Jon Basaguren

0

Izaki Gardenak musika-taldeko ahotsa eta gitarra-jotzailea da Jon Basaguren (Gasteiz, 1984). Euskadi Irratiko ‘Zidorrean’ irratsaioan entzun dezakegu gauero musikari buruz hizketan, eta Erraia Diskoak zigiluaren sortzaileetako bat ere bada. Iñigo Astizekin egin berri du azken elkarlanetako bat, Bilboko Arriagan, ‘Oraindik, orain eta oraingoz’ ikuskizunean.

Honakoa da bere HIRUKOA:

FAKIRRAREN AHOTSA. Harkaitz Cano (Susa, 2018)
Zer egin dohain bat daukazunean? Erabili, munduari eskaini, eta, trukean, inoren arreta jasotzera ohitu. Horixe egiten du Imanol Lurgainek bere ahotsarekin kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasten denean. Garai horretan jasoko du bigarren larru izango duen goitizena: Fakirra. Baina ahotsa urteekin legez, aldatuz joango da bere ikuspegia, bai eta bidaideekiko harremana ere. Borroka armatua, klandestinitatea, erbeste paristarra… Mundua iraultzen saiatu zen belaunaldi baten erretratua da lau hamarkadatan luzatzen den nobela hau, sortzailearen hauskortasuna, musikaren ahalmen katartikoa, bizitza bohemioa eta denboraren igaro lasterra bezalako gaiei buruzko hausnarketaz betea eta errealitateari maileguan hartutako pasarte eta pertsonaiez josia.
Zuzia irenstean erretzen ez dena da Fakirra; minari eztarrian behera bultzatzen diona. Zer dauka, ordea, esateko? Zein da bere benetako ahotsa?

JENISJOPLIN. Uxue Alberdi (Susa, 2017)
Nagore Vargas Bilbora iritsi zenean hiri bat gatazkan zeukan deskubritzeko; zenbait iraultza eta abentura, engaiatzeko; gorputz bat, biolentziaren eta erotikaren artean jokoan jartzeko.
Klasearen, aberriaren eta sexuaren izenean nork bere amorrua bizkortzen zuen garaiak gozatu zituen Nagorek. Baina orain, 2010eko irailean, 28 urte dituela, Artxandan dago Libre irratiko hiru lagunekin, azken bilkura moduko bat antolatu dute, jakinaren gainean segika dituztela txakurrak, preso hartuko dituztela ziurrenik eta itxi egingo dutela irratia.

GALDU ARTE. Juan Luis Zabala (Susa, 1996)
Etxe-okupazioak, asanbladak, rock eta punk musika emanaldiak, amodioa, drogak, polizia, manifestazioak,… baina batez ere Azkoitiko gaztetxea da protagonista liburu honetan Nikoren eskutik, Xepe gaztearen eskutik, eta Pipiren eskutik. Pipi idazlea bera da. 1984-86 da urte-sasoia.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments