Andoni Aizpuru bezalakoa izan nahi omen zuen txikitan, eta horrek eraman du Iker Ibarluzea (Ibarra, 1990) Meteorologo eta Geografo izatera. Naiz Irratian eta Tolosaldeko Atarian eguraldi esatari da, eta sare sozialetan makina bat iragarpen egiten du egunero-egunero.
BI ANAI. Bernardo Atxaga (Erein, 1985)
Etengabe errepikatzen den naturaren sasoi-gurpilean txori, katagorri, suge eta antzarek bi anaien -Paulo eta Daniel- istorioa kontatzen digute. Urtea joan urtea etorri, beti bestelako eta aldi berean beti berdin agertuko den Obabako irudimenezko lurralde hori, baina, gizakien arteko handinahi, irrika eta grinen agertoki  krudela da. Paulo eta Daniel anaia atzeratua dira giza-kudelkeria horren biktimak. Gizakiok errenditzen gaituen naturaren lege zaharrean bildurik, Paulo eta Danielen munduko ibilera itogarriak txori, katagorri, suge eta antzaren fabulen munduarekin egiten dute bat, eta irakurlearengan efektu zoragarria lortzen gainera: ihesaren eta kontsolazioaren sentipen askatzailea. Zail da asmatzen nork jarri duen bere aldetik gehiago, irudimen handiko idazleak ala dohain handiko kontalariak; izan ere, oso gutxitan bezala egokitu baitzaio bata besteari. Emaitza paregabea da. Artista handi baten lana.
GIZONA BERE BAKARDADEAN. Bernardo Atxaga (Pamiela, 1993)
Carlosi hala iruditzen zitzaion, jendeska haren erresuman ez sartzeagatik sartu zela organizazio armatu batena adolezentzia bukatu orduko. Bere ikastetxeko kideak kanpamenduetara joaten ziren bitartean fraideekin, noski, beraiek itxuraz ikastetxeko bizimodua egin arren beste erresuma aparteko hartan zeuden lau edo bost lagunek – tiropraktikak egiten zituzten mendian edo Sabinoren klaseetara joaten ziren hipodromo bateko bulegoan egin behar zuten atrako bat prestatzearren. Jakina, berezitasun horrek hegoak jartzen zizkien beraien oin eta bihotzei…
KARTZELAKO POEMAK. Joseba Sarrionandia (Susa, 2011)
1992ko urrian kaleratu zen estreina Kartzelako poemak, beste koska nabari bat ezarriz euskal poesian. Kartzelako poemak dira, ez besterik. Egilea preso egon zen aldian idatzitako poema sorta mardula du ardatza, eta ihes saioa arrakastaz burutu ondoren espetxeari buruz eta han utzitakoez idatzitako beste zenbait poemarekin osatzen da bilduma. Batasun tematiko harrigarrian.