1986an Donostian jaioa, Lehen Hezkuntzako irakaslea eta pailazoa da. Aitak erretiroa hartu zuenean haren lekukoa hartu eta Mirri Junior izateari utzi zion Mirri bilakatzeko. Ordutik zapi zuria astintzen dabil Txirri eta Txiribitonekin batera Euskal Herriko antzokietan barrena.
Honakoa da bere HIRUKOA:
MOIO- GORDETZEA EZINEZKOA ZEN. Kattalin Miner (Elkar, 2019)
“Transexualitateari buruz, suizidioari buruz eta onarpenari buruz ikuspegi zabalgoa izaten lagundu dit. Oso ondo idatzia dagoela uste dut”.
Zein da neurri ona gertakari batetik distantzia hartu ahal izateko, baina oraindik gertakariak fresko mantentzen direla ziurtatzeko? Noiz igarotzen da ‘gertatu berria den zerbait’, ‘gertatu zen hura’ izatera? Eta, beraz, noiz hitz egin ‘gertatu zen hartaz’?”. Halakoak galdetzen dizkio Kattalin Minerrek bere buruari liburuaren atarian, hamar urte lehenago hil zen Aimar Elosegi Ansa “Moio” bere lagun minaz oroitzean. Suizidioa eta transexualitatea, gure gizartea durduzatzen duten bi tabu elkartu ziren heriotza horretan. Bere garaian zirraraz eta hunkiduraz beteriko erantzuna izan zen Hernaniko herrian, lagunarenganako maitasunaz gainera transexualitatearekiko
enpatia eta jarrera berri baten beharra aldarrikatu zituena (…).
ZOAZ INFERNURA, LAZTANA. Anjel Lertxundi (Alberdania, 2008)
“Istorio gogorra, iluna eta, aldi berean, umorestua. Tratu txarrak eta ideia ankerrak daude tartean”.
Bikote harremanak aztertzen ditu Lertxundik eleberri honetan. Gehienetan, botere harreman bihurtzen dira harreman horiek, eta gaur egungo edozein egunkari hartzea nahikoa da ikusteko ez dela gutxitan gertatzen boteretsuenak bere boterea baliatzea ahulena umiliatzeko eta tratu txarren bidez otzantzeko. Egileak maisutasun handiz lortzen du eleberri honetako pertsonaia nagusiaren barne azpilduretan sartzea. Izan ere, generoko elementuak erabiltzeaz gainera –nobela beltzaren elementuak, intrigarenak…–, gaur gaurko kontakizun bat eraiki du Lertxundik, hizkera bizkor batean, eta gardentasun hotz bizi batez.
BEHIN BATEAN LOIOLAN. Iñaki Cid (Elkar, 2022)
“Antzerki obra da (56. Donostia Hiriko Kutxa Literatur Saria irabazi zuen). Atsegina, alaia, umorekoa eta historiari erreparatzen diona. Gustuko izaten dut garai batean kokatutako istorioak ezagutzea eta euren bidez garaiko bizimoduan murgiltzea. Oker ez banago, obra taulara eramango dute”.
Etxeko istorio bati tira eginda sortu du egileak, istorio honetako protagonistetako bat bihurtuta, antzezlan bat: emakume ezkonberri baten heriotza tragikoaren pasadizoa. Egileak, ordea, komediaren eta ironiaren arintasuna baliatuz jakin du gaurkotasuna ematen orain ia ehun urte gertatutako pasadizoari. Bide batez, hizpidera ekarriko ditu arautik kanpoko sexu-joerekiko iraganeko
eta egungo errezeloak, adineko emakumezkoak nahiz neskatxa gazteak protagonista dituztenean batez ere.