Periferiako historia bat

0

Kale gorriko umeak
Pier Paolo Pasolini
Itzul.: Fernando Rey
Igela, 2022

Pier Paolo Pasolinik (Bolonia, 1922 – Ostia, 1975) badu poema bat ‘Erromako azpiproletarioen aberastasun-nahia’ izenekoa, zeinak bikain sintetizatzen duen Ragazzi di vita (1955) nobelaren muina. Honela hasten da poema hori (itzulp., Irene Hurtado de Saratxo; MPK, Susa, 2023):
Beha nago gizon hauei: nirea
ez bezalako bizitza batean heziak,
hain bestelakoa den historia baten emaitza,
eta berriz elkartuta, anaituta ia, hemen,
Erromaren azken forma historikoan.

Erromaren azken forma historikoan, periferiako auzoetan gaude, II. Mundu Gerraren ondoren: orubeak, hondakinak, lohia, bero sapa. Eta, espazio horretan, Pasolinik ia anaituta begiratzen dituen gorputzak; dena pasatzen baita gorputze(ta)tik nobela honetan: kale gorriko umeak, azpiproletarioak.

Eskuinari lizunkeria eta bekatuen mordoilo bat iruditu zitzaion nobela: familia desegituratuak ageri dira, alkoholismoa, kartzela, indarkeria… Gehiegizkoa zen hura; eta, gainera, mutil koskorren prostituzio homosexuala. Ezkerrari ere, bereziki Alderdi Komunistari, ez zitzaion liburua gustatu, zeren nobelan klase bat erretratatzen da, maisuki gainera, baina protagonistek ez dute diskurtso iraultzailerik, ezta kontzientzia politikorik ere. Are gehiago, gazteon artean apenas sumatzen da ongiaren eta gaizkiaren arteko muga moralaren aztarrenik: “Pietralatan, beren hezkuntza zela-eta, ez zegoen inor biziei errukia zienik; kontuak atera, beraz, nolako errukia zieten hildakoei”. Carlo Bo kritikariak, Pasolini akusazioetatik defendatzeko, haren begirada aipatu zuen: bere ziontzotasuna eta mutikoekiko erakusten duen errukia. Hain zuzen, miseriaren eta hankazgoratutako moralaren erdian altxatzen den maitasun kantu bat ere bada nobela.

Begiradak, baina, ez du kasu honetan historia aldatzen. Riccetto, Piattoletta, Alduccio, Marcello eta gainerakoentzat, bizirautea da lege, eta, ahal bada, aberastea. Zoritxarrez, idatzia dago haien patu tristea. Nobelaren hasiera samarrean, Riccetto gai da ibaira erori den enara bat salbatzeko; amaieran, ur uher berberetan itotzen da Genesio, inork ezer egin gabe. Eta ez da hiltzen ikusten dugun mutiko bakarra.

Nobela luzea da Kale gorriko umeak, eta kutsu zinematografikoa dauka: travelling etengabe bat bailitzan idatzia dago, 3. pertsonan, eta narratzaileak pertsonaiaz pertsonaia mugitzen du fokua, epairik egin gabe. Eta mugimendu horretan, espazioarekin eta protagonistekin batera, garrantzi handia du hizkuntzak. Izan ere, kale gorriko mutiko horien komunikazioa, irain eta zirto, txantxa eta jolas, bizitzaz gainezka dago. Kaleko bizitasun hori birsortzen du Fernando Reyren itzulpenak, ez joritasunez soilik, baizik eta sinesgarritasunez.

Erromako bazter-auzoetan, historiaren lokaztietan, ia anaituta begiratzen zien Pasolinik ragazzi di vita haiei. Baina ez zen Pasolini Riccettok salbatutako enara: zurrunbilo hartan hil zuten, 1975ean, 53 urte zituela. Fabrizio de André handiak zioen, Pasoliniri eskainitako abestian, “una storia di periferia” izan zela harena. Bai, periferikoa eta heterodoxoa, baina maisutasunez josia.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments