Kantugilea eta abeslaria (Gernika, 1975). Lugarri taldeko abeslaria izan zen eta 1996an Ken Zazpi taldea sortu zuen Jon Mikel Arronategirekin batera. 2013an bakarkako ibilbideari ekin zion ‘Deserriko kantak’ diskoarekin, eta beste lau lan etorri dira haren atzetik; azkena, iazko ‘Fantasia’.
Honakoa da bere HIRUKOA:
BABILONIA. Joan Mari Irigoien (Elkar, 1989)
Babilonia zen antzinateko herri bat, Isaias profetak bortizki madarikatu zuena. Babilonia zen baserri baten izena, eta Babilonia du nobela honek ere izenburua. Baserri horren historia eta Garayalde familiarena kontatzen dizkigu eleberriak: maitasun eta gorrotoak, norgehiagoka eta traizioak azaltzen dira bertan, eta horien guztien bitartez Euskal Herriko XIX. mende gatazkatsuaren kronika ere egiten zaigu: sinesmen zaharren eta progreso zientifikoaren arteko lehia, karlistaldietako gudak, bizimodu desberdinek sortutako talka eta borrokak… Hala ere, gertaera historikoetatik harago jotzen du nobelak, natura eta naturaz gaindikoa elkartuz. Gure arbasoen kosmologia berezia berreraikiz edo asmatuz, lurrarekiko bategitea, hilekiko hurbiltasuna eta mitoaren bidezko mundu ikuspegi oso bat adierazten ditu Irigoienek, gogoan betiko itsatsirik geratuko zaizun eleberri liluragarri honetan.
JENISJOPLIN. Uxue Alberdi (Susa, 2017)
Nagore Vargas Bilbora iritsi zenean hiri bat gatazkan zeukan deskubritzeko; zenbait iraultza eta abentura, engaiatzeko; gorputz bat, biolentziaren eta erotikaren artean jokoan jartzeko.
Klasearen, aberriaren eta sexuaren izenean nork bere amorrua bizkortzen zuen garaiak gozatu zituen Nagorek. Baina orain, 2010eko irailean, 28 urte dituela, Artxandan dago Libre irratiko hiru lagunekin, azken bilkura moduko bat antolatu dute, jakinaren gainean segika dituztela txakurrak, preso hartuko dituztela ziurrenik eta itxi egingo dutela irratia.
POZA ETA GERO. Jose Luis Otamendi (Susa, 1990)
Beti dago pzeraino heltzeko bide sekretu eta sasiz jositakoa. Bide arroz eta hozpela non litekeen adar bihurriko zumarpean etzan eta gehiagorik ez esnatzea, non unatu eta itzultzea.
Uko eginen die agian bide bazterretik abiatuta nolabaiteko argiunera doazen zidorrei. Eta aurrera segituko.
Beti dago pozera heltzen den norbait, oinak urraturik azken langa gainetik pasa eta ahopeka hemen naiz dioen norbait.
Beti dago pozera heldu eta pozetik abiatzen dena, ene poza ez da guzion poza izkribatu eta are bidaia neketsu eta mingarriagoari lotzen zaiona, bideetako esoletan laban markak egin eta mendeetako ibilbideak egiaztatzen dituena.
Jose Luis Otamendi dateke bidaiariaren izenetako bat.