Iker Bizkarguenaga

0

GARA egunkariko kazetaria da Iker Bizkarguenaga (Basauri, 1978). Hainbat urtez sail desberdinetako arduradun izan ondoren, Eguneko Gaiak deritzenak idazten ditu egun, eta orain gehiago gozatzen omen du lanarekin, gustuko duena egiten duelako: idaztea, alegia. Honakoa da bere HIRUKOA:

IZURRI BERRIA. Gotzon Garate (Elkar, 1981). “Euskal Herriko beste milaka gaztetxok bezala, institutu garaian “Izurri berria” irakurtzea tokatu zitzaidan –eta horrekin batera “Esku leuna” (Gotzon Garate, 1977), “110.Street-eko geltokia” (Iñaki Zabaleta, 1986) eta tankera horretako beste zenbait–, eta esango nuke eleberri beltzarenganako pasioa urte horietan sortu zitzaidala. “Izurri berria”  eleberri beltza da, beltz-beltza, Bilbon kokatua, garaiari lotua, kapitulu laburretan egituratua eta oso erritmo azkarrekoa. Gotzon Garatek euskarazko eleberrigintzari egin zion ekarpen handiaren adibide gisa har daiteke Resurreccion Azkue Literatur Batzaldiko Eleberri-Lehiaketa irabazi zuen liburu hau”.

UKOREKA. Patxi Zabaleta (Txalaparta, 1994). “‘Ukoreka’, ‘Badena dena da’ (1995), eta ‘Arian ari’ (1996) liburuekin batera Patxi Zabaletak egindako trilogiaren parte da, lehen liburua, hain zuzen. Hau ere eleberria da –genero gustokoena dut, dagoeneko argi geratu denez–, ez oso luzea, eta “Hirukoa” ataerako aukeratu dut beste bi lanekin batera sorta magistrala osatzen duela uste dudalako. Aitortu behar dut Zabaletaren liburuek harritu nindutela, darabiltzen erritmoa ere oso bizia delako. Nik zerbait mantsoagoa espero nuen, ondo idatzia baina erritmo apalagokoa, eta sorpresa atsegina hartu nuen. Oso gomendagarriak hirurak”.

LAGUN IZOZTUA. Joseba Sarrionandia (Elkar, 2001). “‘Lagun izoztua’ Joseba Sarrionandiak idatzitako lehen eleberria da, eta maisulana da. Sarri da ziurrenik gustokoen dudan idazlea, eta haren lan bt aukeratzea zaila suerta daiteke, baina hogei urte luze dituen honek arrastoa utzi zidan. Iltzatuta utzi ninduen, bere gordinean, eta behin bukatuta denbora luzez gainetik kendu gabe izaten duzun liburu horietako bat da. Esan bezala, bikaina”.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments