Ane Labaka

0

Bertsozalearentzat ez du aurkezpenik behar Ane Labakak (Lasarte-Oria, 1992). Bertsolaritzaz gain, ordea, beste makina bat alor ere lantzen du; idazletza, horien artean. Martxoan argitaratu berri du Algara mutilatuak, Lisipe bilduma feministako bederatzigarren zenbakia.

Honakoa da bere HIRUKOA:

UMEEK GEZURRA ESATEN DUTENETIK. Uxue Apaolaza (Elkar, 2005)
Umeek gezurra esaten dutenetik leitzeko jarraibide batzuk. 1) Bilatu leku eroso bat irakurtzeko: besaulkia, ohea, belardi bukoliko bat. Edo ez: leku aldrebes batek balio diezazuke ere bai. Berdin-berdin sentiaraziko baitzaituzte deseroso liburu honetako orrialdeek. 2) Irakur ezazu egunean ipuin bat; bi, askoz jota. Hortik aurrera ardura zurea da soilik. 3) Kontuan har ezazu Uxue Apaolaza egile gaztea eta euskalduna dela, baina, hala ere, eta gezurra irudi dezakeen arren, ez duela literatura buenistarik egiten. Ez ezazu apalategian ipini Isabel Allenderen edo Paulo Coelhoren liburuen ondoan; ez ezazu irakurri, nik zer dakit, U2ren edo Mikel Urdangarinen azkeneko CDa entzun bitartean.

EZ DA ERDITZEA. Ione Gorostarzu (Elkar, 2019)
Amatasuna gai zentraltzat hartzen duen poema-bilduma: ama bihurtu aurreko emearen sentipena; haurdun bihurtzeak sortzen dituen larritasunak, pozak eta beldurrak; ama bilakatzearen sentimendu kontraesankorrak, maitasun eta ukazioen koktelaz; norbere amarekiko alaba izateak dakartzan buruhausteak?
Gorputzaren presentzia eta sentsazioak oso nabarmenak diren 61 poema, erritmoz beteak, ama izan zein ez izan, esperientzia horren aberastasun ñabar guztia indarrez transmititzen dutenak eta enpatia pizten dutenak.

IBAIERTZEKO IPUINA. Oihane Amantegi (Elkar, 2020)
Ibai bat, Amerikako Estatu Batuetako hegoaldeko bazter galdu batean, zehazten ez den garai ia mitiko batean. Horra eleberri labur bezain hipnotiko honen kokalekua. Eta ibaiaren ertzetan bizi den jendea: eztia biltzen duten nekazari zuri pobreak, ibaian bainatzen diren andre beltz mardulak, eta mundua bere magia guztian deskubritzen duen haurraren begiak, bizitzari nahiz heriotzari begira. Estreinaldi ausarta egin du Oihane Amantegik literaturaren munduan: estilo pertsonal bat onduz, idazkera dotorean, kontakizun original bezain indartsua lortzeko. Urrunean entzuten den hegoalde sakoneko harmonika-doinu bat bezain liluragarri eta malenkoniatsua.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments