Gaueko gezurrak
Gesualdo Bufalino
Itzul.: Josu Zabaleta
Alberdania-Elkar, 2007
Kalkulu azkar bat eginez, irakurle taldeak koordinatzen daramatzadan urteetan 130 bat liburu leituko genituen. Batzuetan zaila dirudien arren, beti badago zer irakurri berri: euskal liburugintzak nobedadez hornitzen gaitu oraindik, eta bere unean bazter utzitako perlak berreskuratzerik ere badago zorionez. Dena den, urteko programazioa osatzea katramilatsua izaten da beti; gero eta liburu kuttun gutxiago gelditzen zaizkit zerrendatik kanpo. Ulergarria da, beraz, aurrekoan hartu ninduen poza, taldeko kide batekin hizketan, Gesualdo Bufalinoren Gaueko gezurrak aipatu, taldean irakurritakotzat aipatu ere, eta hau ezezka hasi zitzaidanean, liburu hori ez dugula inoiz leitu, ni baiezkoan tematu, baina bera ezezka. Etxean egiaztatu nuen ni nengoela oker, poz-pozik horrek irekitzen didan aukeraren aurrean: hain maite izan dudan liburua berriz leitzeko ordainpeko aitzakia izatea.
Gesualdo Bufalino oso berandu hasi zen argitaratzen, 1981ean, hirurogei urterekin, kemen handiz hasi ere. Gelditzen zitzaion hamabost urteko bizialdian 30 bat lan eman zuen argitara; haietako baten bat klasiko automatiko bihurtu zen. Klasikoa da, izan ere, Bufalino irakurrita burura etor daitekeen hitza, alde batetik, urteetako irakurketa ugarien umotze lanagatik (Enzo Sicilianok zioen Bufalinok liburu guztiak leituak zituela); bestetik, darabiltzan gai unibertsalek trataera faltsuki klasikoa dutelako, azpiko modernotasuna eta berrikuntzak isilean pasarazita. Berarengan deus ez da dirudiena. Prosa, esaterako, dotorezia handikoa du, distira poetikoz han-hemenka tantotua; hala ere, inoiz ez da hanpatua, istorioak du beti nagusitasuna.
Bufalinok “siziliarra izatearen luxu doluzkoa” eduki zuen, irlako idazleen zerrenda bikainari segida emanez (Pirandello, Lampedusa, Sciascia, Vittorini…). Haietako bati, Leonardo Sciasciari, hiru urte kostatu zitzaion haren lanak argitaratzeko konbentzitzea. Hori bai, lotsaren eragozpena behin gaindituta, gogotik kitatu zituen isil urteak. “Damutu guztiek bezala, gehiegi hitz egiten dut.”
Gaueko gezurrak jatorriz 1988an argitaratu zen, eta Strega sari prestigiotsua irabazia zuen; euskaraz, 2007an, Josu Zabaletak itzulita. Argumentua erakargarria da: lau gizon preso daude, goizean hil zigorra bete beharko baitute, konspirazio batean parte hartzeagatik. Gobernariak hitzarmen bat proposatzen die: haien nagusia salatuz gero libre geldi daitezke. Hurrengo goizean inork ez badu salatu, urkamendira joango dira denak, baina bakar batek izen bat idatzi badu, denak libre. Lau kondenatuek erabakitzen dute azken gaua elkarri istorioak kontatzen pasatzea, iraultzak, bizitzak, elkarren ezagutzak zer zentzu eduki duen hobeki ulertze aldera, edo heriotzaren beldurra uxatze aldera. Egoera horrek sortzen dituen zalantzak, elkarrenganako eta norbere buruarekiko mesfidantzak, gezurra eta egia bereizteko beharra, hori guztia irakurlearen begien aurrean dantzarazten du egileak.
Irrikan nago amaiera ustekabekoak berriz harrapa nazan, ustekabean.