1992an Getarian jaioa. Euskadi Irratian eta Berria egunkarian futbolari eta arraunari buruzkoak kontatzen dizkigu, besteak beste. Baina kirola ez du ofizio bakarrik: Getaria arraun taldeko arraunlari ere bada.
Honakoa da bere HIRUKOA:
BAR GLORIA. Nerea Ibarzabal (Susa, 2022)
“Idazlearekin dudan adiskidetasunak bultzatu ninduen erostera, argitaratu eta gutxira, baina erabat lotu ninduen hasi orduko. Istorioa josteko modua, denbora arteko jauziak, deskribapen zehatz bezain soilak… Toki txikian mundu konplexu bat kontatu du Ibarzabalek. Azken urteetan gusturen irakurritako lana”.
Egunaren zurrunbiloa noiz apalduko daude Ana, Rakel eta Migel, patxaran gozotan hirurei eusten dien sarea ehuntzen segitzeko. Idi buru bat dute zelatan –gorputz gaixo baten itzala ilunpean–, eta distantzia gutxira dute Paradise, desira ukatuen dantzaleku, gela erreserbatu eta moketazko hormekin; eta baita hiria ere, lagunarte berri, arrotz denaren aire urduri eta modernitatearen lokalizazioekin.
DESERTUAN BEHATXULOA. Anjel Lertxundi (Alberdania, 2022)
“Lertxundik prentsan egindako kolaborazioak irakurtzetik egin nuen haren liburuetarako jauzia. Bat hautatzearren, azken horrekin geratzen naiz. Lertxundi beti iruditu izan zait egokia euskaldun baten begietatik mundua ulertzeko. Haren lanek jakituria islatzen dute, irakaspen dira, eta gainera, izugarri atsegina egiten zait haren idazteko era. Oso modu ulergarrian azaltzen du dena, kanpoko balizetara joan beharrik gabe”.
Gutxitan gonbidatzen gaitu idazle batek bere etxera, bere laneko mahaira, bere ohe eta ametsetara; gutxitan erakusten dizkigu idazle batek zuzen-zuzenean bere baitako labirintoak, bere bihotzeko txokoak. Liburu honek ostatu ematen dio irakurleari idazlearen etxean eta gogamenean. Aldi eta alde askotako gonbidatuz beterik dauka etxea. Agapea, prest.
AUTOKARABANA. Fermin Etxegoien (Pamiela, 2009)
“Gogoan dut unibertsitaterako joan-etorrian irakurri nuela. Ikaragarri gozatu nuen. Idazleak erabiltzen duen ironia –Realari buruzko txiste makabroa–, egunerokotasunaren erabilera… Oso atsegin ditut estilo horretako liburuak, nerabezaroan Etxeberria anaien Egun denak ez dira berdin irakurri nuenetik. Haien kastakoa naiz alde horretatik”.
Eleberri honetan mundu garaikidea ageri da, errealismoz erakutsia. Protagonistak lan egiten du herri bateko kooperatiban, eta zenbait tramaren erdian aurkituko du bere burua. Esperientzian oinarrituriko literatura da, egungo familia zein laneko bizipenak jasotzen dituena. Elkarren artean gurutzatzen diren gertakizunek, erritmo bizian kontatuak, irakurlearen arreta hasieratik bereganatuko dute, eta espero ez duen amaierara eramango.