Iratxe Fresneda

0

Zinemagilea, gidoilaria eta unibertsitateko irakaslea (Arrigorriaga, 1974). Bere lan ezagunenen artean daude ‘Lurralde hotzak’ (2018) eta ‘Tetuan’ (2022) filmak; lehena Porto Femme Nazioarteko Zinema Jaialdian saritu zuten eta bigarrenak Lauaxeta Saria jaso berri du.

Honakoa da bere HIRUKOA:

BABESERAKO KOPIA. Goizalde Landabaso (Elkar, 2015)
“Memoriaren aldeko pasarte hunkigarriak, zorrotzak, bikain idatziak. Poesia bakoitzak mundu bat gordetzen du barruan”.
Goizalde Landabaso Kazetari Bilbotarrak poema-liburu berri bat dakarkigu, bere bizitzako zertzeladak idatziz jaso, eta horiek, ez galtzeko, segurtasun-kopia bihurtu balitu bezala: identitatea, denbora, bidaia, amodioa…

KONTRAKO EZTARRITIK. Uxue Alberdi (Susa, 2019
“Bertsolaritzaren botere harremanen inguruko ezinbesteko testigantzen bilduma. Kontatu gabe gelditzen denaren aldeko manifestua, ezinbesteko irakurketa”.
Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak hamabost bertsolari elkarrizketatu ditu lisiperen bosgarren ale honetan. Helburua, aldiz, ez da bertsogintzaren teknika finduez, koplen kalitateaz edo zortzikoen flow-az mintzatzea, ezpada horiek guztiak nortzuek, nondik eta norentzat sortuak diren aztertzea; bertsolaritza praktika sozial bat baita eta praktika sozial oro baita gure garaiko botere harremanen dispositibo. Hala adieraziko dute elkarrizketatuek.
Emakume mordoak omen dihardu bertsolaritzan. Hori entzuten dugu behin eta berriro, baina datuak eta pertzepzioak ez datoz bat. Guk badakigu emakumeen ikusgarritasuna gizonezkoen desiraren neurrira egina dela, eta, Alberdik bikain argitzen duen moduan, gizon publikoaren osagarri rola betetzen duen bitartean, emakumea (singularrean) onartua da gizonen espazioetan, baina gizonenak dira espazio publikoak.

KANDELIKARA. Harkaitz Cano (Nosferatu, 2021)
“Harkaitz Canok egin duen artefaktu honetan sorkuntzarako, inspiraziorako material bikaina ematen du. Irakurtzen dugun bitartean, aske sentitzeko aukera dugu”.
Literaturaren alde jostarienetik zinemari egindako omenaldi hau, Luis Buñuelen eta beste artista askoren film, elkarrizketa zati, poema, offeko ahots eta bestelakoen remake bat da. Tarteka, egileak asmatutakoak ere badira. Inoiz edo behin, Buñuelekin zerikusirik ez duen jendeak parte hartuko du: adibidez, aseguru-saltzaile armeniar batek. Badelako modu bat saiakera fikzio bihurtzeko: aski da kandela baten argitan irakurtzea, liburuak esku artean su hartzen dizun bitartean.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments