Kameleoientzako musika
Truman Capote
Itzul.: Xabier Olarra
Igela, 2000
Aurten beteko lituzke Truman Capotek (1924-1984) 100 urte. Hirurogei urte bete baino lehentxeago joan zen, ordea. Horrelako efemerideak baliatu ohi dituzte argitaratzaileek erdi ahaztuak diren idazleen lanak berrargitaratzeko. Hala ere, telesailen mundutik etorri zaio oraingoan bultzada Capoteren obrari, gaur aipatuko dudan liburu gomendgarri honetara itzultzeko halakoen beharrik batere ez zuen arren.
Berriki estreinatu da mundu osoan Capote vs. Swans izeneko seriea, Laurence Leamer idazlearen Capote’s Women: A True Story of Love, Betrayal, and a Swan Song for an Era liburuan oinarritua. Bertan kontatzen da nortzuk ziren Capoteren emakume horiek, bere istorioak idazteko –Odol hotzeanez geroztik batez ere– baliatu zituenak, nola traizio egin zien haien intimitateak haizatuz, eta nola ekarri zuen horrek Capoteren gainbehera, haiek (The Swans, Zisneak) eta New Yorkeko haundi-maundi gehienek bizkarra eman baitzioten haiei buruzko lau narrazio argitara eman zituenean 1975 eta 1976 urteetan Esquire aldizkarian.
Gero, narrazio horietako bat, Mojave, gaur gomendatzera goazen Kameleoientzako musika liburuan argitaratuko zen. Beste hirura Capoteren Answered Prayers (Otoitz entzunak) lan postumoan bilduak dira: Munstro perfektuak, Kate McCloud, La Côte Basque).
Kameleoientzako musika liburuko narrazioak hiru ataletan banatuta daude: I. Kameleoientzako musika. II. Eskuz landutako hilkutxak. III. Elkarrizketa bidezko portretak.
Kameleoientzako musika atala 6 narrazioz osatua da, eta “betiko” Capote aurkituko dugu bertan, hasierako ipuinetan (Gabonetako ipuinak) edo nobela laburretan (Gosaria Tiffany’s-en), ageri diren pertsonaia eta giroak: Alabama, New Orleans edo New Yorkekoak.
Eskuz landutako hilkutxak, ez fikziozko nobelatzat aurkeztu zuen Capotek, Odol hotzeanen ildokotzat. Quinn jauna da protagonista, serieko hiltzaile iheskor bat. Hari egindako elkarrizketaren forma du narrazioak, eta “Estatu Batuetako hilketa-sail baten kontaera fikziogabea” omen. Capotek esan zuen Quinn jaunari elkarrizketa franko egin zizkiola, eta oraindik aske zebilela. Baina gaia aztertu dutenek ez dute narrazioan aipatzen den hilketa sail horren arrastorik aurkitu. Beraz, egiazkotasuna aise jar daiteke zalantzan, eta ausartzen naiz esatera erabateko fikzio-lana dela (Capote gezurti porrokatua omen zen, hala esaten zuen N. Mailerrek). Hori gorabehera, maisulantzat har daiteke, benetako sinesgarritasuna lortzen baitu.
Hirugarren atalean hainbat portret daude, Marilyn Monroerena, besteak beste. Benetan aipagarria da Egun bateko lana, non idazleak New Yorkeko etxe-garbitzaile bati laguntzen dion bere lan-egun bateko ibilbidean.
Kameleoientzako musika Capoteren “zisnearen kanta” dela esan daiteke, haren gailurreratzearen ondoko nahi eta ezinen fruitu, azken hatsaren aurreko susperraldiaren emaitza. Joseph M. Foxek Otoitz entzunak bildumaren hitzaurrean kontatzen duenez, Truman Capotek Random Houserekin kontratu bat sinatu zuen 1966ko urtarrilaren 5ean, eta 250.000 dolarreko aurrerapena jaso zuen 1968ko urtarrilean entregatu beharko zuen liburu baterako. Otoitz entzunak izango zuen izenburu. Iritsi zen data hori, eta liburua ez zegoen prest. Behin eta berriz kontratua berridatzi ondoren, 1981ean entregatzen bazuen, milioi bat dolar jasoko zuen. Badirudi 1977az geroztik (Esquiren aipatu lau zatiak argitaratu ondoren) erabat abandonatu zuela proiektu hori. Eta, ondorioz, ordu arte egindako hainbat maisulanen ildora bihurturik lortu zuela guk halako atseginez irakur dezakegun liburu eder hau: Kameleoientzako musika.