Literatura lehertzean

0

Munduko Poesia Kaierak
Yannis Ritsos
Itzul.: Joannes Jauregi
Susa, 2018

Poesia zer den galdetuz gero, ez dugu erantzun bakarra topatuko. Safok maitasunaren adierazpide zabal gisa erabili zuen. Hölderlinek esango luke jainkoen isiltasuna dela; Whitmanek, berriz, giza aurrerabideari eta demokraziari eskainitako kantua. Homeroren epika nekez etorriko litzateke bat gaurko lirikaren nondik norakoarekin. Sakratuarekin lotzen dute batzuek poesia; egunerokotasunekin, beste batzuek. Izan daiteke zehatza eta argia, edo hitz-jarioz eta etxafuegoz betea. Soziala edo intimoagoa. Baso batean utzitako ogi puska edo garrasika ari den soineko koloreduna. Eguzkiak leuntasunez jo ditzake mahatsen teklak, edo kimikaz jardun dezakegu ardoaz ari garenean. Badira lehorreko poetak eta itsasokoak, beren baitakoak eta bidaiariak. Maletarekin doazenak edo ekipajez arin.

Zer den zehazki esaterik ez dugun arren, sentikortasunarekin eta edertasunarekin lotzen dugu poesia. Are gehiago, sormenaren gainerako diziplinetan (zineman, argazkigintzan, margolaritzan…) une gorena definitzeko erabiltzen dugu poesia. Zerbait poetikoa dela esaten dugunean, gailurrera heldu dela adierazi nahi dugu. Luze jarraituko du eztabaidak, eta aldatuko dira ikuspegiak eta formak, sentsibilitateak eta bertsoen kadentziak, hilko da poesia eta berpiztuko behin eta berriz, hil nahiko dute poetek nabaritasun bila baino ez, baina lirikak bere bidea egingo du urak bezala, zulatuko du harkaitza eta higatuko du haizea, diluituko da eta izoztuko, eta izotz-ondorenean urtuko eta hegan joango, hego bakarrarekin bada ere. Aldakorra baita poesia, baina beti buru-bihotzera eta kontzientziara hitz egingo digu zuzen. Eta hori da aldatuko ez den bakarra. Muina.

Muinera heltzen den poeta itsastar bat aukeratu dut gomendio honetarako. Ezin bestela izan Grezian jaioa izaki. Munduko Poesia Kaierek bere aleetako bat eskaini zioten 2018an (Joannes Jauregiren itzulpen ederrean). 1909an Monemvasian jaiotako Yannis Ritsos-ez ari naiz. Bizitzaren gorabeherek zaildutako poeta, gertu-gertutik ezagutu zituen Metaxas jeneralaren estatu kolpea, II. Mundu Gerra, Koronelen diktadura… Esetsia izan zen bere obra, kartzela ere ezagutu zuen, etxe barruko atxiloketak… Zentsura ekidin nahian, poesia kriptikoago batera jo zuen hasieran, eta poesia argiago batera ondoren. Mitologiaren ondarea eta modernitatea eta surrealismoa uztartu zituen, eta Mikis Theodorakisen musikak eman zituen ezagutzera bere poemetako asko. Greziarren oroimenean luzaroan geratuko dira Romiosine, Epitafioa edo Udaberriko sinfonia. Euriaren orduan poeman honela dio: “Kometa zahar urratuak lokarrietatik zintzilik daude/ zuhaitz biluzietan, eta telegrafoaren kordek/ kirrinka egiten dute haizean. Bat-batean/ euria indartsu erori da, eta fruitu saltzaile gazteak/ aterki beltz handi bat ireki du fruta-gurdiaren gainean/ laranjak babesteko. Lehia hori,/ laranja urrekaren eta aterki beltzaren artekoa,/ euriaren zaratari gehitu zaio, eta aberatsagoa da/ munduaren edertasun ilun eta esplikaezina”.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments