Tundra amaigabeko istorioak

0

Hizkuntza ezezagun batean idatzitako izenburu bat eta bi atal, pertsona-izen banarekin. Egitura horrexekin datorkigu Nirliit eleberria.

Salluit herrian kokatzen da kontakizuna, inuiten herrixka batean, baina narratzailearen ahotsa kanpoko batena da: Quebec hegoaldeko idazlea da Juliana Léveillé-Trudel, eta, beste hainbat herrikide bezala, iparraldera joaten zen udan lanera, sos batzuk irabaztera. Han ikusitakoek eta bizitakoek eman omen zioten lehena duen eleberri hau idazteko materiala. Ez omen da gertakizun errealetan oinarritutako istorioa, baina bai bertan ikusi eta sentitutakoek pentsarazita sortutakoa.

Lehenbiziko atalean Eva izeneko pertsonaiari hitz egiten dio narratzaileak, laguna baitzuen, baina indarkeria matxistak hilda baitatza izotzaren azpian. Bigarren atalak, berriz, Elijah izeneko mutil gazteari egiten dio erreferentzia, Evaren semeari. Elijah bera baita izango da 18 urterekin, ohikoa inuiten artean, eta ikusiko du nola herrikide askoren ametsa den guztia utzi eta Montrealera joatea, zurien lurraldera.

Egitura ustez erraz horren azpian, askotarikoak eta kontrajarriak –baina elkarren osagarri– diren gaiak lantzen dira: maitasunaz eta gorrotaz ari zaigu, laguntasunaz eta ezin-ikusiaz; elur eta izotzaren zuriak iradokitzen duen paisaia poetikoa deskribatzen digu, baina poetikoa bezain gogorra eta latza izan daitekeela gogoraraziz. Era berean, kultura asimilazioaz dihardu, ez modu teorikoan eta nabarmenean azalduta, baina bai botere-harreman desorekatu horren berri ematen diguten hainbat egoeraren bidez: alkoholaren gehiegikeriak blaitutako harremanak, eskola-porrota, laguntza instituzionaletara lerratutako bizimodua eta sustraiak lausotu, beharbada ahaztu, zaizkion herri bat. Inuitentzat arrakastatsua izatea zurien moduan bizitzea da, zurien hizkuntzan, eta gai mardul hori aurkezten digu liburu labur baina sakon honek. Hala ere, dena ez da iluna eta ezkorra, eta inuiten izaera abegikor eta amultsua ere deskribatzen digu.

Niretzat liburu hau aurkikuntza bat izan zen. Aitor dut, aldez aurretik ere banuen kontakizuna irakurtzeko erabakimena, Aiora Jaka itzultzaile eta lagunari behin baino gehiagotan entzun nizkiolako inuiten ingurukoak. Hala ere, aurkikuntza bat izan da, gertukoa ez zaigun edo, are, arrotza zaigun errealitate bat dakarkigulako itzulpen honek.

Hain zuzen ere, nik uste horrexetan datzala itzulpenaren indarra, alegia, arrotza zaigun hori gerturatzeko duen ahalmenean. Hala, bada, itzulpen honek idazle berri eta garaikide bat dakarkigu euskal letretara (honekin ez dut esan nahik klasikoak itzuli eta irakurri behar ez ditugunik, baina, nire ustez, itzulpen politika ausarta eta aurrerakoia egitea da gaur egun arrakasta lortzen duten idazleen uzta guregana ekartzea). Gainera, urrunekoa zaigun herri eta kultura bat gerturatzen digu. Nire uste xumean, zeregin horiek ematen diote literatur itzulpenari bere zentzua.

Horrexegatik gomendatu nahi dut liburu hau. Gozatu, beraz, gogorra izanagatik barrua goxatzen dizun kontakizun honekin.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments