Askatasuna zor

0

1947. urtean utzi zuen Martin Ugaldek Euskal Herria Venezuelara jotzeko; han zituen, ordurako, Pello aita eta Sobiet Batasunetik bertara eramandako Joseba anaia ere. Ama, berriz, Martinekin batera joan zen Andoaindik. Baina erbesterako bidea hori baino askoz konplexuagoa eta luzeagoa izan zen.

Aita, Pello, Andoaingo Udaleko zinegotzia eta alkate lanak egin behar izan zituena gerra frontean behin Pablo Egibar alkateak Iparraldera ihes egin ondoren, gerra galdu zenean Iparraldera igaro zen, Martinekin topo eginez, baina gutxira Venezuelara itsasontzia hartu zuen. Martinek ez zuen orduan berarekin joan nahi izan, amarengatik eta ikasketengatik, besteak beste…

– Hoa Andoainera, Martin, amarekin elkartu eta zaudete biok nire berrien zain; han, Venezuelan, guretzat lekua egokitzen dudanean etortzeko abisua pasako dizuet…

Edo antzekorik esan bide zion Pellok Martini, eta Donibane Garazin utzi zuen, beste gomendio eta jarraibide batzuk ere gogoan egotzita.

Gero, Martinek, Okzitaniako Gurs-ko zigor-zelaitik pasa eta alemanen atzaparretatik alde eginda Andoainera egin zuen lehen itzulera zaila izan zen oso; amarekin elkartzearen pozaz gain, bestelako herria ezagutu zuen, guztiz bestelako giroa, familiaren aroztegia arrotzen esku eta etxebizitza galduta… Herrikide asko ere ugaldetarrekiko agurrari itzurtzen zitzaion eta, hori guztia gutxi balitz, guardia zibilen kuartelera joan behar zuen hamabostean behin, aitaren berri ematera. Halako batean, nazkatuta, kuarteleko kaboari galdetu egin zion: Eta zer egin du ba gure aitak zuek bere peskizan ibiltzeko?

– Hori ezin dut nik jakin –erantzun zion kaboak–, espedientea Iruñako komandantzian dago… Zoaz haruntz jakin nahi baldin baduzu…

Joan zen Iruñara eta argitu zioten, bai, zergatik josi nahi zioten atzaparra: herrikide andoaindar baten salaketa tarteko –eta ez edozein– , zer eta Martinen aitari, Pellori, leporatzen zioten jeltzaleek Autonomia Estatutuaren aldeko kanpaina egin zutenean Andoainen, kontra azaltzen ziren herritarrei etxez etxe belarriak mozten ibili izana… (!!!) Asma ote liteke halako astakeriarik?

Lan bila ere hasi zen Martin baina lanik inon ez… Azkenean, baina, Manuel Labordek lanpostua eskaini zion labordetarren lantegian, Martinek bizitza osoan ondo gogoan izan eta eskertuko zuena, hain giro ilun eta gordinean Laborderen mailako gizon baten laguntza jaso izana, bere familiaren gorabeheren jakitun izan arren. Soldaduskara joateko ere deitu zuten Martin, nora eta Afrikara, Tetuanen egin behar izan baitzuen hiru urteko soldaduska amaiezina. Handik itzulita, sorterrian diktaduraren urterik gogorrenetan eta familia zatituta, ama-semeek aitaren deia jaso zutenean Venezuelatik ez zuten denbora askorik behar izan abiatzeko, askatasunean familia osoa berriro elkartzearen bizipozarekin.

Maiz esan zuen Martinek bitan ikasi behar izan zuela herria maitatzen: Andoain eta Euskal Herria lehenik eta, ondoren, Caracas eta Venezuela. Venezuelan, Ugalderen familiak berriro hutsetik hasi behar izan zuen eta Martinek, ezagutu berria zuen askatasunean, idazteko zaletasuna ogibide bihurtzea lortu zuen eta Venezuelako egunkari eta aldizkari nagusietan hasi zen lanean, Venezuela lau haizeetan ezagutzeko lanari ekitearekin bateratsu. Aberri berria besarkatzeak ez zuen, baina, jatorrizkoa ahaztea ekarri eta Caracasko Euskal Etxean, EAJn hartu zuen militantziaren bitartez, ekimen sorta luzea abiarazi zuen…

Euskal Etxearen giroan emazte izango zuena ezagutu zuen: Anamari Martinez Urreztieta; Martinen bilakaeraren giltzarria. Harekin osatuko zuen familia berria.

Oso aurrera egin zuen Martin Ugaldek Venezuelako gizarte eta kultura giroan. Bertan ondu zuen literatura maila handikoa izan zen eta halaxe aitortu zion Venezuelako gizarteak hainbat sariren bitartez. Ibilbide arrakastatsua: ‘Un real de sueño sobre un andamio‘ edo ‘Las manos grandes de la niebla‘ obra bikainak horren lekuko dira. Creole Petroleum Corporation enpresa handian ere irabazpide erosoa lortu zuen… Bizitza berria eginda zuen Martinek Venezuelan, arrakasta lortuta zuen, aurrera begira bide zabala Hego Ameriketako literaturaren esparruan lorratza zabaltzeko.

Jarrai zezakeen gazteleraz idazten bere sorterriarekiko loturari amore eman gabe, han, Caracasen, Venezuelan… Baina ez. Ez. Familia osatzeak, alaba-semeetan lehena izan zen Unairen eskolaratzeak, herriminak, zimiko egiten zioten aspaldi: ez ote zuen berak euskal idazle izan behar Euskal Herritik milaka kilometrotara egon arren? Ez al zion hainbeste zor diktadurapean bizi zen bere sorterriari? Edo berezko zuen hizkuntzari? Erraietako kezka horrek eraman bide zuen Martin ‘Hiltzaileak’ izenburuko ipuin bilduma bikaina idaztera, euskaraz idatzitako bere lehenengo ipuin-sorta. Ipuinek izan zuten arrakastak, aho batez haien literatur bikaintasuna goraipatu izanak harturiko bide horretan bermatu zuten: euskaraz idazteari helduko zion; zailtasunak zeuzkan arren horri emango zion lehentasuna. Erabakia irmoa zen.

Baina ez zen erraza. Urteak aurrera joan ahala, Euskal Herrian apurka-apurka euskara baturantz jotzeko pausoek indarra hartu zuten eta Martinek, maiz, bere burua bilakaera eta aurrerapauso horietatik urruti ikusten zuen. Sarri euskal literaturaren uzta eskuratzeko, txikia izan arren, arazoak zituen eta luze itxaron beharra; beste horrenbeste Euskal Herriko berriei zegokienez: atzerapen handiarekin jasotzen ziren bere xehetasunetan. Ogibide egin zuen kazetaritzatik bizi beharra zeukan eta horrek ere ez zion erraztasunik ematen euskarari guztiz begira jartze aldera… Baina euskaraz idazten jarraitu zuen: ipuinak, antzerki lanak eta artikuluak Caracasko urte haietan.

1960ko hamarkadako bizkortze ekonomikoaren abaroan, Martinek Euskal Herrira itzultzeko aukera ikusi zuen. Baina, horretarako, Venezuelan hogei urtez ondutako lan guztia, harreman guztiak, aberri berria atzean utzi behar zituen eta atzera ere bere burua Euskal Herrian kokatzen ahalegindu. Hori izan zuen beti gogoan baina oso urrats zaila zen, gauza asko hartu behar zituen kontuan: zein ogibide izango zuen, familia aurrera nola atera, non kokatu… Alabak eta semea koskortzen ari ziren eta unea zen haiek ere Euskal Herrian txertatzeko edo betirako Venezuelan geratzeko… Gainera, bazekien euskararen inguruan auzia bazetorrela, batuaren aldekoen eta kontrakoen artean… Euskararekin ere bere burua gehiago trebatu beharko zuen…

Eta atzean utzi behar zuen Venezuelan egindako ibilbide oparoa, oso bizi-maila ona ekarri ziona, bere burua akademikoki prestatzeko aukera Ipar Amerikako Estatu Batuetan eta gaztelerazko literaturgintzan ongi merezitako ospea eta oihartzuna.

