Gerrak, haurra; haurrak, gerra

0

Zerua gainbehera dator
Lorenza Manzzetti
Itzul.: Fernando Rey eta Xabier Olarra
Igela, 2012

Lorenza Mazzetti idazle italiarrak 1961ean eman zuen argitara ‘Il cielo cade’ eleberria; geurera, euskarara, Fernando Rey eta Xabier Olarrak ekarri zuten 2012an, Igela argitaletxean: ‘Zerua gainbehera dator’ deitu zuten obra itzulia.
Zerua gainbehera etorriko zaionaren ustearekin dabil-eta, hain zuzen, obra honetako haur protagonista: Penny. Osaba-izeben Toscanako etxean bizi da Baby ahizparekin batera, gurasoak hil eta umezurtz gelditu zirenetik gero. Bertan bizi dira, baita, lehengusina biak ere; eta, halaber, inguruan darabiltzate zerbitzariak, alboko lurretako nekazarien seme-alabak, eskolako maistrak, elizako gizonak eta Mussoliniren erregimen faxista osatzen duten beste hainbeste eta hainbeste figura ere bai. Bigarren Mundu Gerrako sasoia da.
Eta Pennyk gerra hori kontatu nahi digu, haurrarena duen ahotsa baliatuz, haurraren ikuspuntutik, hain zuzen; begi horiekin eta berba horiekin esplikatuko dizkigu errua, bekatua edo salbazioa, besteak beste. Faxismoak eta integrismo katolikoak eratzen duten mundu-ikuskera hertsi eta itogarrian posible delako mundua haurraren inozentzia-koordenatuetatik azaltzea.
Horretarako daude jolasa eta antzerkia; horretarako, galderak. Mazzettik trebetasunez erakusten dizkigu erruaren arantzak neskatoaren galbahetik pasata, eta galbahe hori da lan honen balio gorena. Irakurriko dugu haurra bekatuari aurpegiak, formak eta agertokiak jartzen, antzerkiaren eta jolasaren bitartez; irakurriko dugu haurra umorez erantzuten egunerokotasun latz batek ezartzen dizkion egoerei (Federico Fellini zinema-zuzendariak esan omen zuen Lorenzaren lan hau zela gerrari buruz inoiz irakurri zuen obrarik dibertigarrienetako bat); baina, irakurriko dugu, batez ere, haurra mundua kuestionatzen, galderen bitartez.
“Neure baitan galdetzen nuen eguzkia horia ote zen edo niri bakarrik iruditzen ote zitzaidan horia. Osabak, judua zenez, urdina edo berdea ikusiko ote zuen?” Hor galderaren indarra, hor potentziala: jakin-minaren adierazle bizi da galdera, mundua atzitzeko bidea; haurrak zalantzan jartzen duelako dakiena, edo kontatu diotena, edo ikusi duena. Ez dituelako ulertzen doktrinan barkamenari buruz esaten dizkiotenak, inguruan hainbesteko zigorrak ikusita; sinetsita dagoelako erredentzioa aurkitu behar duela, bekatua zer den ulertzen ez badu ere.
Liburuak erritmo biziz, azkar, jostari egiten du aurrera koordenatu horietan, bukaerak ekarriko duenaren pistak utziz bidean. Irakurri ahala, ilundu egiten da atmosfera, berundu, pisutu, lanaren erdialdetik aurrera batez ere, ezinbesteko sumatzen den amaieraraino.
Euskarazko edizio honetan testigantza batek borobiltzen du istorioa; testigantza hori ez zen agertu Mazzettik lehenengoz liburua atera zuenean, 1961ean. Handik hamarkada batzuetara erabaki zuen eskaintza ematea, milurteko berriaren ataritan obra berriz argitaratzea erabaki zutenean. Lehenengo argitaraldia fikzio huts gisa eman zion Mazzettik munduari; bigarren argitaraldian, bere bizitzarekin lotzea erabaki zuen, bere bizipentzat hartu eta hortik kontatzea. Nik haurraren ahotsa entzuten dut —indarrez, eder— bi erabakietan.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments