Ana Galarraga

0

Zarautzen 1970ean sortua, Elhuyar Fundazioarentzat lan egiten du Ana Galarragak eta euskal hedabideetan zientziaren dibulgazioa sustatzen du; azken urte honetan Covid-19aren zurrunbiloan makina bat datu argigarri eman digu hedabide zein sare sozialetan.

Honakoa da bere HIRUKOA:

NEGUKO ARGIAK. Irati Elorrieta (Pamiela, 2018)
“Oso gertukoak egin zaizkit pertsonaiak, gertaerak eta pentsamenduak. Gutaz ari dela sentitu dut, nitaz ari dela. Estilo argia eta zaindua du, oso atsegina, eta, batez ere, sakontasuna eta egiazkotasuna ditu”.
Eszena eta ahots franko zelatatzen ditu eleberriak, erritmo azkarreko film baten gisan. Añesen eta Martaren ibilbideak zeharkatzen dituzten hainbat pertsonaia badatoz eta badoaz, leihoetan piztu eta itzaltzen diren argiak bezala, irristan. Porrotari, erresistentziari, ihesari edota berriz zerotik hasi beharrari buruzko kontakizunak harilkatuz, leku eta denbora ezberdinetako eszenak proiektatzen dira gizatalde solte baten barne munduan. Egileak eraikitzen duen puzzle gisako horretan, pertsonaia bilakatzen dira leku batzuk: Paris, Uribe Kosta eta, batez ere, Berlin. Osagai horiekin, aldez hutsal aldez gako diren uneen friso bizia ondu du Irati Elorrietak bere bigarren liburuan.

BIHOTZ HANDIEGIA. Eider Rodriguez (Susa, 2017)
“Ipuin horietan, kontatzen dena baino askoz ere gehiago da iradokitzen dena. Bizitzan bezala. Irakurri ondoren, luzaroan irauten du sortutako zirrarak, eta, askotan, zirrara horren zaporea eta usaina aldatu egiten dira denborarekin. Latza”.
Arroztasun sentipena dute Eider Rodriguezen sei ipuinetako pertsonaiek: nolakoa izaten ari da bikote bizitza hau, zein desio ote ditu auzokide perfektuak, nor bihurtu gara sute ikaragarriaren ondoren, ginekologoak erakutsiko al dit nolakoa naizen barrutik, zer espero zuten izango nintzela, norenak dira esku hauek.
Konplexuak eta arruntak dira aldi berean hemengo bizilagunak, jarrera ideologikoaren eta irrika eutsiezinaren arteko lehian dabiltzanak batzuetan, zalantzati edo kontraesanean, baina gorabeherei aurre egiten beti.

IRAUTERA. Castillo Suarez (Elkar, 2019)
“Eskutik eraman nau basoan barna, eta protagonisten harremanean nahasi nau. Ederra eta hunkigarria”.
Aitortzen ez ditudan gauza guztiekin egiten dut lo. Iratze-sailak zeharkatu nahiko nituzke ametsetan, eta ni ere loratuko ez naizela esan nire baitako gizonei.
Esporak utzi izaren artean hatzak nire sexuan sartzen dituzten bitartean. Behar ditudala esan lingua franca batean, denek ulertzeko moduan. Bezperako arropa jantzi. Nagoen tokiaren eta egon nahiko nukeenaren arteko distantzia da bakardadea.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments