Literatura lehertzean

0

Galerna
Iratxe Esnaola
Elkar, 2010

Bereziki maitatu izan ditut beti deskontziertoa eragin izan didaten literatur lanak. Kalitatearen inguruko kanonen gainetik -edo batera-, edertasuna edo egiaren gainetik -edo batera-, bereziki preziatu izan ditut barne nahasmendua eragin izan didaten lanak. Akaso aurreiritziak direlako, oharkabean, edonorentzat altxorrik preziatuena; akaso liburuaz espero bezala betetzen den engainuak, artifizioak edo magiak sortzen digulako sarriegi lasaitasuna. Behar duen momentuan behar den bezala lehertzen ez den leloak zeozer lapurtu diguten sentsazioa eragiten ahal du. Zergatik egin du hori? Pausu bat dago ez ulertzetik haserrera. Ordea, ezustea pasata, deskontziertoak norberaren tripak arakatzeko aukera paregabea ematen duela iruditu izan zait beti.

Artikulu hau idazterakoan horrelako sentsazio baten bila abiatu naiz irakurgaien memorian, eta, neurri batean, ni neu ezustean harrapatu nau Iratxe Esnaolaren Galerna-ren akorduak, oraindik konpondu gabeko galdera bat izango balitz bezala. Gogoan dut autobuseko bidaia luze baterako aukeratu nuela, gogoan dut une hartan opor gogoz zen honek akaso ez zuela asimilatzen jakin.  Deskontziertoa da, bai, ideia. Eta, ordutik, deskontzierto hartan altxor bat zain nueneko sentsazioa. Iruzkin honen kariaz bueltatu egin naiz Galernara, beste begi batzuekin arnastu ditut esaldi zehatzak, argi bitxi baten jabe diren giro ospelak, pertsonaien ertz deserosoak, abilki disekzionatuak guztiak: boterea, gordinkeria, ahuldadea, nahasmendua, bizirik egoteak dakarren izua. Zer egiten zait horren erakargarri? Pertsonaien lanketa prototipikoetatik at, pertsonaren haragi-usteak mozorro zaharkituen izerdi usainera ekarri izanak? Literaturaren ederra giza lokatzetan topatu izanak? 

Annette aurretik liluratua ninduen Leos Caraxen hatsa sentitu dut une batez, R.W. Fassbinderren zinemako zenbait eszena, eta, kasu, Ingmar Bergman. Jo dut luze gabe internetera, 2010etik beste lanik plazaratu ez duen egileak utzi zuen arrastoaren bila: zortzi iruzkin kritiken hemerotekan. Bereziki deigarria egin zait Berrian Beñat Sarasolak Bergman ekarri izana gogora liburua kari, baita Thomas Mann, Ramon Saizarbitoria eta Eider Rodriguez. Are deigarriago egin zait, ofizio dudan afizioagatik, honako esaldia: “Izatez, nobela antzerki obra bihurtzeko elementu egoki franko dituela iruditzen zait, eta ez legoke sobera euskal antzerkigintzan dabilen jendeak begiratu bat emango balio testuari.” Ona, irudikatzea bera.

Egungo begietatik hainbat lerrok, berriz, beste leku batetik egin didate oihartzun, “Egin zezan utzi zion neskatoak. Konturatzerako, han ziren ile labur-laburrak nerabearen buruan. Hain zen erakarmen bestelakoa, nerabe-mutiko tankera berria”. Gozatu dut liburuan berriz ere murgiltzean, gozatu dut idazkerarekin, giroekin, tentsioarekin. Bat-batean, behinolako deskontziertoak tripakiak bueltatu dizkit, ondo sukaldaturik. Hori da, besteak beste, liburuen indarra eta bertutea: garaiak garai, galdera eta zirto eraberrituekin itauntzea irakurle berria, edo berritua.

“Hura zen galerna: itsaso zartatua eta zauritua, mila norabidetan galtzen diren olatuak, eta barkuak agertu eta desagertu eta hodeiertza mar-mar erraldoiaren barruan harrapatua. Galerna fenomeno lokala zen, kilometro gutxian hedatzen zena. Posible zen kostako lerroa jarraitu eta hurrengo herria eguzkitan egotea. Nork pentsa zezakeen halakorik; baten erresumin, basakeria eta sufrimendu adierazpenak ez zirela ikusgarriak ondokoentzat ere”.

Eta lehertu da, beste behin ere, galerna.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments