Arrain txikiaren bidaia handia

0

Igeritz
Leo Lionni
Itzul.: Koldo Izagirre
Pamiela-Kalandraka, 2020

Album ilustratu guztien artean liburu gomendio baten egitea ariketa zaila egiten zait. Albumen artean anitz eta anitz baitira, biziki maite ditudanak, ukitzen nautenak, markatzen nautenak.

Gainera, zoin bizi unetan liburuarekin topo egin duzun horrek garrantzia dauka, baita zoin modutan erabiltzen duzun ere (irakurketa isilean zeure etxean edo publiko baten aurrean…)…. azkenean hainbat irizpide daude hautaketa fina egiteko.

Horiek guztiak kontutan harturik, ‘Igeritz’, Leo Lionniren album ilustratua aipatuko dut, preseski hainbat egoera ezberdinetan bidaia ikaragarria biziarazi baitit.

Leo Lionni biziki maite dudan idazle-ilustratzailea da, aitzindaria. Italiarra jatorriz, bere lehen album ilustratuak, ‘Urdin Txiki eta Hori Txiki’ delakoak, eskandalua sortu zuen 1959. urtean; garaian, pintura edo margo tatxekin umeei hitz egitera ausartu baitzen (gaur egun haur literaturaren oinarri bilakatu den albuma da!). 1964. urtean argitaratu zuen, eta 1967. urtean Bratislava saria jaso zuen

Igeritz arrain ttiki bat da, berezia senide guztien artean, itsasoan gaindi bidaia bakarti luzea egingo duena …. eta azkenean, liburu honetan, batasunaren indarra baloratzen da: nahiz eta ttikia izan, denon artean handia baino handiago eta indartsuago bilakatzen gara! Ilustrazioak ere xoragarriak dira: margolaritzan, txantiloiez osatuak. 

Hainbat egoera arras ezberdinetan baliatu dut album ilustratu hori: irakurketa musikatuetan, non ipuina kondatzen dudan ilustrazioak erakutsiz eta musikariak zuzenean musika jotzen duen bitartean, edota arte tailerretan ere bai, umeekin.

Andereño nintzen garaian album ilustratu hau irakurri genuen ikasgelan, denon artean (ikasleek 8 urte zituztenean). Behin irakurketa amaituta, Leo Lionni gisa, ikasleek beraien albuma sortu zuten: bai idatzian, baita ilustrazioan ere.

Ikasgelan, mustukak (edo  “esponjak”) forma ezberdinetan moztu genituen, pintura platerak prestatu, eta ikasle bakoitzak bere liburuaren orrialde handiak margotu zituen, Leo Lionnik bezala.

Behin margoketak amaituta, eskuz, aurretik asmatu eta landutako testua idatzi zuten, eta liburu bakoitza plastifkatu genuen. Proiektua amaituta, ikasle bakoitzak berak sortutako album ilustratua zeukan eskutan.

Biziki proiektu ederra izan zen, eta gaur egun ikasleak gurutzatzen ditudanean, oraino horretaz oroitzen dira.

Nire beste oroitzapen nabarmena ‘Igeritz’ekin Libanokoa izan zen, siriar mugan egindako irakurketa batena.

Siriar errefuxiatuen kanpamentu batean sartu ginen, ehun bat jende (haur, emakume, gizon, zahar, gazte…) hurbildu zen, lurrean bertan eseri, eta Paxkal eta biok, ‘Igeritz’, xirula eta tanbor bat eskutan, kondatzen hasi ginen: ni kondaketan (Leilak arabiarrez bat-bateko itzulpena eginez), eta Paxkal musikan.

Beti gogoan daukat une hunen indarra: polliki-emeki, isiltasuna sartu zen, arreta handia sortu zen, begi guztiak liburuari so, tente, segidaren beha…

Hain ezberdinak ginen (haiek arabiar kulturakoak, errefuxiatuak eta gu euskaldunak, libreak), eta ber-mementuan, hain berdinak geunden: poesia eta irudimen bidaia amankomunean geunden denok, emozioak elgar sendituz eta partekatuz.

Ageri eta sendi zen guztion artean bat osatzen genuela, gizaki multzo bat, hain berdina, emozioak bertan bizitzen ari, arteari esker.

Horregatik ‘Igeritz’ beti nirekin daramat eskuin ezker, eta betirako nire album oinarrietako bat izango da. Horregatik ere proposatzen dizuet ‘Igeritz’ deskubritzea, bere bidaian sartzea…. eta agian, baita zuen ‘Igeritz’ sortzea ere!

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments