Dikeak

0

Dikeak
Irene Solà
Itzul.: Joxan Elosegi
Alberdania, 2022

Aitak ekarri zidan behi zuri baten erretratua azalean zuen liburua: Dikeak. Bizkarrean bibliotekako pegatina gorria itsatsita, eta lehenengo orriko plastikotxo batean irakurtzeko urgentzia markatzen duen itzultzeko epeen papera. Hori, eta norberarenak ez diren liburuek sortzen duten posesio-nahi unibertsala, eta sekula berriro irekia izango ez bada ere, objektu gisa apaletan gordeta izateko behar deabruzkoa.

Liburuekin trafikatzea maite duen lagun min batek hilabete batzuk lehenago idazle beraren azken liburua eman zidan: Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak. Eskua luzatu zidan “gure adineko tipa katalana batena da eta arrakasta handia izaten ari da, uste dut gustatuko zaizula”. Lehenengo orriak irakurri nituen, eta bum: hodeiak ziren hitz egiten zutenak. Bustiko zituzten larreez mintzo ziren, urak non isuri, tximistak noren gainera bota… Bata edo besteagatik irakurtzeari utzi nion, baina irudia iltzatuta geratu zitzaidan eta idazleari buruz gehiago jakin nahi nuen. Aitzakia baten beharrean, Dikeak hautatu nuen Getxoko irakurle-taldearekin lantzeko Aste Santu osteko saioan, eta Portugaleko landa-paisaietan zehar irakurri nuen.

Irene Solà 1990ean jaio zen Katalunian, Malla izeneko herri txiki batean. Arte Ederretan lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitatean, eta Literatura, Zinema eta Ikus-entzunezko Kultura Masterra egin zuen Sussex Unibertsitatean. Karrera ikasten ari zela, Amadeu Oller Saria irabazi zuen Bestia (Galerada, 2012) poema liburuarekin. Els Dics (L’altra Editorial, 2017) izan zen argitaratu zuen lehen eleberria, hau ere saritua: Documenta Sariarekin. Baina Canto jo i la muntanya balla (Anagrama, 2019) lanagatik da ezaguna Solà. Izan ere, Europar Batasuneko Literatura Saria jaso zuen eleberriak. Eta azkena: Et vaig donar ulls i vas mirar les tenebres (Anagrama, 2023). Orain arte idatzitako liburuak ez dira asko, baina ez dira oharkabean pasatu.

Dikeak uren indarrari eusteko sortutako egiturak dira, egilearen beraren ipuin bati egiten diote erreferentzia, amaitu ez zen bati, bizitzak batzuetan dike horiek gainditzen omen baititu eta urez betetzen. Idaztea bezalakoxea da. Eta horretan datza, hein batean, liburu honen idazkera: uren aurkako lehia, eta gainezka egin ez dezaten bilatzen den oreka etengabea.

Ada da protagonista, bere herriari eta familiari buruzko ipuin-liburu bat idazten ari den pertsonaia, tarteka egilearen alter-egoa dirudiena. Londresetik bueltan lekuarekin ez ezik, familiakoekin, bizitza osoko lagunekin eta iraganeko maitasun batekin ere topo egiten du, Vinçent Ballador semearekin. Itzulera hori da kontatzen dena, eta urek gainezka egin gabe atzean utzitako horrekin berriro elkartzea zer den. Herriko kontakizunak Adaren ipuinekin tartekatzen dira, eta dialektika horretan eraikitzen da eleberria.

Lehenengo orriak deseroso samarrak izan daitezke irakurlearentzat. Mundu berri batean seinalerik eta abisurik gabe sartzen den nobatoa bezala sentitzeko arriskua dago, aberez eta landa-inguruko jende ezezagunez gainezka dagoen Kataluniako herri txiki batera sarraraziko du edozein urbanita. Baina hasierako noraezari eutsi behar zaio. Ur arrotzetan pazientzia izan, Ada eta bere familia ezagutu, eta apurka-apurka inoiz zapaldu gabeko parajeetatik ibiltzen hasi, behien eta ardien artean, traktoreen gainean, etxaldeetako dantzaldietan. Kritikari batzuek mosaiko bezala deskribatu dute, nik paisaia bat dela esango nuke: astiro haztatzen goazen lurralde bat. Herri txikiek ohi duten hermetismoan zulotxo bat egiten zaigu, bertoko bizitza hurbiletik, gordin eta eder ezagut dezagun.

Portugaleko landa-inguruak irakurketarako prestatuta baleude bezala sentitu nituen, neurrira eginiko eszenografia bat nola. Begiak dir-dir, barre-algara eta negar-erauntsiren bat ere atera zizkidan. Bueltan aitari liburua itzultzea kostatu zitzaidan, nire liburuen artean gorde nahi nituen abere horiek guztiak, Ada eta familia, herrixka hura.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments