Nahiz eta arpoia bota, ez dute balea zuria hilko

0

Poesiarekiko pultsioak eta grinak bultzatuta Felipe Juaristik, Juan Ramon Makusok, Pello Otxotekok eta Aritz Gorrotxategik bide bati ekin zioten duela zenbait urte lagun giroan eta elkarlanean: Poesia eta pentsamendua jardunaldiak izan ziren lehenengo 2007an, Balea Zuria argitaletxea sortu zuten joan den urtean eta aurten, jardunaldien barruan, DK Poesia Lehiaketa antolatu dute. Bi astez behin elkartzen dira, gainera, afaltzeko eta literaturaz mintzatzeko.

“Poesia egia da”, dio Felipe Juaristik (Azkoitia, 1957) modu irmo batean. “Ipuina, aldiz, fikzioa, baita nobela ere”. Juan Ramon Makusoren (Errenteria, 1961) obsesioa, aldiz, “hitza” da. “Beti ikusi dut poesian hitzak daukala garrantzi handia, baina beste generoetan hori ez dut hainbeste antzematen: narrazioetan, ipuingintzan… horietan ez dago hainbesteko zehaztasunik”. Aritz Gorrotxategi (Donostia, 1975) eta Pello Otxoteko (Irun, 1970) ere bat datoz beraien kideekin. “Nik esango nuke poesia esentziara doala. Narrazioan soberakin asko dago”, dio Gorrotxategik. Otxotekok beste hitz batzuk erabiliz antzeko deia azaltzen du. “Poesia lengoaiaren esentziara doa. Niretzat poesiak egiten duena da lengoaiaren destilazio bat: whiski bat dastatzea bezala da. Lengoaia saiatzen da murrizten, muineraino iritsi arte. Eta muineraino eramaten duena da lurrin bat, gozagarria, emoziozkoa eta estetikoa”.

Poesiarekiko zaletasunak eraman zituen laurak duela 10 urte baino gehiago hilabetean behin elkartzera, lagun giroan, Juaristik esaten duen bezala, “literaturaz aritzeko”. Eta bilera informal horietan bururatu zitzaien jardunaldi batzuk antolatzea: “Felipek eta biok jo genuen Donostiako liburutegira, Alderdi Ederren dagoenera, eta lehenengo jardunaldia Patxi Presarekin egin genuen”, azaldu du Makusok. 2007an Poesia eta pentsamendua izenarekin antolatu zituzten lehenengo jardunaldi horietatik 10 urte igaro dira jada, eta gaur egun sendotu den proiektu bat dela azpimarratu dute Balea Zuria argitaletxeko kideek. “Nik brometan esaten dut Donostian agintean PSE zegoenean hasi ginela, gero tokatu zen Bilduren aldia eta orain EAJ dago. Hiru alderdi ezberdinekin ongi moldatu gara”, dio Gorrotxategik. “Gure proiektua bideratzea lortu dugu eta ez dugu arazorik izan. Kulturarekiko orokorrean sentsibilitate handia dute, eta bereziki poesiarekiko”. Gorrotxategik horrelakoetan udaletxeko teknikariak duen paperaren garrantzia ere azpimarratu du. “Nik esango nuke kasu honetan teknikariak garrantzi handia duela eta, hark sinesten badu, gustatzen bazaio eta gauza horiekiko sentsibilitatea badu, erraztu egiten ditu gauzak”.

Jardunaldiak Victoria Eugenian egiten dira urtero, klubean. Sendotasun horren inguruan eta Donostia Kulturarekin elkarlanean, DK Poesia Lehiaketa antolatu dute aurten lehenengo aldiz. “Konplizitate horren harira sortu da lehiaketa”, adierazi du Gorrotxategik. “Nik uste 10 urte eta gero gurekin gustura daudela eta sinetsi egin dutela proiektuan. Urte hauetan guztietan konplizitate hori landu dugu eta argitaletxea sortu genuenean eta lehiaketarena otu zitzaigunean bururatu zitzaigun lehendabiziko gauza Donostia Kulturako atea jotzea izan zen. Erantzuna berehala jaso genuen”. Horrez gain, gaur egun poesiaren egoera aztertuta, sare sozialetan mugimendu handia dagoela aipatu dute lau kideek. “Momentu honetan poesia ez da zabaltzen liburuen bidez, baizik eta sare sozialen bitartez. Hor lan izugarria dago. Kontua da liburuetan zer zabaltzen den, eta gure asmoa hori da”, dio Juaristik. Otxotekoren ustez, gainera, gaur egun poesia argitalpenek pittin bat behera egin dute, eta horregatik antolatu dute, Gorrotxategik adierazi duen bezala, lehiaketa. “Lehiaketa atera dugu neurri handi batean susmoa daukagulako badagoela idazle jende gaztea, eta uste dugulako liburua argitaratzea oraindik ere gauza inportantea dela. Sari ekonomikoa ez da beste mundukoa, apustu egin dugulako liburuarengatik”.

Egarria
Balea Zuriaren web gunean argitaletxearen filosofia esplikatzen dutenean egarria eta galderak aipatzen dituzte aurkezpen gisa. Makusok ongi azaldu du horren zergatia. “Gure artean hori daukagu: elkartzen garenean zalantzak eta galderak izaten ditugu, eta poesia bera beti da iradoki egiten duen zerbait. Espiritu horrekin argitaletxeak ere gaur egun hori egin behar du. Hori nahiko garbi geneukan: gure argitaletxetik ea lortzen dugun guk dauzkagun kezkak barreiatzea”. Gorrotxategik zalantza eta egarria teknologiaren aro honetan kokatu ditu. “Teknologiaz ari garenean ondo taxututako pentsamenduak ez du leku askorik, gehienak dira mezuak, azkarrak, eta horrek daukan arriskua da jakin nahi hori diluitu egiten dela. Informazioa pilatu nahi dugu, baina gero ezagutza ote dagoen horren atzetik eta gure buruari galdetzen ote diogun eta hau auzitan jartzen ote dugun, ba hor zalantza daukat. Espiritua hori da, bai argitaletxearena, bai jardunaldiena”.

Felipe Juaristik, Juan Ramon Makusok, Pello Otxotekok eta Aritz Gorrotxategik otsailaren amaieran sortu zuten Balea Zuria argitaletxea, eta orduz geroztik bi liburu argitaratu dituzte: Luis Garderen Barbaroak baratzean poesia bilduma eta Chillidari gorazarre-Elogio a Chillida, argitaletxearen lau sortzaileen artean ondua. Asmoa, urtean bizpahiru liburu argitaratzea da, poesia batik bat, eta saiakera, ahal bada. “Saiakera ere argitaratu nahiko genuke”, dio Felipe Juaristik. “Gertatzen dena da asmoa baldin bada urtean bi liburu argitaratzea saiakera barne, poesiari ale bakarra geratuko litzaiokeela. Horregatik, beharbada, saiakera argitaratuko dugu bi urtean behin”. Esparru horretan, saiakera literarioa da planteatzen dutena. “Gauza labur bat nahi genuke, euskal literaturari buruzkoa eta, ahal bada, euskal poesiari buruzkoa”. Horrez gain, asmoa urtean bizpahiru liburu argitaratzea dela ikusita, beraien afinitatekoa ez denik ez dutela argitaratuko azpimarratu du Juaristik. “Urtean bi liburu kaleratu behar baditugu, gure gustukoak izango dira, poesia mailan”.

Argitaletxe txiki bat sortzeko buruhausteak
Argitaletxeko eskriturak otsailaren amaieran egin zituzten, eta hau izan da alderdirik korapilatsuena, Juaristik azaldu duen bezala. “Hori nahaste-borraste bat izan zen guretzat. Inork ez daki zenbat paper behar diren enpresa txiki, xume, ziztrin bat sortzeko. Ez dago eskubiderik. Guk ez daukagu ideiarik, argitaletxe bat sortu eta ari gara multak ordaintzen ez dugulako paper bat bete… Hori gertatu zaigu ezjakinak garelako”. Proiektua aurrera eramateko ez dutela inolako laguntzarik izan aipatu du. “Kultura arloko enpresa bat sortzean pentsatzen duzu: lagunduko digute. Baina ez dizu inork laguntzen”. Gaur egun, gainera, tramite asko internetez egin behar dira eta, Gorrotxategiren ustez, horrek dena zailtzen du. “Orain internetera bideratzen zaituzte. Ez dira aklaratzen eta ez da batere erraza”.

