Aitziber Garmendia

0

1982an Zaldibian jaioa. Zuzenbideko karrera bukatu eta alde batera uzteko erabakia hartu zuen 2008an, zeukan bitartean aktore lanarekin jarraitzeko asmoz. Hamalau urte geroago, jendaurrera irteten den bakoitzean ikusleen txalo eta bibak jasotzen jarraitzen du. Honakoa da bere HIRUKOA:

MIÑAN. Amets Arzallus / Ibrahima Balde (Susa, 2019). “Leku batean edo bestean jaiotzeak zenbat baldintzatzen gaituen ikusteko, arraza batekoa edo bestekoa izateak duen pisu zentzugabea sentitzeko. Zuritasunaren pribilegio ustelaz hausnartzeko lekua”.
Gineako hiriburutik Nzerekorera mila eta hirurehun bat kilometro daude. Ibrahima han ibili zen hiru edo lau urtez, kamioi batean, gidari batek aprendiz onartu zuelako. Aste batean Konakrytik Nzerekorera joaten ziren, eta hurrengo astean Konakryra itzuli. Egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zela etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bhitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea. Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala.

BI ALDIZ ERDITU ZINEN NITAZ, AMA. Alaine Agirre (Elkar, 2017). “Haurtzarora buelta, buru osasuna eta zaurgarritasuna”.
Gauza asko da batean nobela hau: egileak bere amari eskainitako maitasun-kanta luze bat; familia osoaren historia eta istorio sorta txirikordatu bat; gaixotasun baten etorkiaren bila haurtzaroko oroitzapenetan barrena egindako introspekzio ariketa bat; ama izan ezin eta ahal eta nahi izatearen edo ez izatearen inguruko gogoeta zalantzazko, sigi-sagatsu bat… Alaine Agirrek aurreko eleberrietan erakutsi dituen dohainak agerian daude lan honetan ere: berben bitartez edertasuna, erritmoa, musikaltasuna bilatzea, sentimenduak leungarririk gabe espresatzea… horiek guztiek ematen diote intentsitate berezia kontakizunari. Proiektu honek irabazi zuen 2016ko Joseba Jaka beka.

MOIO-GORDETZEA EZINEZKOA ZEN. Kattalin Miner (Elkar, 2019). “Suizidioa eta transexualitatea, barruak urratzerainoko mina”.
Zein da neurri ona gertakari batetik distantzia hartu ahal izateko, baina oraindik gertakariak fresko mantentzen direla ziurtatzeko? Noiz igarotzen da ‘gertatu berria den zerbait’, ‘gertatu zen hura’ izatera? Eta, beraz, noiz hitz egin ‘gertatu zen hartaz’?”. Halakoak galdetzen dizkio Kattalin Minerrek bere buruari liburuaren atarian, hamar urte lehenago hil zen Aimar Elosegi Ansa ‘Moio’ bere lagun minaz oroitzean. Suizidioa eta transexualitatea, gure gizartea durduzatzen duten bi tabu elkartu ziren heriotza horretan. Bere garaian zirraraz eta hunkiduraz beteriko erantzuna izan zen Hernaniko herrian, lagunarenganako maitasunaz gainera transexualitatearekiko enpatia eta jarrera berri baten beharra aldarrikatu zituena. Urteak igaro ahala, ordea, zer gertatu da? Ez ote da maila intimora igaro dimentsio publiko eta politikoa erditsi zituen kasua?

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments