Puta
Nelly Arcan
Itzultzailea: Miel A. Elustondo
Alberdania, 2022
Gela bat norberarena eraikitzeari esker ikasi dugu asko: ikasi dugu baietz, emakumeak gizonak bezain gauza direla literatura egiteko, baldin horretarako bidea ematen bazaie; ikasi dugu zergatik den sexu bat horren oparoa eta bestea horren pobrea; ez dela noski kasualitatea Shakespeare gizonezkoa izatea; eta ikasi dugu putek ere badakitela idazten, eta badutela gainera ahots propioa eta zeresana.
Nelly Arcan, ponte-izenez Isabelle Fortier, 1973an jaio zen, Quebecen, familia katoliko eta diziplina itogarri baten uztarpean. Giro hartatik ihesi, Montrealera joan zen unibertsitate-ikasketak egitera, eta prostituzioan ibili zen bolada batean, diru pixka bat ateratzeko. Bizi-esperientzia haren fruitu da Puta, Arcanen lehendabiziko liburua, 2001ean kaleratua (eta 2022an euskaratua, Miel Anjel Elustondoren itzulpen txalotzeko modukoan).
Cynthia da liburuko protagonista eta ahotsa, luxuzko puta sartzea erabaki duen Montrealgo neska gazte lirain bat. Biziki gorrotatzen ditu aita eta ama, bere trauma handienen iturburu nagusiak, eta, barne-gatazka etengabe batean eta zalantza existentzialetan itota, psikoanalistari mintzo zaio argibideren baten bila, bere burua aurkitzeko eta esplikatzeko esperantzan. Hala, gizartearen eta moraltasunaren gaineko analisi gupidagabe moduko bat eginez, maisuki kuestionatzen ditu konbentzio sakratuetako asko: familiaren instituzio suntsitzailea, ama izatearen kostua, feminitatearen eraikuntza soziala, neskek ume-umetatik pairatzen duten sexualizazioa, desiraren perbertsioa, emakumearen gorputza kapital sinboliko eta merkantzia bihurtua.
Esan liteke, besterik gabe, prostituzioan aritutako emakume baten kontakizun autofikzionatua dela, baina hori litzateke motz gelditzea zeharo, liburua ez baita zehazki hori; edo agian bai, baina bada askoz gehiago ere. Da, nolabait esateko, bilaketa introspektibo garratz bat, aitorpen autobiografiko oinazetsu bat, garrasi ito eta samin bat, bakarrizketa amorratu eta katartiko bat apenas arnasarik gabekoa, hain itogarria eta hain lazgarria non min egiten baitu. Arcanek haserre idazten du, haserre munduarekin baina batez ere bere buruarekin, eta hitz-turrusta amaigabeetan jariatzen ditu bere gogoetak, bizipenak, oroitzapenak eta desesperazioa, dena jarraian eta punturik gabe, okadaka bezala, edo ariko balitz bezala borborka odolusten. Liburu osoa baita zauri sakon eta ireki bat: literatura haragi bizitan, azken batean.
Tamalez, zaila izaten da autorea eta obra separatzea, eta are zailagoa autorea puta gazte eta guapa bat bada, bere burua kanalean zabaldu eta inolako eskrupulurik gabe idazten duena. Publikatu eta berehala, Puta fenomeno bilakatu zen Quebecen eta Frantzian, eta horrek foku mediatikoen alderdirik gaiztoenera kondenatu zuen Arcan: nahiz prosa guztiz partikular eta landua garatu zuen, nahiz esku trebez idazten zekien, hedabideei ez zitzaien haren literatura interesatzen, eta harengan ez zuten ikusten puta izandako neskatxa ilehori bat baizik.
Halaxe izan zen deslegitimatua eta ezereztua, zentzurik literal eta latzenean: Nelly Arcanek, liburuetan planteatzen zituen galderei erantzunik aurkitzen ez eta, bere buruaz beste egin zuen 2009an, Puta argitaratu eta zortzi urtera, eta azken liburua idatzi berritan, 36 urte besterik ez zuela. Eta orduan bai, orduantxe ipini zion amaierako puntua bizitza osoan sufrituriko tormentuari.