Balea Zuria argitaletxea bere lau kideek beraien poltsikotik ordaindutako proiektua da, Otxotekok azaldu duenez, ez baitute diru-laguntzarik ematen bost liburu argitaratuta eduki arte. Hala ere, 2019rako diru-laguntza eskatzeko moduan egongo direla aurreikusita dauka laukoteak. “Ordurako arruinatu ez bagara…”, dio erdi txantxetan Juaristik.

Liburua: teknologiarekiko etena
Paperezko liburuari garrantzia eman nahi diote, objektu bezala. Poesiak irakurle gutxi izateak ere badu horretan eragina, Gorrotxategik azaldu duenez. “Badakigu, errealistak izanda, euskal poesian irakurle asko ez daudela, ez gure argitaletxean soilik, orokorrean baizik. Irakurleak gutxi direnean, abantaila da fidelak direla. Guk uste duguna da guk sortzen dugun produktu hori interesa duen jende jakin batentzat dela eta jende horrek interesa duenez, liburura joko duela. Eta, ahal bada, kalitatezko liburuak egin nahi ditugu”. E-liburuaren konpetentziari dagokionez, Makusoren ustez, orain horien erabilerak behera egin du. “Badu bere logika, orokorrean irakurri ere ez baita hainbeste irakurtzen”. Gorrotxategik beste arrazoi bat ere eman du. “Nik uste oso praktikoa dela, baina era berean beti gaudenez pantailaren aurrean, jendeak esaten du: nik nahi dut momentu batean honekin eten, liburu bat irakurri, orrialdeekin, eta teknologiarekin eten. E-liburuarekin hasieran aurreikusten zen arrakasta hura ez da horrenbestekoa izan, dena pantailen bidez egiten dugunez, liburua joera horren eten moduko bat bilakatu da”.

Urte hauetan guztietan jardunaldietako azalak Imanol Larrinagak egin dizkie, baita Juan Ramon Makusoren liburuetako azalak ere, eta liburuen diseinua egiteko harengan pentsatu zuten. Azala egiteko poema batean oinarritzen da Larrinaga. “Berak aukeratzen du zein poema gustatzen zaion azala sortzeko”, azaldu du Makusok. Lehenengo liburuaren diseinua egiterakoan, Larrinagari beste poema batean inspiratuta akuarelaz egitea bururatu zitzaion, eta horrek kontrazala diseinatzeko pista eman zien, Otxotekok dioenez. “Ikusi nuen berak aurkezten zuen portadaz aparte, akuarelaz egindako irudi hori oso polita izan zitekeela kontraportadarako. Hain zuzen ere, txinatarrentzat kaligrafia koadroa da. Eta pentsatu nuen: har dezagun idatzitakoa koadro bat bezala. Lehenengo esperientzia egin dugu eta gustatu zaigu”. Horren ostean ildo horri eustea erabaki dute eta argitaratzen dituzten hurrengo liburuetan atzean horixe jarriko dute, etxeko marka bezala.

Letra mota hautatzea ere ez zen erabaki erraza izan. “Hemen ohikoa ez den letra bat aukeratu genuen, baina Ingalaterran erabiltzen dena, Baskerville delakoa, batez ere literarioa delako”, dio Felipe Juaristik. Letra tipo asko begiratu genituen, baina edozein gauza erabakitzeko denbora pila bat pasatu dugu, lau baikara. Baskerville letra elegantea da, ingelesa, lord bat bezalakoa. Eta fina”. Barruko paperari dagokionez, ez da zuria, “hueso sepia deitzen diote inprentakoek”, dio Makusok. Detaile estetikoekin eta, objektu bat den heinean, liburuen nortasunarekin amaitzeko, horien beste berezitasun bat azpimarratu du Gorrotxategik. “Azalean dagoen zigiluak erliebe puntua dauka, behatza pasatuz gero nabaritzen da”. Inprentan huella en seco esaten omen diote.

Melville-ren Moby Dick eta Balea Zuria
Argitaletxearen izena kide gazteenari otu zitzaion, Aritz Gorrotxategiri. “Aspaldi, argitaletxe bat inoiz sortuko ote genuen eztabaidarekin hasi ginenean, Itaka izena gustatzen zitzaigun, baina gero urteak aurrera joan ahala bazterrean utzi genuen eta balearena bururatu zitzaigun. Eta gero erabakigarria izan zen, Imanoli, margolariari, hori esan genionean egin zuen logoaren irudia. Hura ikusi genuenean izenak hori behar zuela izan erabaki genuen, eta aurrera egin dugu”.

