Haragizko amoreak
Omar Nabarro
Susa, 2010
“Ez da sekula errenditzen. Esaldi bakoitzean saiatzen da”. Bilatu arren aurkitu ez dudan txio batean halaxe mintzo zen Lander Garro idazlea Edorta Jimenezen literaturari buruz. Ezinhobeak iruditzen zaizkit hitzak, artista handiekin gertatu ohi den legez, Jimenezen liburu guztiak baitira “zerbait” baina, tarteka, sortzen du “beste maila batean” dagoen lan bat, eta obra gutxik lortzen duten maila horretan dago mundakarraren azkeneko poema liburua: Haragizko amoreak.
Omar Nabarro ezizenarekin poeta gisa sartu zen Jimenez euskal literaturan Itxastxorien bindikapena (Susa, 1985) ahaltsuarekin, baina hogei urte zeramatzan poesiarik argitaratu gabe Haragizko amoreak kaleratu zuenean. Zergatik? 1991an Egunkaria poesia idazteaz hauxe zioen: “Poesia egitea da emozio bat hartu, azalera ekarri eta era kontrolatuan idatzi, euspena galdu barik. Hori peligrosoa da, buzoak egiten duena bezalakoa (…). Poesia sentimenduz egiten bada, jeiste hori da, eta deskonpresioa behar da. Nire kasuan behintzat peligrosoa da”. Hau da, James Joycek eskatu bezala idazten du Jimenezek poesia, peligrosoki.
Argitaratu zenean, ni baino askoz poesia kritiko hobea den Igor Estankonak kategorikoki hitz egin zuen: “Harriturik nago oraindik liburu honen bitalismo, erotismo, jakituria, sakontasun eta dotoreziarekin. Eta jarrai nezake tasunak jartzen, baina liburu honek azken aldiko poesiari egingo dion ekarpena deskribatzeko motz geldituko nintzateke”. Poemategi hau deskribatzeko ezin hobeto hautatuak daude bitalismo, erotismo, jakituria, sakontasun eta dotorezia hitzak.
Omar Nabarroren obra poetikoaren tematika guztia dago liburuan (niretzat, “Je t’aime no pasarán / wonderbra” aldarrian barnebilduta dagoena) eta 25 urtetan idatzitako poesia horren eszenatokietatik eskutik garamatza: haurtzaroko oroitzapenetatik, “Titaniozko sagarra” ataleko bilbo hiperrealista bezain sobrenaturaletik (beharbada, Arestiz geroztik inork ez dio hiriari hain eder kantatu) eta, batez ere, poemategi guztia zeharkatzen duten haragizko paisaietatik, izan ere, poetarentzat “Dena da haragia / baita / haragia bera ere”.
Aurretik egondako Omar Nabarro guztiak konteniturik daude haragizko amore hauetan. Poeta heldutasunera heldu da eta harrigarria da zelako dotoreziarekin jartzen duen bere tresna –hizkuntza– poesiaren zerbitzura: elipsiek, errimek, hotskidetasunek… bertso benetan gogoangarriak eraikitzen dituzte. Baina perfekzio formal hori baino askoz harrigarriagoa da heldutasunera ailegatu den artistaren gaztetasuna: “bere bizitzako udazkenean inoiz bukatzen ez den udaberriari buruz hitz egingo dizut”, berriro hobeezin Estankona.
Horregatik guztiagatik, Haragizko amoreak Edorta Jimenezen poema libururik onena izateaz gain, XXI. mendearen lehen laurden honek eman dizkigun hamar poesia liburu onenen artean dagoela uste dut. Urteek mesede besterik ez diote egin eta ez diote mesede baino egingo, poetaren heldutasunean, gazte jaio baitziren poemok.