Hitzen gailurra

1

Itzuliz usu begiak
Anjel Lertxundi
Alberdania, 2019

“Irakurle asko, tartean irakasle asko, itzulpenen kontrako iritzi zaharkituz beteta daude” (Maria Garikano). Nago “iritzi zaharkitu” horietakoren bat badaukagu, Anjel Lertxundiren ‘Itzuliz usu begiak’ irakurtzeak azpikoz gora jarriko dizkigula iritzi horiek. Itzulpenaren berebiziko garrantziaz kontzientzia hartzen lagunduko baitigu, eta baita lortua den kalitate maila onaz ere. Autokonplazentzian erortzeko arriskurik batere gabe, egindako lan handiaren aitortza ere bada, nolabait, liburua.

“Ez dut neuk nahi dudana esaten […] Neure hiztegi urriaren biktima naiz” (Max Frischen pertsonaia baten ahotan).

Eta itzulpenak helburu hizkuntza aberasten du. Hiztegia hornitu. Euskaraz imajinatu eta esan ez direnak euskarara ekarri. Hizkuntzari mugak zabaltzen dizkio. Euskara eraikitzen du.

Lertxundik azaltzen digu Pio Barojak edo Unamunok euskara gaitzetsi zutela. Ez zuten ikusten euskarak balio zezakeenik bizitza modernora egokitzeko. Norbera bizi den garaiko ezagutzak eta errealitateak baldintzatzen du. Eta, gaur, urtetan zehar askok egindako lan eskergagatik, bi idazle horien lanak ere euskaraz irakur ditzakegu, haien iritziari jarraituta sekula gertatu ezin izango zena. Horra, paradoxa.

Ikastolako lehen belaunaldietakoa naiz. Hasierako belaunaldi haiei trantsizio hizkuntza batean heztea suertatu zitzaigun, nolabait esatearren. “Dena” asmatzeko zeukan hizkuntza bat, Barojak eta Unamunok ikusi ez zioten gaitasuna apurka-apurka garatzen ari zen. Uste dut hainbatek ordutik hona egindako bide itzelaren kontzientziarik ez duela. Horiei zalantzarik gabe gomendatuko nieke liburua. Irakurketa gozagarria, eta anekdota eta bitxikeria franko ditu, gainera, lagunartean edo etxekoei afaritan kontatzeko.

Baina, halaber, literaturaren esentziaz, berezko balioaz irakurketa gogo-pizgarri bat izan nahi duen edonori ere gomendatuko nioke.

Walter Benjamini hartzen dio honako ideia: “Literatura lan batean dagoena (…) ez al da orohar ulertezintzat, sekretutzat, ‘poetikotzat’ hartzen den mezua? (…) Orduan, itzultzaileak literatura eginez soilik adieraz dezake zerbait?”. “Chapeau!” dio Lertxundik “bete-betean asmatzeagatik auziaren funtsa. Itzulpen literario ona eta sorkuntza elkarrekin baitira”.

Literaturak mundua ulertzeko tresnak ematen dizkigu, eta esaldi horrek zer esan nahi duen oso ondo ez dakigu, misterio eta sekretu eta ulertzeko zaila den horretan baitago, hain zuzen, “ulermen” gaitasun hori.

Gaurko joerek, itzulpen automatikoek eta komunikazioen digitalizazioak, hizkuntzen uniformitatera eta esanahien hutsaltasunera garamatzatela pentsarazi dit Lertxundik.

Eta euskaldunok hizkuntzan (hizkuntzatan) bizi garen kontzientzia handiagoa dugula (Norman Manearen aipua erabiliaz), beharbada, hizkuntza hegemonikoetan instalatuta bizi direnek baino. Handik hona eta hemendik hara itzuliz usu begiak bizi baikara. Eta horregatik, beharbada, hizkuntzen berezko balioaz, magia poetikoaz, konplexutasunaz gogoeta egiteko gaitasun edo joera handiagoa dugula.

Poesia, hitzaren gailurra bada (Lertxundi), eta berez izatez itzulezina (Roman Jacobson), eta poesia bada itzulpenean galtzen den horixe (Robert Frost), erne!, automatismoek eta digitalizazioek, haiek bakarrik ez baitigute “hitzaren gailurrik” ekarriko. Are gutxiago burokraziek.

Hitzen gailurretara iristeko bide malkar bezain oparoa, Lertxundirena bezalako testuak idaztea baita.

Subscribe
Notify of
guest
1 Iruzkin
Newest
Oldest Most Voted
Inline Feedbacks
View all comments
Martin Lizeaga

“Gaurko joerek, itzulpen automatikoek eta komunikazioen digitalizazioak, hizkuntzen uniformitatera eta esanahien hutsaltasunera garamatzatela pentsarazi dit Lertxundik”
Erabat ados Maite.