Balea hitzaren inguruan ere erabaki bat hartu behar izan zuten. “Belarrirako Bale Zuria egokiagoa da, ezta? Baina paperean jartzeko hitz honek a itsatsia darama”, dio Makusok. “Hor eztabaida eduki genuen: egingo dugu transgresio hori? Baina Felipek esan zuen: jar dezagun a itsatsiarekin, arauaren arabera”.

Bai, mundu guztiak dakien bezala, gogoeta eta ura betiko lotuta daude. Argitaletxearen web gunearen azalean ageri den esaldia da, eta hori ere Gorrotxategiren ideia izan zen. “Aspalditik daukat Moby Dick bi aldiz irakurrita eta azpimarratuta, eta asko gustatzen zait, hasiera batez ere: lehendabiziko kapitulua oso ona da. Hor kontatzen du nola Ismael joaten den itsasora etsita dagoenean, eta oso pasarte politak daude itsasoarekin eta gogoetarekin lotuak. Azpimarratuta neuzkan pasarteetara jo nuen zuzenean, eta honekin topo egitean egokiena iruditu zitzaidan”. Nobela, gainera, laurentzat izan da garrantzitsua, Otxotekok azaldu duenez. “Nik erantsiko nuke, gainera, lauron oso gustukoa dela motiboa”. Otxoteko eta Juaristiren poemetan Ahab kapitaina azaltzen da. Horregatik, Juaristik motibo hori erabili du argitaletxearen lema azaltzeko. “Ideia hori da gure lema: nahiz eta arpoia bota ez dutela balea zuria hilko”.

LEHENENGO ARGITALPENAK

Sortu berri duten argitaletxearen katalogoa estreinatzeko Luis Garde poeta aukeratu dute. “Luis Garde miresten dugun poeta bat da”, adierazi du Juaristik. “Laurok poesia asko irakurri izan dugu eta gure lagunak ditugu, ez fisikoki, poesia lagunak alegia, eta Garde horietako bat da”. Afinitate hori izatea garrantzitsua izan da, beraz, lehenengo liburua aukeratzeko orduan, Otxotekok dioen bezala: “Garde gure sintonian dago”. Horretarako laurak Doneztebera joan ziren, poeta honi proposamena luzatzera”.

Chillidari gorazarre – Elogio a Chillida liburua, berriz, ez zen salmentan atera. Jardunaldiek 10 urte bete zituztenean kaleratu zutela azaldu du Gorrotxategik. “10 urte bete genituenez aukera izan genuen Chillida-Lekun ekitaldi bat egiteko eta liburua opari gisa banatu genuen”. 10. urteurrena ospatzeko beste modu bat izan zela erantsi du Makusok. “Chillida-Lekun egitea bururatu zitzaigun. Oso ondo hartu gintuzten, berehala eman ziguten baiezkoa. Aipatu genien nola ari ginen argitaletxea osatzen, une hartan ari baikinen, udaberrian papeleoa egiten, eta libururako azala emango zigutela esan ziguten”. Azala Chillidaren original bat da, baina Chillidaren obra kudeatzen duen fundazioak originala baldintza batekin utzi zien. “Eman ziguten, baina esan ziguten doan eskaini behar genuela liburua. Oparia da”, dio Juaristik. “150 ale banatu genituen egun hartan Zabalagan emanaldia egin genuenean”. Orain ere, aurkezpenetan, Luis Garderen liburua erosita Chillidarena oparitzen dute.

Barbaroak baratzean liburu-dendetan egongo da salgai, baina aurkezpenak eta errezitaldiak antolatzen saiatuko dira, bai liburu-dendetan, bai kultur aretoetan. “Hori da bide bat, batetik liburua ezagutzera emateko, eta bestetik han ere liburu ale batzuk saltzeko”, dio Gorrotxategik. Gainera, modu horretan poesia jendeari helarazi nahi diote, Makusoren ustez, Euskal Herrian zirkuitu oso txikia baitago. “Ia ez da poesia emanaldirik egiten”. Horrez gain, egiten direnak instituzioetatik bultzatutakoak direla azpimarratu du Juaristik. “Egiten diren poesia saio guztiak instituzionalak dira”.

 

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments