Atzekoz aurrera hasiz gero, oroimen lausoa dut Martinen bizitzako azken bi urteez. 2004ko abuztuan kartzelatik atera nintzenean, bi hilabeteko bizia geratzen zitzaion Martini. Urriaren 4an hil zen.
Bigarren aldia zen Martin hiltzen zela niretzat. Egunkaria itxi ondorengo tortura egunetan hil zidaten Martin guardia zibilek. Orduan, lehertu egin nintzen emozioz. Orduan, urtu egin nintzen negarrez.
Aukera bakarra izan nuen Martinekin egoteko hilabete pare horretan. Gaixotasunak bizitzari aurrea hartzen zion bitartean, berak esango zuen moduan, “Off” egunak gailentzen zitzaizkien “On” egunei.
Hondarribiko etxeko salatik Txingudiko badia bistan nuela eseri nintzen sofan, ezker hormako besaulki banatan Martin eta Anamari nituela. Ohi bezala.
Bazkalondo arratsaldeak izaten ziren. Salako leihotik hegazkina lurreratzen, itsas bazterra pista bihurtzen den muga horretan. “Hara, hor dator ministroa!” egingo zidan irribarre.
Anamarirekin batera solasean arituko ginen hiruak. Eta askotan, itzuli bat egitera aterako ginen ondoren Martin eta biok. Gaurkotasun kontuak hitz egiten genituen hiruon artean. Politika, aurreko egunetan gertatutakoak… Sinpatiaz eta askatasunez. “Zer moduz doa gure lokomotora?” galdetuko zidan txantxetan. Errotatiba zen lokomotora. Errotatiba eta Astelehenetako Egunkaria. Horiek ziren gainditu gabeko gure langak, eta askotan etortzen zitzaizkigun solasera.
Lasai hitz egiten genuen. Konfiantzan. Aske. Bakoitza geuretik. Lezo Urreztietaren ibilerak, gerra aurreko liskarrak sozialista eta jeltzaleen artean…, Caracaseko diaspora kontuak, Agirre, Andima, Ajuriagerra, jeltzaleen familia zaharrak, Andoaingoak… Historiaz, Egunkariaz, etorkizunaz, gure kontuez arituko ginen paseora ateratakoan.
Oso hurbiletik jarraitu genuen 98ko Lizarra-Garazi garaia. Jakin mina zuen. Nahi zuen, hainbatek bezala, errealitate bihurtuta ikusi. Ez zuen uste Arzalluz benetan ariko zenik. Ez zen fido. Sinistu nahi zuen ordea. Ikusi nahi zuen abertzaleen arteko joko baterakoia aurrera egiten….
Garai horretan saiakera serioa egin genuen Egunkaria, Deia eta Eginen artean errotatiba bakar eta bateratua martxan jartzeko. “Zer moduz doa gure lokomotora?”. Ez zen aurrera atera.
Chavez iritsi zenean, Venezuelaren bilakaera ere gertutik jarraitu genuen. Ez zion sinpatia handirik militar paratxutistari. Diaspora ez zaindu izana egozten zion Gasteizko Jaurlaritza jada ez hain berriari.
Egunkariarentzat diru-bila ere egin genituen buelta batzuk. Joanito Zelaiarengana, esaterako, pare bat aldiz joan ginen eta primeran tratatu gintuen. “Xaguek jango diote diru dena hiltzen denean!”. Egunkariara ez zen askorik iritsi.
Behinola, Egunkariaren paperen afera agertu zen prentsan. ETAk bazuela Egunkariari buruzko informazioa. Normala iruditzen zitzaion Martini. “Erakunde baten buruzagitzak behar du informazioa. Burua oxigenorik gabe uztea bezalakoa da informaziorik gabe uztea”. Ez zen alferrik ibili bera ere sasian EAJrentzat lanean!
Alderdian, herriaren eta aberriaren alde. Demokrazian beharrezkotzat zituen alderdiak. EAJkoa eta EAkoa izan zen bera, militantea, baina alderdiaren eta alderdien gainetik euskara eta aberria zituen. Ikuspegi horrekin posible zen alderdi ezberdinetako euskaltzale eta abertzaleen arteko elkarlana. Ajuria Eneko Ituna indar betean egon arren. Santi Brouard edota Txillardegi. Harremana alderdien gainetik. Bakoitza tinko berean. Euskararen eta aberriaren alde.
Gogoan ditut Belodromoko Festak. Egunkaria Sortzenen bazkariak, Egunkaria Festak… Guztietan hartzen zuen parte Martinek eta idatzita eramango zuen bere hitzalditxoa. Burutik eskura dagoen hausnar tartea errespetatuz, beti.
Egun “On”ak izan ziren Martinekin pasa nituen guztiak.