Maite Anton

0

1988an Ondarroan jaioa. Donostian Asun Dominguez joskintza akademian eskolak jaso ondoren Txatxala proiektua sortu zuen, eta joskintzaren tradizioa bizirik mantentzen du eguneroko bizitzarako osagarriak sortuz: poltsak, motxilak, karterak, lepokoak, zorroak eta irudian ikus litekeena bezalako turbante ederrak, guztiak oihal bereziz eta bakanez eskuz eginak.

Honakoa da bere HIRUKOA:

Etxeko urak. Leire Bilbao (Susa, 2020)
“Amatasunetik idatzitako liburua, amatasunaren ertzak eta arrakalak aztertzen dituena, uste sendoekin baino galderekin, kezka, aje eta minekin, baina baita zorion printza distiratsuekin ere. Ondarrutik mundura!”.
“Horrek etxeko urak dauzka” esaten da Ondarroan etxetik edan duela esateko, etxeko izaera dakarrela. Bada beraz iturburu bat. Amatasunetik idatzitako liburu bat bainoago, leku batetik idatzitako liburua baita Etxeko urak, amatasunetik. Urak botaz hasten da, umearen eta amaren erditzearekin; listua eta hizkuntza datoz gero, kolektibotasunaren marea, eta harraska inguruko domestikotasuna. Liburua ez dago amatasun idiliko batetik idatzita, ezta amatasunaren ukaziotik ere. Badira pozka eta minak, badago samurtasuna eta ama izatearen pisua, disidente izateko nahia eta ordena soziala mantentzearen arduraduna izatearen kontzientzia, dena alde batera botatzeko gogoa eta norbere ama ulertzeko saiakera.

Miñan. Ames Arzallus, Ibrahima Balde (Susa, 2019)
“Migratzera behartuta dagoen pertsona baten kontakizun maitagarri eta hunkigarria, lehen pertsonan, xaloki eta modu zuzenean kontatua. Liburu liluragarri eta bakarra, begiak irekitzen dizkizuna migrazioaren tristura eta krudelkeriari”.
Gineako hiriburutik Nzerekorera mila eta hirurehun bat kilometro daude. Ibrahima han ibili zen hiru edo lau urtez, kamioi batean, gidari batek aprendiz onartu zuelako. Aste batean Konakrytik Nzerekorera joaten ziren, eta hurrengo astean Konakryra itzuli. Egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea.
Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du. Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da nobela hau, hark ahoz eta Amets Arzallusek letraz idatzia. Berezia duelako zauria, eta berezia kontatzeko manera. Hitz egitean han balego bezala.

Faith. Lander Garro (Elkar, 2021)
“Gure herri txikiak badu bere historia, eta historia guk osatzen dugu, gure ametsekin eta gure amets hautsiekin, eroriz eta berriro jaikiz, batzuetan ausart, gehienetan hauskor. Eleberri sentikorra eta gordina, baina baita umore handikoa ere”.
Xabi Ugarte Bartzelonara doa, argazkilaritza ikasteko aitzakiaz Euskal Herriko errepresio-girotik aldentzeko asmoz (edo alderantziz). Ohe baten bila hasi beharko du, lagunen eta ezagunen etxeetan; hiri handiko kale eta txokoetara moldatzen joango da, Bartzelona bertako jendea nahiz han egokitutako euskaldunak ezagutzen, zinema-eskolan izena eman eta arlo horretan lehen pausoak ematen…
Bere familiak nozituriko zapalkuntzaren motxilak bizkar gainean jarraitzen du, ordea, bai Ugarteren gogoeta eta oroitzapenetan, bai poliziaren eguneroko jardueran ere: Xabiren anaia eta arreba ihes eginda daude, edozein unetan atxilotu ditzakete, eta bere inguruan ere txakurren itzal eta usain nahasezina sumatzen du.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments