Mantal urdinaren xarma

0

Mantal urdina
Martin Ugalde
Erein, 1984

Has gaitezen atzera begira. Nik gure gertuko kontuak esango dizkizut eta ea zure memoria zertan den. Goazen Bilbo aldera:  Euskalduna ontziolako langileak Deustuko zubian paratu dira eta parean Bilbok duen kolore bereko poliziak lerratuta daude. Torlojua gora, gomazko pilota behera.

Bilbo marroi hartako Ibaizabal bere bidetik irten zen urtebete lehenago hiriko Aste Nagusia bere onenean zegoela eta Bizkaiko zein Gipuzkoako hainbat ibaik eta errekak ere gainezka egin zuten garai berean. Oraindik ere, beharbada usaimenean dantzan daramazu garai hartako lokatz usaina, uholdeen usaina, alegia.

Hiri eta herrietako zinema aretoak ixten hasi ziren garai hartan, Pello Lizarraldek ‘Argiantza’ lanean hain txukun islatu bezala. Gaztetxeen mundua aparretan zebilen eta gazteek fanzine ugari sortu zituzten.

Tira, nahikoa duzu oraingoz. Bihotzean edo sabelean zimikoa egingo zizun beharbada orain arte irakurritakoak eta bai, ez dizut liburu berririk gomendatuko. Patxadatsu, denboran atzera egitea proposatzen dizut gaurko zure egoeratik, zure etxetik eta zure ikuspuntutik mugitu gabe.

1980ko hamarkadara atzera egiteko ariketa da hau. Horretarako, erakusleihoetan 1984an ikusi ahal izan zen liburua dakarkizut: Martin Ugalderen ‘Mantal urdina’. Erein argitaletxeak plazaratutako lanak  lehen begi-kolpean, garaiko estetika ekartzen digu begien aurrera: Antton Olariagak sortutako azal berezi bezain ederra. Bagoaz denboran atzera.

Sei narrazio laburrek osatzen dute ‘Mantal urdina’. Liburua irakurtzeko aukera izan nuenean neuk ere atzera egin nuen jauzi, 1984an letren mundu zoragarria ezagutzen ez nuen arren. Hala ere, istant batean eraman ninduen idazleak garai hartara eta berehala ikusi ahal izan nituen Ugaldek erakutsi nahi izan zizkigun bidegurutzeak.

Izan ere, eztanda moduan hartzen den 1980ko hamarraldiak talka ugari ekarri zituen berarekin, belaunaldien artekoa edo bizitza ikusteko modua, esaterako. Hala ere, kolore biziz irudikatzen dugun hamarkada hark aldaketaren erritmo anitzak ekarri zituen berarekin, dena ez baitzen berehala aldatu.

Hala, Martin Ugaldek dotoreziaz janzten ditu bere idazteko makinan sortu zituen lerroak. Esate baterako, liburuaren izen bereko ipuinak belaunaldien arteko tirabirak erakusten ditu, lotsak bideratutako egoera batean. Lotsa ere abiapuntu da erregetako izpiritu beltxarana ipuinean eta egun arrotz egiten zaigun bizilagun edo barride kontzeptua berreskuratzen digu, garai bateko harremanak memoriaren lehen lerrora ekarriz.

Aspaldiko sekretuak, heriotza ilunak, Argentinara egindako bidaiak… 1980ko hamarkadan oraindik ere giltzapean gordeko ziren kontuak eta oraindik ere arruntak ziren egoerak ekarri nahi dizkizut mesanotxe ingurura eta apenas lortuko duzu bidelagun hoberik Martin Ugalde baino. Berrogei urtez atzera egiteko ariketa da hau: garaiko etxeen estetika, janzkera edo harremanak ekartzen ditu altxor txiki honek internet, mugikor edo Netflix irudikatzen ez genuen urteetara jauzi eginaz.

Kasualitatez Mantal urdina etxeko apalategian badaukazu, trapu batez hautsa kendu eta egin ezazu atzera begirako bidaia hau. Aldiz, liburua ez baduzu sekula ikusi, bigarren eskuko azokaren batean izango duzu besoak zabalik, zain. Bestela, 1980ko hamarkadan bezala, deitu lagunen bati eta galdetu ea baduen; aukera ona izan daiteke aspaldiko lagun harekin berriz ere elkartzeko. Garai bateko edo oraingo kontuez aritzea zuen aukera izango da.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments