1984an Bilbon jaioa. Osinalde saria irabazi zuen 2004an, eta plazarik plaza dabil ordutik. Horrez gain, ‘Nire amaren hiria’ dokumental laburraren egilea da eta Bilboko BIRA kultur-gunearen bultzatzaileetako bat izan da sorreratik.
Honakoa da bere HIRUKOA:
NORA EZ DAKIZUN HORI. Irati Jimenez (Elkar, 2009)
Irati Jimenezen lehen eleberri luzea. Batetik Martin dugu, urtetan munduan barrena ibili ondoren Bilbora itzuli dena, argazki-erakusketa bat egiteko asmoz, eta hor non ikusten duen, hainbat hiritan egindako erretratuetan, emakume bera agertzen dela beti, erdi ostenduta. Bestetik Nora, irratian gaua bere ahots eztiaz janzten duena, baina hainbat sekretu gordetzen dira haren etxean, gaziak eta gozoak. Maitasun ezinezkoak eta kasualitate gertagaitzak topatuko dituzu eleberri honetan, likantropoak eta banpiroak, arima erosten duten aingeruak, ama hil ostean jaiotako haurrak, magoak, bidaiak, ipuinak… Pasioz eta liluraz beteriko liburua, jario hordigarri batez idatzia, amodio debekatuek bezala utzi ezinezko sorginkeriaz lotuko zaituena.
MR. SEÑORA. Oier Guillan (Txalaparta, 2016)
Wikipediaren arabera, “Ileordea edo bilordea ile sintetikoz zein naturalaz egindako ordezko adatsa da. Buruan jartzen da eta arrazoi estetikoengatik erabiltzen da. Gizon-emakume askok janzten dituzte ile-galera disimulatzeko”. Baina, batzuetan, disimulatzeko egin beharrean, bakardadeaz, norberekeriaz, heterosexualitateaz, minaz, jeloskortasunaz edota sudurreko ileez hitz egiteko janzten ditugu ileordeak eta armairutik ateratzen gara. Umoretik, ironiatik, elkartasunetik eta probokaziorako gogotik sortuak diren zazpi antzezlan hauek pentsamendu bakarraren kontra idatzitako lanak dira, pentsamendu bakarra norberarena denean batez ere.
IKUSEZINAK. Miren Azkarate (Gara, 2022)
Gurasoen exilioan edo deportazioan jaio, hazi edo bizi izan ziren haur eta gazteen ikuspegitik idatzitako liburua. Kroniketan inoiz agertu ez diren “maletadun haurrak”. Ikusezinak ziren. Miren Azkaratek lehen aldiz jaso du beraien ahotsa.