Irudi bat gogoan

0

Martinekin izandako bizipenetik idazteko eskatu didate eta horretaz pentsatzen jarrita, zera konturatu naiz, Martin Ugalderen ezagutza eta berarekiko harremana nire bizitzaren bi epealditan banatu behar dudala, haurtzaro garaikoa bata, helduarokoa bestea. Eta  batean zein bestean, gizon horren gizatasuna nabarmendu zitzaidala.

Lehena, nire aita zenaren bidez jasotakoa. Aitak, otordu garaian batik bat, bazuen mahaian kontu kontari aritzeko ohitura, berak bazuen hitz jarioa eta ni kontu jale ona izan. Horrela bada, berari  entzunda ezagutu nituen Martin Ugalderen eta bere familiaren ibilerak, 1936ko altxamendu haren ondorioak pairatu eta gora behera askoren ondoren, Venezuelan hasi zuela familiak berriro bizimodua, baita gerora  Euskal Herrira itzultzea erabaki zueneko berria ere.

Gaztexeago nintzela, sosak irabazten hasi nintzenean, aitari egindako lehen oparietako bat Martin Ugaldek idatziriko ‘Hablando con los vascos’ liburua izan zen. Eta, bide batez, neronek ere  Martinen lehen liburu bat irakurri nuen unea.

Urteak pasatu ziren eta 1985ean, aita bihotzekoak jota bat batean hil zenean, berriro lotzen ditut bera eta Martin. Doluminak emanaz jasotako hainbat mezuren artean, bazen nire arreta erakarri zuen telegrama bat, eta halaxe hasten zen Martinek bidali ziguna: “Min dut bihotzean. (…)”

Huraxe izan zen Martinek eta aitak bat egiten zuten azken unea niretzat.

Bigarrena,  1997. urtean izango da. Andoaingo Udalak eta Manuel Larramendi Kultur Bazkunak Martin Ugalde omentzeko asmoa hartzen dutenean eta bere merituetan oinarrituta, Udalak Andoaingo Seme Kuttun izendatuko duela erabakitzen denean.  Garai hartan Udaleko kultur teknikaria izanik, omenaldia eta izendapenaren antolaketan eta bere kudeaketa lanetan aritzeak dakarkit Martin zuzenean ezagutzeko parada eta hortik hasi eta bera hil artean landuko dudan harremana.

Hilabete beteak izan ziren 1997ko prestaketa garai haiek, baita ekitaldiak gauzatu ziren egunak ere eta Martinekin berarekin harremana izateaz gain, bera ondo ezagutu zuten Euskal Herriko nahiz Venezuelatik etorritako hainbat pertsona esanguratsuren iritziak eta kontuak partekatzeko aukera izan nuen. Ordurako, bere adina zela-eta gizon  meharra eta txiki antzera itxuraz azaldu arren nire aurrean, jakinduria handikoa, konpromiso handiko bizimodua eta gizatasun erraldoia zeriola alde guztietatik ikusteko gai nintzen.

Baina ez naiz luzatuko horretan. Barru-barruan iltzatuta gelditu zaidan anekdota ekarri nahiko nuke lerro hauetara, urtero-urtero, azaroa iristen denean, burura etorri eta argi eta garbi irudikatzen dudan bat, hain zuzen ere.

1997ko omenaldi hartan, hitzaldi, erakusketa, aipamen eta abarren artean, bi lehiaketa ere antolatu ziren: bere kazetari izaeran oinarrituta ‘Erreportari lehiaketa’ bat eta bere ipuingintza kontutan hartuta, ‘Ipuin Lehiaketa’ ere antolatu zen.

Martin euskal ipuingintza modernoaren aitzindari bezala aipatu zutela batzuek eta besteek ikusita eta omenaldi horrek jarraipena izan zezan, data horretatik aurrera  bere izena daraman ‘Martin Ugalde Ipuin Lehiaketa’ antolatzeari ekin zion Andoaingo Udalak eta halaxe bete dira 25 urte 2021eko azaroan. Hasieratik eta bere osasuna lagun izan zuen artean, azaroaren 11ren inguruan, berarekin adosten genuen sari banaketa eguna eta horra non etortzen zitzaigun Hondarribitik Andoainera  jarritako ordurako bere liburu multzo bat besapean zuelarik. Andoaingo Udalak ematen zien irabazleei diploma eta dirutxo bat baina Martinek, horrez gain, saritu bakoitzari, bere  liburu bat oparitzen zion momentuan zetorkiona idatziz. Baina aurretik,  gaztetxo zein gazte saritu bakoitzari galdetzen zion kontatzeko zertaz zihoan bere ipuina, zertan oinarritu zen gai hura aukeratzeko, ea zer lortu nahi izan zuen hura kontatzearekin… etab. Eta, batetan baino gehiagotan, ipuin egileak  gaia gerra zela aipatzen zuenean, Martinen harridura ikustekoa izaten zen.

Haur eta gazte horiek munduan han-hemenka gertatzen ziren gerren berri komunikabideen bidez jasotzen zuten, nahikoa urrutiko lurraldeetako gatazkak kontatzen zituzten baina berari, hain gertu, hain hurbil ezagutu eta pairatu zuen gerra markatutako gizona izanik, harrigarria egiten zitzaion  gazte haiek gerraz kezkatuta azaltzea eta horretaz idaztea.

Dagoeneko Martin ez da izaten gure artean sari banaketa egunean baina berari sortzen zitzaion  jakin nahi eta interes hura ere gure artean pizteko xedez,  urtero eskatzen zaie eta mikrofonoa eskaintzen lehiaketako irabazleei, bere lana idazteko zertan oinarritu diren, zein iturritatik hartu duten ideia, nori eskaini nahi dioten, etab. konta dezaten, Martinek jakin nahiko zukeen modura.

Nik ez dakit urte haietan Martinen galderak jaso zituzten orduko irabazleek  gogoratuko duten une hura, baina nik ez dut ahaztu eta oraindik ere urtero berritzen dut irudi hura, egungo ipuin egileak saria jasotzen ari diren bitartean.

Bukatuko dut esaten zorteko izan nintzela garai hartan Martin ezagutu nuelako baina zorteko izan nintzela ere  bere alboan,  ia 50 urtez,  izan zuen Anamari Martinez de Urreztieta andrea ezagutzeko aukera ere izan nuelako. Martinek Andoainera etortzeari utzi zionean, Anamarirekin hitzartzen genuen sari banaketa ekitaldiaren eguna eta bera arduratzen zen familiako kideren bat (Ainara gehienetan) bertan egon zedin. Aitzakia hori nahikoa izaten zen berarekin hizketaldi luzea bezain samurra izateko, baita 2003ko otsail ahaztezin hartan, Egunkariaren itxierak eragindako mina, laidoa eta irainaren, eragindako sufrimenduaren testigu izateko eta partekatzeko ere.

Martinen antzera, Anamarik ere erbestea ezagutu zuen Venezuelan. Amodioak bultzatuta, elkarrekin  sortutako familiak herrialde hartan bizimodu egonkorra, erosoa eta profesionalki oso errekonozitua izatea lortu zuenean, bertan gelditzea erraza zenean, dena utzi eta ziurgabetasun handiko egoerara itzultzeko erabakia hartu zutenean, Anamari seme-alabak alboan zituela,  senarra gabe,  etorri zen aurretik Euskal Herrira eta Martin bi urte geroago. Hori  emakume ausart eta handi batek egin zuen. Gizon handi baten ondoan,  emakume handi bat orduan ere.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments