Iratultza handiak jende txikiak egiten ditu

0

Han goitik itsasoa ikusten da
Julen Gabiria
Elkar, 2004

Nori ez zaio han goitik itsasoa ikustea gustatzen? Ahaleginaren-ilusioaren-fantasiaren zimiko berezi hori han goitik urrutira begiratu eta urdinaren urdinean olatuak mugitzen direla ikusten duzunean soilik sentitzen da. Lainoaren lurruntasunak inguruari neurri gabeko dimentsio infinitesimala ematen dionean ere, han goitik itsasoa ikustea luze-zabalean inora igeri egitea da. Plazera. Existitzen da momentu bat, hasperen mutilatu baten denbora tartea duena, pozaren eta satisfazioaren azpijokoei adi harrapa gaitzakeena. Han goran. Begiak txiki jarrita. Geure baitara. Pozaldi horretara bizikletan igo gaitezke, Gino Bartaliren atzetik adibidez. Bizikletan ibiltzen ez badakigu, oinez, edo haizeari arraunean, joan gaitezke. Garrasiak harkaitzetan itsatsiz, bestela. Edo ezerezaren gainean eseri eta begiak itxita. Begiak itxita ere, han goitik itsasoa ikusteko aukera izango baitugu. Itsasorik exisititzen ez den tokietan ere. Horietan batez ere.

Baina horretarako bizitzak zer hori behar du. Txikia izanda ere, hozka egiten duen hori. Txikia izanik hozka egiten duen zer hori. Bizitzak iraultza txiki hori behar du, barruko oasietan uholdeak eragingo dituena.

Bizitza jolas bat bada, bizitza jolas krudel bat dela ulertu behar dugu, gerrak pausoak leherrarazten dituenean esaterako. Badirela eguzkirik merezi ez duten egunak, eta, hala ere, eguzkitsu esnatzen direnak. Gerrak nahita eta propio aukeratzen dituenak mina areagotzeko.

Injustiziak, ordea, inoiz ez ditu eguzki guztiak bere egiten, eta hor jolasten asmatzen duenak (jolasten eta ez jokatzen) jaten ditu ogi artean ezkutatuta egon daitezkeen gerezirik goxoenak.

Iraultza handiak jende txikiak egiten ditu; orain eta hemen. Entziklopediek beteta behar lukete Livia bezalako neskez. Bizitza kontatu beharko lukete entziklopediek, meritua horrek baitu: bizitzen asmatzeak. Horretarako, ordea, bizitzen asmatzea zer den definitu beharko genuke ondo. Edo galdetu, erreferendum bidez, zer duten kontatzeko, zer duen jendeak hor barruan, ze isotrio txiki duen kaleko edozeinek kontatzeko.

Jolas bat da Julen Gabiriaren liburua, jolas serio bat, jende txikiaren ahotsa begirada korapilatuetan biltzen asmatzen duena. Ezer esateko aukerarik ez duenari hitza ematen oso ondo asmatzen duen liburua. Lerroartea irribarrez josia du, egia karratuen erpin zorrotzen zirika gozoa irakurlearengan goxatzen du Julenek, errealitatearen gordina plasta-plasta ur parrastaka aurpegiratuz, irakurlea zipriztin suiziden harrapaketan jarriz. Inora ez doazela diruditen elkarrizketak, badoazen eta bihurgune estuetan itzulerako bidea hartzen duten esaldiak eta edertasunari mingaina ateratzen dioten irudiak. Irakurleari begietara begiratzen dio Gabiriak, eta hori oso ederra da, mendiaren gorena irakurketan bertan kokatzea.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments