Errautsera arteko sugarra
Imanol Zurutuza
Elkar, 2002
Esan gabe neukana
Agurtzane Juanena
Elkar, 2003
Lurtarra da begiratua
Xabier Etxabe
Elkar, 2004
Proposamen edo asmakizun bat, jendeak onartzeko garaia baino lehen iristen denean, arrisku handia izaten du baztertua izateko. Giza arlo guztietarako balio duen axioma horrek badu, literaturan, eranskin bat: joera bat adierazten duten liburuak, joera hori izendatu baino lehen jaiotzen direnean, arrisku handia dute oharkabean pasatzeko.
Horixe gertatu zitzaien, nire ustetan, honako hiru liburuei: Imanol Zurutuza itzultzaile lezoar gasteiztartuak Errautsera arteko sugarra publikatu zuen 2002an, bere emaztearen gaixoaldi eta heriotzaren kontakizun sentitu, fin, estilizatua, erreferentzia kulturalez betea eta hizkuntza dotore eta joriz adierazia. Agurtzane Juanena legazpiar donostiartuak Esan gabe neukana atera zuen 2003an, 25 urte baino gehiagoan kolkoan gorderik eduki ondotik, eta bertan azaldu 18 urte zituela, Franco hil aurretxoan, atxilotu zutenean komisarian jasandakoak eta haien ondorena, sentimentalismotik ihes egiten duen aitorpen zintzo eta zirraragarrian. Xabier Etxabe zarauztarrak Lurtarra da begiratua argitaratu zuen 2004an, bere aitona soinu-jotzailearen bizitzan zentratutako narrazio antzekoa, generoak nahastuz irakurlearekin jolas egiten duen proposamen original eta desberdina, dibertigarri bezain liluragarria.
Hirurak dira fikzioak, artefaktu literario guztiz landuak, eta hirurak abiatzen dira norbere bizitzaren kontakizunetik, autobiografia hutsa gaindituz bizikizun kolektiboan barneratzeko eta esperientzia estetiko bat eskaintzeko. Azalpen hau irakurrita, askori bururatuko zaio etiketa ezagun bat: “autofikzioa”. Alabaina, orain dela hogei urte, liburu horiek plazaratu zirenean, termino hori ez zen artean erabiltzen gure artean, Wikipedian ikusi dudan arren 1977an asmatu zuela Serge Doubrovsky idazle frantziarrak.
Aipagai ditudan liburuak kaleratu eta handik urte gutxira, nonahi entzungo zen delako hitza, baita horren inguruko eztabaidak ere, alde zein kontra. Ez naiz hor sartuko, ez zaizkit literatur teoriaren inguruko polemikak interesatze; bai ordea azpimarratzea moden korronteetatik kanpo (edo haien aurretik edo ondotik) ibiltzeagatik, hainbat liburu on geratzen direla irakurlearengana iritsi ezinik, eta horrek bi motatako galtzaileak sortzen ditu.
Batetik, idazleak galtzen du, bistan denez; dena dela, gure kasuan liburuok hain barru-barrutik idatziak direnez, hainbesteko biluzte eta hustuketa dakartenez, bere garaian pentsatu nuen oso litekeena zela idazle horiek hortik aurrera besterik ez idaztea, ez behintzat molde horretan, eta badirudi halaxe gertatzen ari dela.
Bestetik, baina, irakurleak ere galdu egiten du liburu eder, hunkigarri, pertsonal eta xarmagarri zenbait ezagutzeko aukera, direnik ere ez baitu jakingo. Horra bada nire gomendioa aldizkari honen irakurle horri, herriko liburutegi edo liburu-dendan eska dezazun hiru nobela hauetakoren bat. Ea zer iruditzen zaizun.