1976an Bermeon jaioa, Kazetaritzan eta Antropologian lizentziatua da. Irratian zein telebistan hamaika saiotan aritu ondoren, ETB1eko Mihiluzen eta Artefaktuan dihardu egun. Bere sare sozialei begiratu azkar bat eman besterik ez dago irakurzale amorratua dela ohartzeko.
Honakoa da bere HIRUKOA:
KRISTALEZKO BEGI BAT. Miren Agur Meabe (Susa, 2013)
“Miren Agurren guztia izan daiteke aukera ona baina liburu hau, liburu hau irakurri behar nuen momentuan agertu zen eta berezia da”.
Pintoreak autoerretratua margotzen duen gisan idatzi du Miren Agur Meabek nobela hau, kristalezko ispilu berezi bati arretaz begira. Errealitatea eta fikzioa josiz eta urratuz sortutako kontakizuna da. Emakume baten mintzoa adituko duzu liburua zabaltzeaz batera: “Begi bat galdu nuen nerabezaroan; minbiziz hil zitzaidan ama; dibortziatua naiz eta seme bat daukat; enkarguzko lanak idaztetik ateratzen du bizibidea; berriki utzi egin dut maite-laguna eta harrezkero gaixotuta nago…”.
FAKIRRAREN AHOTSA. Harkaitz Cano (Susa, 2018)
“Cano Euskal Herrian dagoen sortzaile talentudunenetako bat delako zalantza barik”.
Zer egin dohain bat daukazunean? Erabili, munduari eskaini, eta, trukean, inoren arreta jasotzera ohitu. Horixe egiten du Imanol Lurgainek bere ahotsarekin kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasten denean. Garai horretan jasoko du bigarren larru izango duen goitizena: Fakirra.
IRAUTERA. Castillo Suarez (Elkar, 2019)
“Castillo Suarezen poesia oso-osorik ekarriko nuke atal honetara; bat aipatzearren, Irautera“.
Aitortzen ez ditudan gauza guztiekin egiten dut lo. Iratze-sailak zeharkatu nahiko nituzke ametsetan, eta ni ere loratuko ez naizela esan nire baitako gizonei.
Esporak utzi izaren artean hatzak nire sexuan sartzen dituzten bitartean. Behar ditudala esan lingua franca batean, denek ulertzeko moduan. Bezperako arropa jantzi. Nagoen tokiaren eta egon nahiko nukeenaren arteko distantzia da bakardadea.
“Pena handiz Eider Rodriguezen ipuin liburuak, Karmele Jaioren liburuak, Atxagarenak… aipatu barik uzten ditut. Niretzat hain mugarri izan direnak bizitzako momenturen batean. Egungo idazle (emakume) gazteen ipuin liburuekin, poesia liburuekin asko gozatzen dut”.