Zozoaren kanta
Marie Louise Legorburu
Maiatz, 1993
Marie Louise Legorbururen Zozoaren kanta Iruñeko liburu denda batean aurkitu nuen, kasualitatez, eta irakurtzen amaitu orduko –halako juzgurik egiteko asmorik batere ez nuela– nire libururik kutunena zioen etiketa ikusezin bat zuen tituluaren ondoan. Irakur-hordia eta gero kutunenen artera birsailkatu dut, baina, dudarik gabe, aldare pertsonal horretan jarraitzen du. Hau guztia “onartezina da ezagunagoa ez izatea” esateko modu luze bat da, noski, baina saiatuko naiz lerro gutxitan azaltzen.
Kanpotik ikusita, nobela labur bat da, pertsonaia-sorta eta ekintza-egitura aldetik soil samarra. Narratzaileak Sarako zahar etxe batean ezagutu zuen laurogeita hamar bat urteko gizon batek kontatutakoa erreproduzitzen du. Iñaki izeneko gizonak bere gazte-denbora azaltzen dio, haurtzarotik hamazazpi urterekin gertakari batek bere bizitza eten zuen ordura arte. Seme bakarra izaki, guraso zahartuek kezka handia zuten Iñakiren etorkizunaz, eskolaratzeko saio antzuaz gero baserria gobernatzeko moduko gizona bihurtuko ote zen zalantzak baitzituzten.
Orri gutxikoak izan arren nobela osoak bermatzeko adina mami duten pasarteak –Iñakiren aitatxiren heriotza (adi amatxiren keinuari), laborariek jauntxoari egiten dioten bisita edo lepoko galduarena, nire gustuko batzuk esateko– antzerki-lanak gogora dakartzan modu berezi hartan igarotzen dira bata bestearen ondotik, bat-batean baina astiz.
Iñakiren bizitza eten zuen gertakariak nobela osoa lainopetzen badu ere, ez nuke esango osotasunean landako nobela beltzaren moldeari erantzun nahi dionik, nahiz eta Of mice and men edo Bi anai bezalakoekin konparatzeko zenbait bide eta zidor ematen dituen. Gizaki eta animalien heriotza-hilketak jasotzen dira, bai, baina –gertakari hura salbu–, narrazioa abiarazteko bainoago, bizi eta bizimodu bat osorik azaltzeko funtzioa betetzen dutela esango nuke. Hain zuzen ere, nobela hau aldareratzen dutenak Iñakiren gogo hertsi bezain hegalaria eta bere inguruaren arteko arrailean ia halabeharrez agertzen diren bi irudi dira niretzat: emakumearen harrizko estatua eta zozoa. Bete gabe amaitzeak betikotzen duen amodio kawabatatar batek eta beteko bada tragikoki amaitu beharra duen amodio mishimatar batek euskal landa tradizional barbiertar bati norbanakoaren kezkak ezagutarazi izan balizkiote bezala, nolabait. Irudi batek mila hitzek baino gehiago esan dezake, baina ba al dago irudi adierazkorragorik hitzez egindakoak baino?
Alabaina, ezin aipatu gabe utzi Zozoaren kanta gomendatzean “alabaina” hitza erabiltzera behartzen zaituztenak: euskalkia (ahozko kostaldeko lapurtera) eta erdizkako edizio lana. Euskalkien ulergaiztasunaz ari garenean ohi den moduan, esango nuke beste hiztunok hiztegi batuan dauden osagaiekin ditugula lanik handienak, hain zuzen (ikus “kadira”, “bokata”, “petenta” edo “alegia eta…” esamoldea), baina gogo juzguzaleari ezkutatzen zailagoak dira inkoherentzia ortografikoak, akats tipografikoak eta edizio arazoak.
Espero dut gizaldi honetan Zozoaren kantaren berredizio bat ikustea, baina areago nahi nuke gehiagok, euskaldun zein ez, haren berri izatea. Sentsazioa dut, euskaraz irudikatutako gauza ia oro bezala, dagoeneko urte saldo bat ikusi izanagatik ere oraindik sasi artean zain dagoela, bizitzeko zain.