Buyan
Martin Etxeberria / Xabier Etxeberria
Ilustratzailea: Aritz Trueba
Autoedizioa, 2019
Hildakoak garraiatzen zituen Karontek bere txalupan, bizidunen ibarretatik Hadeseraino. Mito honek kontzeptzio filosofiko zehatza ezkutatzen du: mugimendua omen dela bizitza eta heriotza, mugitu ezina. Eslaviar mitologian ere aurki daiteke hondarreko trantsizioaren figura: hildakoak Buyan irlara doaz, mareen arabera agertu eta desagertzen dena.
Nenetsian dago kokatuta ‘Buyan’ nobela grafikoa (egungo Errusian), lurraldea bi inbasioren biktima denean: alde batetik mongoliarrak, Gengis Khan zenaren biloba buru, eta bestaldetik, Teutoi zaldunak. Gerra horien erasoetako batean sarraskituko dituzte Maansi protagonistaren emaztea eta herrixka osoa, eta bera txiripaz eskapatuko da. Tragediak lur jota utzita, beste aukera ez du ikusiko: Buyan irla aurkitu eta emaztea hildakoen artetik erreskatatzea, Orfeo bezala.
Odisean, oztopo ugari gainditu beharko ditu, bakarrik bere txakur fidelaren laguntzaz. Bitartean, irakurleok garaiko erresuma errusiarren tira-birak, bizimodua eta pertsonaia historiko nagusiak ezagutzeko aukera izango dugu.
Osagai horiekin ematen du ‘Buyan’ek odol-bainu hutsa izan beharko lukeela, B serieko komiki bat nerabeentzat. Aitzitik, poesia dario kontakizunari, baina erritmo geldoa izan gabe: elezaharretako doinu mistikoz blai, ekintzak jario ikaragarria dauka eta horretan datza, nire uste apalean, ‘Buyan’en bertute nagusia, maisuki konbinatzen dituela trama emozionantea, irudi ikusgarriak eta hausnarketa sustatzen duten zipriztin lirikoak. Funtsean, literatur obra handietan bezala, Buyan ez da soilik bidai batez edo Nenetsiaz ari: heriotzaren inguruko metafora bat da Maansiren bidaia, bere dolua geurea izango da eta bidaiaren amaieran ikasi beharko du hildakoei joaten utzi behar zaiela noizbait, ‘Buyan’en topatuko ditugulakoan.
Aipamen berezia merezi du alderdi estetikoak. Hasteko, dokumentazio lan ikaragarria sumatzen da, nabarmen-nabarmena agertzen diren animalietan, arropetan, armetan, emakumeen orrazkera eta burukoetan, keinuetan. Gainera, kutsu zinematografiko argia daukate irudiek: zoomaren erabilerak, ikuspegiaren aldaketak, plano orokor dotoreek eta kolorearen tratamenduak bat egiten dute hitzen edertasunarekin, bildu egiten dute, poesia bisuala lortzeraino.
Akats bakarra du ‘Buyan’ek: amaiera azkarregia. ‘Cliffhanger’ moduan eta orri gutxitan, irakurlea harrituta geratuko da istorioa ez delako borobiltzen, galdera gehiegi geratzen direlako erantzun gabe. Izan ere, trilogia bat da ‘Buyan’ eta ale hau, ‘Heriotzaren uhartea’ azpititulua duena, aurrenekoa. Beste bi zatiak hitzartuta omen daude eta argitaratu arte itxaron beharko dugu, irrikaz itxaron ere.
Amaitzeko, aipatu beharra dago ‘Buyan’ aldi berean argitaratu zela ingelesez (Insight Comics), frantsesez (Akileos) eta euskaraz (autoedizioa), eta Insight Comics-ek beste hizkuntzen eskubideak gorde dituela. Balentria horrek berak mereziko luke nobela bat berez, atzerriko editore sonatuak liluratuz euskaratik hain salto erraldoiaz -eta bikainaz- munduratzeagatik.
Bai, oso ondo dago,gainera pertsonaia asko gustatzen zait
Oso ondo dago liburua, 10-15 urte arteko umeei gomendatuko nieke.