Xabier Zeberio

0

Biolin-jotzaile eta musikagile tolosarra, 1978an jaioa. Alos Quartet kamera laukotearen buru da 1999. urteaz geroztik, Oskorriko kide izan zen 1997tik taldea desegin zen arte eta Benito Lertxundiren taldeko biolin-jotzailea da.

Honako da bere HIRUKOA:

OTTO PETTE. Anjel Lertxundi (Alberdania, 1994)
“Liburu hau Lertxundiren literaturan barneratzeko bidaia iniziatiko moduko bat izan zen niretzat. Artean oso gazte nintzelarik, liburuan aurkezten duen mundu magikoak guztiz liluratu ninduen”.
Erdi Aroan gaude. Landetxe gorde bateko bakardadean bizi da Otto Pette, iraganaren oroipen kiskaliak ahanzturaren hautsez estali beste egitekorik gabe. Arrotz bat etxeratu zaio, ordea, eta konturatu orduko, bertan ostatu hartu ez ezik, nagusiaren lekua ere bereganatzen hasi da sarkina. Etxetarra, ezinbesteak hartaraturik, arrotzaren nortasunari antz ematen saiatuko da, berak galtzeko arrisku guztiak dituen hitzezko borroka baten arian. Bi solaskide-aurkariek, supazterreko hauts zaharrak beren jardun etsian txandaka hauspotuz, hil irudi lo zeutzan ilinti zaharrak piztuko dituzte.

FAKIRRAREN AHOTSA. Harkaitz Cano (Susa, 2018)
“Harkaitzen liburuak beti zaizkit oso erakargarriak, eta kasu honetan, jorratzen duen gaiaren hurbiltasun emozionalagatik, harik eta interesgarriago egin zitzaidan nobela honen irakurketa”.
Zer egin dohain bat daukazunean? Erabili, munduari eskaini, eta, trukean, inoren arreta jasotzera ohitu. Horixe egiten du Imanol Lurgainek bere ahotsarekin kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasten denean. Garai horretan jasoko du bigarren larru izango duen goitizena: Fakirra.
Baina ahotsa urteekin legez, aldatuz joango da bere ikuspegia, bai eta bidaideekiko harremana ere. Borroka armatua, klandestinitatea, erbeste paristarra…, mundua iraultzen saiatu zen belaunaldi baten erretratua da lau hamarkadatan luzatzen den nobela hau.

BIHOTZ HANDIEGIA. Eider Rodriguez (Susa, 2018)
“Eider Rodriguezek maisuki harilkatzen ditu istoriak. EgunorokotasunetikĀ  eta errealitatetik abiatuta, modu oso pertsonal eta erakargarrian planteatzen eta garatzen ditu egoerak, eta asko disfrutatu nuen liburu honen irakurketarekin”.
Arroztasun sentipena dute Eider Rodriguezen sei ipuinetako pertsonaiek: nolakoa izaten ari da bikote bizitza hau, zein desio ote ditu auzokide perfektuak, nor bihurtu gara sute ikaragarriaren ondoren, ginekologoak erakutsiko al dit nolakoa naizen barrutik, zer espero zuten izango nintzela, norenak dira esku hauek.
Konplexuak eta arruntak dira aldi berean hemengo bizilagunak, jarrera ideologikoaren eta irrika eutsiezinaren arteko lehian dabiltzanak batzuetan, zalantzati edo kontraesanean, baina gorabeherei beti aurre egiten.

Subscribe
Notify of
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments