Bizitza baino ez

0

Winesburg, Ohio
Sherwood Anderson
Itzul.: Joannes Jauregi
Erein-Igela, 2022

2022ko uztako irakurgairik gozagarrienetako bat, nire iritzirako.

Sherwood Anderson kazetari eta idazlea AEBko Ohioko herri txiki batean jaio zen, eta berak gaztetan ezagututako gizartea eta gizarte horretako hainbat pertsonaia jasotzen ditu aurrenekoz 1919an argitaratu zen liburu honetan. “Liburu” diot, nahita, ez baita erraza esten nobela bat ala istorio-bilduma bat den. Izan ere, hogeita bi istorio independente dira, baina pertsonaien bidez lotuak (pertsonaia batzuk behin eta berriz agertzen dira istorioetan, protagonista gisa edo bigarren planoan). Pertsonaia nagusia George Willard kazetaria da, liburuko izaki komunikatzailea nolabait esatearren, herriko gainerako biztanleek hari kontatzen baitizkiote beren nahi eta ezinak.

Andersonek paisaia deprimitu bat erakusten du liburuan, berak ondo ezagutu zuen giro eta paisaia bat, non pertsonaiak batera eta bestera dabiltzan herrian, noraezean gehienetan. Kontuan izan behar da Anderson AEBko garai-aldaketa bete-betean bizi izan zela. Bera gazte zelarik, artisau-lan tradizionaletik makinen bizitza modernorako garaira ari zen aldatzen AEBko gizartea eta, besteak beste, trantsizio horren argi-ilunak bizi dituzte liburu honetako pertsonaiek.

Anderson, gero, hogeitaka urterekin, Chicagora joan zen bizitzera, herri txiki batetik hiri handi batera, eta Chicagoko zirkulu literarioko (“Chicago Renaissance” izenaz ezaguna) kide izan zen, Edgar Lee Masters poetarekin batera, besteak beste, zeinaren Spoon River antologia ere euskaraz irakurtzeko aukera baitugu (Balea Zuria, 2023; itzultzailea: Alain López de Lacalle).

Istorio xume (ustez) garrantzirik gabeak dira Winesburg, Ohion jasotakoak, baina bonba baten indarra dute maiz. Hona, esaterako, ‘Bakardadea’ istorioko pasarte hau:
Eta Enoch pozik bizi zen. Gelan sartu eta atea ixten zuen. Inportantzia-aire absurdo batekin hitz egiten zuen, ozen, argibideak emanez, bizitza komentatuz. Pozik bizi zen, eta konformatzen zen iragarkietatik ateratzen zuen bizibidearekin, harik eta beste zerbait gertatu zen arte. Zerbait gertatu baitzen, noski. Horregatik joan zen Winesburgera bueltan, eta horregatik dakigu haren berri. Emakume bat gertatu zen. 

Pertsonaien eguneroko bizitza ageri da istorioetan, baina ez dago ipuinek maiz izaten duten bukaerako efekturik. Akzio askorik ere ez dago istoriootan; ez da “ezer” gertatzen, bizitza baino ez. Ez gehiago, ez gutxiago.

Zer esan, bestalde, itzulpenaz. Lan benetan ederra egin du Joannes Jauregik. Eta ez zuen egiteko erraza, zaila baita tonu ustez homogeneo apala duten istorioetarako tonu egokia aurkitzea itzulpenean, ahozkotasuna ahaztu gabe, horrek ere pisu nabarmena baitu liburu honetako pertsonaien hizkeran. Erregistro xume eta artifizio estilistikorik gabea jasotzen asmatu du Jauregik, hizkuntzaren erabilera aberatsari uko egin gabe. Nabarmentzekoa da nolako naturaltasunez erabili dituen maileguak pertsonaien ahotan, itxura are egiazkoagoa emanez pertsonaien hizkuntzari.

Hasi bezala amaituko dut gomendio hau: 2022ko uztako irakurgairik gozagarrienetako bat, ezbairik gabe. Gozatu.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments