diezazuela

0

Goseak janak
Idurre Eskisabel
Susa, 2018

Ez dakit zuek nola uztartuko zenuten irakurketa konfinamendu-deskonfinamendu prozesuarekin. Nik badut sentsazioa itxialdian, ateak ixteaz gain, norbere barnera ere egin genuela, eta (familia, zaintza, telelana, espazio fisiko zein bizi-espazioaren mugak eta hemen orain aipatuko ez ditugun oztopoak oztopo) izan zela aldi bat irakurtzekoa, idaztekoa, entzutekoa, hausnartzekoa. Geratzekoa, finean. Eta zatika entregatutako eta kasik irabazi beharreko normaltasun berrirako jauzian, berriz, barnetik kanpora egitea tokatzen zaigu; ez bakarrik etxetik, baita gure azaletik ere: dena da atera, bizi, harremanak elikatu, ibili, nekatu… orain egiteko unea dela esan liteke eta nik, behintzat, debekatuta eduki dugun oro burutzeko behar aseezin honetan ez dut irakurtzeko tenplea guztiz berreskuratu.

Baina kontuak kontu, eta hemen liburu bat gomendatzeko hartutako hitza medio, argitaratu berritan irakurri nuen liburu bati heldu diot berriro egun hauetan. Lehendik ere ezaguna genuen Idurre Eskisabelen ahotsa, izan aditu zein iritzi emaile moduan, baina Goseak jana da bere lehen poema liburua, eta horri esker ezagutu dugu bere beste ahots bat: intimoagoa, gertukoagoa.

Liburua eskuetan hartzean inurri talde bat ikusiko dugu azalean, gorri desiragarri baten gainean. Eta ugariak dira inurriak liburuko poemetan ere. Eta sugeak, zomorroak, parasitoak, lumarik gabeko txorikumeak. Natura usteltzen, eta, beraz, ontzen doan agertokia da liburuan: lurra umela da, lohia da, humusa da.

Eta, ildo beretik, prozesu organiko bete-betean ageri zaigu emakume gorputza ere: lurrari lotua, ugaztuntasun gordinean, harrapakari, okel eta haragi, bere usain, likits, izerdi eta jario guztiekin. Desirak dituen gorputza da, umetan, inozentziarekin batera, galdutako gorpuztasuna berreskuratu nahi duena: zimurtzen ari den gorputza da, ildaxka eta begizuloekin, baina atso otzan eta neurritsu bilakatzeari uko egiten diona. Lurrak bezala, egunerokotasunaren automatismoan bere eginkizunak fin betetzen dituen gorputza da; lurrak bezala, sugetzar, zomorro eta amesgaiztoak biltzen dituena bere barnean.

Eta agertoki horretan, gorputz horretatik sortzen du bere ahotsa poetak: soberako eta alferrikako itzulingururik gabe, hitz bakoitza zehatz erabiliz, partikulartasunez eta xehetasunez betetako eszenen bidez eramaten gaitu sentipen unibertsaletara.

Barre egin dut poema batzuekin, gupidagabe astintzen dituelako gainditu nahian elikatzen ditugun kontraesanak. “Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak” sindromea izan dut beste batzuekin. Itolarria sorrarazi dit emakumez emakume guretzato ez den mundu hau transmititu beharraren zamak. Poema bakoitzak indarra du bakarka, baina, gainera, elkar elikatu eta aberasten dute orriz orri, nortasuna eraiki eta deseraikitzeko bidean idazlearen unibertso poetikoan murgilaraziz.

Poesiari heltzeko ditugun aurreiritzi, alferkeria edo beldur txikiak alboratuta, uda honetarako irakurle guztioi gomendatzen dizuedan liburua da Goseak jana. On egin diezaizuela.

Harpidetu
Jakinarazi
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments