Bertute txikiak
Natalia Ginzburg
Itzul.: Irene Hurtado de Saratxo Mendieta
Alberdania, 2021
Bertutea erdian dagoela baieztatu zuen Aristotelesek Nikomakori zuzendutako Etikan. Alegia, greziar filosofoaren ustetan, gehiegikeriak eta gabeziak hondatzen dute bertutea eta, aldiz, muturretatik urrun, batezbestekoak mantentzen omen du. Ginzburgek, berriz, seme-alabei bertute handiak erakutsi behar zaizkiela uste zuen, askotan kontrara jokatu arren: “Ez aurreztea, ezpada eskuzabaltasuna eta diruarekiko axolagabetasuna”, Irene Hurtado de Saratxo Mendietak ederki euskaratutako hitzetan.
Atlantikotik harantz bizi den lagun baten bitartez heldu zitzaidan Ginzburgen Bertute txikiak liburuaren gomendioa. Gomendioa ez ezik, aholku bat ere eman zidan: bere kutunenetik hastea, ‘Lagun baten erretratua’ kontakizunetik, hain justu ere. Hortaz, men egin, eta lehenengo zatiko hirugarrena irakurtzeari ekin nion. Berehala harrapatu ninduen narrazio autobiografikoak. Ez dakit zerk liluratu ninduen gehiago: lehenengo pertsonan idatzitako prosaren gertutasunaren indarrak ala egilea deskribatzen ari zen lagun hura bizitza lanbide zuen Cesare Pavesse poeta italiarraz ari zela ondorioztatzeak, ez baitu idazle puntalakurloaren izenik aipatzen kontaketa osoan. Narrazio horri esker osa dezaket hiri ez-poetikoaz poesia egiten zuen poetaren aurretiazko ezagutza.
Jarraian, liburuko hurrenkeran irakurri nituen gainerakoak: lehenengo ataleko kontakizun autobiografikoak lehenik, eta bigarreneko saiakera literarioak gero. Zapatak urratuta bizitzerik bazegoela zekien italiar eamkumeak bere bizitokietan eta bizipenetan barrena eramaten du irakurlea, haren hiru haurretako bat izango bailitzan, eskutik helduta.
Erraz irakurtzen diren narrazio labur bezain sakonak hari berberarekin daude josita: sentiberatasunaren hariarekin; gizatasunaren orratzarekin. Idazlea eta ama den emakumearen kezkek eta gogoetek ehuntzen dute liburu ia osoa.
Idazleak bere bizitzan kuxkuxean ibiltzen uzten digu umiltasunez, irakurlea bertan aurkituko duenak harrituko ez duelakoan. Ildo horretan nabarmenduko nuke ‘Bera eta ni’ izeneko kontaketa: bigarren senarraren eta bere arteko desberdintasunen ingurukoa. Elkarbizitzaren urraduren artean, gauza bakarra maite eta ulertzen duela baieztatzen du Ginzburgek: poesia.
Idazteko lanbideari buruzkoa dira, haatik, irakurtzerakoan gehien gozatu ditudanak. ‘Nire lanbidea’ izenekoan, esaterako, adierazgarria da Ginzburgen aitorpena: gizon baten gisara idaztearen irrika kartsua. Ez zuen inolaz ere nahi berak idazten zituen kontuetatik emakumea zela atera ahal izatea.
Azpimarra ugariz, giltzaz eta geziz josi dut liburua, esaldiak eta paragrafoak berrirakurtzeko itxaropenari irmo eusten dion irakurle maniatikoak nola. Halere, oso-osorik azpimarratuko nuke liburuaren izenburu bereko narrazioa, liburuko azkena. Bertan, egileak argi zuten du bertuteak baduela tamainarik. Edo, gutxienez, garrantzirik. Mezu boteretsua duen adierazpen labur batekin hasi ondoren, heziketaren sekretuaz dihardu, zorrotz eta zuzen, eta diruaren zikinkeriaz, are bokazioaren espazioaz ere.
Limako lagunak, bada, bete-betean asmatu zuen Bertute txikiak bihotzean geldituko zitzaidala jakinarazi zidanean.