Kirol kazetaria, Realaren ahotsa da Maitane Urbieta (Zumaia, 1983) Euskadi Irratiko entzuleentzat. Aurten Europara joan-etorrian dabil talde txuri-urdinarekin eta, UEFAk jakinarazi duenez, Europa League-ko emakumezko esatari bakarra da zumaiarra.
Honakoa da bere HIRUKOA:
KARENA. Alaine Agirre (Elkar, 2021)
Amatasunarekin loturiko hainbat gai, normalean isilpean eta ezkutuan geratzen direnak agerira dakartza Alaine Agirrek, intentsitatez eta hunkiduraz idatziriko eleberri honetan: Lagundutako Ugalketa teknikak, horren ondorio fisiko eta psikologikoak, bikoteko batek guraso izateko besteak baino gogo gehiago duenean sortzen diren arrakalak, amarenganako errespeturik gabeko erditzeak, nahi gabeko abortuak eta horren doluak? Egileak ohi duen indarrez eta pasioz kontatzen digu Sara Mendizabal protagonistaren ibilbidea, lirismoz eta musikalitatez, minetik edertasuna sortuz, gorputzaren barrutik unibertso oso bat eraikiz.
OHE HOTZAK. Jon Ariza De Miguel (Elkar, 2016)
Harremana izandako eta gero hoztutako lagun bati bigarren aukera bat ematea erabakitzen du nobelako protagonista izengabeak. Bizitza eta bertatik gustatzen zaigun guztia –ardoa, musika, liburuak, solasa…– atseginagoak baitira norbaitekin konpartituz gero; baina, igurtziak higadura sortzen duen bezala, konpainiak berekin dakar beti nekea, komunikazioak isiltasuna, besarkadak arrakala. Berea ez den hiri eta herrialde batean, eguneroko gertakari, paisaia eta jendeen aurrean begirada jakin minezko eta gogoetalaria darabil narratzailea ere baden pertsonaiak, mundua aldi berean arrotza eta maitagarria dela sentitzen duenaren jokabide amultsu eta zirikatzailea. Egile berri bat aurkezten zaigu nobela honen bitartez eta gurean ez dagoen ahots bat dakarrela esan liteke: dotoreziaz eta sentiberatasunez jantzia, umoretsua eta sentsuala, kulturaren eta bizitzaren zaletasunak elkartzen dituena.
MIÑAN. Amets Arzallus / Ibrahima Balde (Susa, 2019)
Gineako hiriburutik Nzerekorera mila eta hirurehun bat kilometro daude. Ibrahima han ibili zen hiru edo lau urtez, kamioi batean, gidari batek aprendiz onartu zuelako. Aste batean Konakrytik Nzerekorera joaten ziren, eta hurrengo astean Konakryra itzuli. Egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea. Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du. Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da nobela hau, hark ahoz eta Amets Arzallusek letraz idatzia. Berezia duelako zauria, eta berezia kontatzeko manera. Hitz egitean han balego bezala.