Horri guztiari bizkarra eman eta itzal artean azaltzen zitzaion Euskal Herrira itzuli nahi zuen. Hori zor zion bere buruari; horixe zor bere askatasunari.

Eta egin zuen. Aurretik familia bidali zuen, berari Hego Euskal Herrira sarrera galarazten ziotenez, baina lortu zuen berak ere, azkenik Hego Euskal Herrira igarotzea… Eta, uste bezala, Euskal Herriratu ondorengo urte horiek oso zailak izan ziren Martinentzat, idazten zuenetik bizi behar zuen eta hori ez zen batere erraza gertatu; ordu asko egin behar izan zuen eta lan askok ez zuten, maiz, merezitako ordaina jaso; gainera, Hego Euskal Herritik bota zuten berriro… Laguntzarik ez zuen falta izan, zorionez, eta euskal gaiek sortu zuten jakinminari esker gazteleraz argitaratuz moldatu ahal izan zen, azkenik. Eusko Alderdi Jeltzalearentzat ere oinarrizko lanak egin behar izan zituen, bereziki komunikazioaren eta kulturgintzaren alorrean. Eta hamaika liskar ezagutu eta jasan behar izan zuen, orain oso hurbiletik, euskara batuaren auzia zela batetik edo, bestetik, Franco osteko garaietarako prestatzen ari ziren egitura politiko “berrituen” ildoan.

Joan Mari Torrealdaik eta Martinek prestaturiko ‘Andoaindik Hondarribiraino Caracasetik barrena’ autobiografikoan Martinen bizialdi horren lekukotasun osoa irakur liteke eta hor suma liteke bere liburuak irakurriz itzuriko zaigun alderdia:

Martinen sakrifizio handia.

Ezen ‘Hiltzaileak’ edo ‘Mantal urdina’, edo ‘Pedrotxo’ edo gaztelerazko bere edozein literatura edo kazetaritza lan irakurriz –lehentxexeago aipatuak adibide–, berehala jabetuko da irakurlea narrazio horien bikaintasunaz, bere idazkeraren lirismoaz egoerarik gogor eta zaurgarrienak azaltzeko ere…, baina ez da jabetuko gaztelerazkoari gordin uko eginez Martinek egin behar izan zuen sakrifizioaz euskarazkoaren bide malkartsuetan gora aurrera egin ahal izateko…

Literaturari eta kazetaritzari berak egindako ekarpenaz gain, euskaltzaleok horretan dugu eredugarri guztiz Ugalde… Horretan eta bere azken urteetako egitasmoaren aitzindaritzan…

Torrealdaik eta Ugaldek argitaraturiko ‘Andoaindik Hondarribiraino…’ liburuan ez duzu Martinen azken urteen berri izango, ez duzu berak eta Egunkariako zuzendaritzak jasan behar izan zuten amesgaiztoaz ezer aurkituko. Liburua idatziz gerokoa izan baitzen amesgaizto hori guztia, Martin bera hil arte, eta baita ondoren ere, iraun zuena.

Martinek behin egin zuen askatasunerantz bidaia handia, Venezuelara, eta ustez askatasunera itzuliko zelakoan egin bide zuen itzulera… Joaterakoan ongi zekien ordurako zein neurritako gezurrak esan zitezkeen inoren bizkarretik (aitari buruz Iruñako guardia zibiletan entzun zituenak, kasurako) eta, itzuleran, euskararen aldeko bere azken apustu handian, Euskaldunon Egunkaria bere ibilbidean aurrera ikus zezakeenean, ukaldi bakar batez eta tortura salaketa izugarrien artean, berriro ere gezurra jaun eta jabe ikusi zuen, inolako erreparo eta lotsarik gabe, bere unibertso guztia zapuztu eta txikitzeko ahalegin betean.

Euskararekin eta askatasunarekin bere zorra berdindu zuen Martinek; ez, ordea, askatasunak, berarekin harturikoa.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments