Mirari Martiarena

0

1986an Oiartzunen jaioa. Umoregilea, gidoilaria eta kazetaria. Euskal Herriko makina bat oholtza igaro ditu bakarrizketa ikuskizunekin. Euskal Telebistan bertsolaritzari buruzko ‘Hitzetik Hortzera’ saioko aurkezle lanetan ikusi dugu azkenaldian.

Honakoa da bere HIRUKOA:

ERAIKUNTZARAKO MATERIALA. Eider Rodriguez (Susa, 2021).
Harea, zementua, karea. Zerekin taxutu absentzia? Nola zutitu ez dagoena? Zegoenean ere, maiz erortzear zena? Etxeak egiteko behar den guztia saltzen zuen aita bat. Alkoholak blaitutako aita bat. Heriotzaren atezuan abiatzen du kontakizuna liburu honetako narratzaileak. Heltzear da, helduko da, eta hainbestetan sofatik lan handiz altxatzen ikusitako aita, kalea balantzaka zeharkatu eta bulegoaren iluntasunean gotortzen zena, hitzekin laztantzeko modu bat entseatuko du alabak. Batera eta bakarka izandakoaren memoria sortu.
Zaldiak, igerilekua, kaleko jendea, bigarren etxe izandako almazena, sua, azulejuak, soldaduskako eskutitzak, Benicassimeko apartamentua, gasolina, landareak. Aita baten puskak bildu ditu Eider Rodriguezek bere aurreneko nobelan. Denboran luzatutako gainbeheran murgildu, eta, izendatu ezin direnen aurrean, eremu laiotz bat argitu.

NIRE MINAREN ETXEAN. Iñigo Antsorregi (Elkar, 2022)
Ez da txantxetako gaia: liburu honen egilea, Iñigo Antsorregi Dierez, bere burua hiltzeko zorian egon zen, agur-mezua ere prestatuta, depresioak horraino eramanda. Ez da txantxetako kontua, baina idazleak broma giroan kontatu nahi izan digu bere prozesua; zerk piztu zion gaitza, nola sentitzen zen egun haietan, eta baita nola lortu zuen ateratzea ere.
Ez da txantxetako arazoa gaixotasun mentalek daukaten zabalkundea eta gizartean sortzen duten estigma. Horregatik da bi aldiz eskertzekoa autorearen lana, bere minaren etxea jendaurrean erakusteagatik eta egoera horretan dauden guztiei laguntzeagatik.

AMEZ. Goiatz Labandibar (Alberdania, 2022)
Amez dihardute, nondik edo handik, liburu hau osatzen duten hogeita bat narrazioek. Amei buruz, alegia. Baina baita ama izateko edo ez izateko asmo eta pultsioez ere. Edo ama izateko edo ez izateko modu askotarikoez, kontraesankorrez. Eta ama izateak edo ez izateak berekin dakarrenaz, edo berekin daramanaz, kasu batean zein bestean akaso betiko…
Horiez guztiez dihardute Goiatz Labandibarren narrazio indartsuok. Eta baita ere, jakina, amaren estatusa ematen duten seme-alabez, eta haiekiko harreman eta kontraesanez. Emakumeen bizimodua (ez emakumearena, ez inolako arketiporena) dute ardatz nagusi kontakizunok, eta ama izatea edo ez izatea gune-guneko bizikizun bihurtzen den une horri begiratzen diote bereziki.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments