Iñar Sastre

0

1986an Iruran jaioa, pianista eta bateria-jotzaile gisa musika klasikoa, jazza edota herri musika landu ditu, baita pianista sortzaile gisa lau diska kaleratu ere. Berriki ‘Arineketan’ lana aurkeztu du Jagoba Astiazaranekin elkarlanean.

Gustuko izan dituen euskarazko hiru libururen izenak eskatu dizkiogu eta honako hauexek eman dizkigu bere HIRUKOA osatzeko:

Publizitatea

OBSEXUEN KLUBA. Xabier Mendiguren (Elkar, 1997)
“Nerabezaro garaian nire errealitatea hobeto ulertzen lagundu zidan liburua”.
Zer da obsexuen kluba?, galdetuko duzue; edo, beharbada eta lehenago: zer da “obsexu” bat? Ba, obsexu bat, ia izenetik bertatik asma litekeen bezala, egun osoan sexuaz pentsatzen ari den norbait da, sexuaz obsesionatutakoa, obsexo sexuala deitu ohi zaiona, alegia. Horixe da, hitz batean esanda, obsexua. Hitza ez duzue inongo hiztegitan topatuko, guk geuk asmatu genuelako, Obsexuen Klubekoek.
Orain seguru denok jakin nahian ibiliko zaretela, nork osatzen duen kluba, zein diren bere ekintzak eta arauak, edo zer egin behar den bertako kide izateko, ez da hala? Lasai, dena jakingo duzue eta. Filme batek esan zuen bezala, obsexuez jakin nahi eta galdetzera ausartzen ez zineten guztia”.

BITARTEAN HELDU ESKUTIK. Kirmen Uribe (Susa, 2001)
“Poesiaren edertasuna deskubrituarazi zidan liburua”.
Bitartean. Bitartean. Hitz handiosak (Kultura, Artea, Herria, Maitasuna…) mesfidati begiratzen hasi ginenean, sinesmen horiek (edo sineskeria, berdin dio) galtzen hasi ginenean, ez gintuen hartu inolako depresio izugarrik. Garrantzizkoena genuen oraindik: bizitza (ez Bizitza, jakina, ezta orain eguneroko bizitza deitzen den mamu hori ere). Bizirik gaude eta bizitzera kondenaturik, Margaret Atwood-ek esan bezala. Emozioak eta sentsazioak geure-geureak dira oraindik. Eta keinuak. Horregatik, bizirik gauden bitartean ez ditugu nahi (ez ditugu behar) hitz handios horiek. Ez dugu Maitasunik eta kontu faltsurik nahi, baina maitasunaren keinurik gabe ezinezkoa litzateke aurrera egitea, gure bizitzaren bukaera (egia bakarra) iritsi bitartean heldu eskutik, hori da zintzoki eska dezakegun gauza bakarra.

HAU DA ENE ONDASUN GUZIA. Joseba Sarrionandia (Txalaparta/Esan Ozenki, 1999)
“Literaturaren eta kantagintzaren arteko hartu-emana ezagutzeko balio izan zidan liburua”.
Egunsentian erlojuak besterik ez du bihotza.
Nortzu dira solasean doazen bi mutilok?
Nortzu dira auto blindatuko gizon uniformatuok?
Nor da leihotik begira dagoen anderea?
Haizeak bere sekretu motelak darabiltza.
Zeozer gertatu behar da, udaberriko goizik arruntenean, baina oraindik inork ez daki.

Harpidetu
Jakinarazi
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments