Francisco Castroren ISILTASUN URTE LUZEAK argitaratu du Alberdania etxeak

0

ELEBERRIA ALDI BEREAN PLAZARATU DUTE GALEGOZ, EUSKARAZ, KATALANEZ ETA GAZTELANIAZ

Mitxel Murua itzultzaileak, Jorge Giménez Bech Alberdaniako editoreak eta Francisco Castro idazle galiziarrak (azken honek bidekonferentziaz), obraren egileak, Isiltasun urte luzeak eleberria aurkeztu zuten otsailaren 12an Donostiako Udal Liburutegian. Aldi berean argitaratu da eleberri hau, jatorrizko galegozkoarekin batera (Galaxia argitaletxea), euskaraz (Alberdania), katalanez (Capital Books) eta gaztelaniaz (El Rayo Verde).

Giménez Bech editoreak, lehen lehenik, egilea aurkeztu zuen, haren literatur ibilbide luzea laburbildz. Izan ere, Alberdania argitaletxeak berak Castroren beste bi liburu argitaratu ditu, aurretik, euskaraz, biak gazteentzako eleberriak: Sinbad deitzen zidan eta Iridium. Castrok, bestalde, Galaxia argitaletxe galiziarra zuzentzen du gaur egun, eta Galiziako irrati-telebista publikoan iritzi emailea da.

Mitxel Muruak, obraren euskaratzaileak, idazkerari buruz zera azpimarratu zuen aurkezpenean: “Estilo aldetik, eleberri ausarta da, oso ere ausarta esango nuke. Hainbat plano ezberdinetan kontatzen zaigu narrazioa, eta zorrotz kontrolatu behar izan du egileak plano horietako bakoitzean zer eta nola kontatzen den, irakurlea behar eroso eramateko historia korapilotsuan zehar”.

Editoreak, egileari hitza eman aurretik, goraipatu egin zuen Castroren eleberriak memoria demokratikoa berreskuratzeko ahaleginari egiten dion ekarria: “Kontua ez da fikzio eta kronikaren arteko mugei buruzko eztabaida antzu batean galtzea. Kontua da fikzioak zer nolako aportazioa egin diezaiokeen kontakizun historikoari, hainbeste urtez debekatu eta isilarazitako memoria hori berreskuratzeko lanaren ikuspegitik». Gaineratu zuen, bestalde, finezia literarioa izan duela Castrok lanabes nagusi historia hunkigarri bezain indartsu bat eraikitzerakoan: “Dotorea da Castroren kontatzeko modua, eta dotorezia horrek berak egiten du arte lan hau eragingarri”.

Francisco Castrok eleberriaren egitasmoak planteatu dion erronkari buruz hitz eginez hasi zuen bere saioa: “Ertz ugari duen historia poliedriko bat eraiki behar nuela ikusten nuen argi. Lehen-lehenik, bi biolentzia modu zeharo ezberdinak ageri dira: Anxelak bere senarrarengandik jasan duen indarkeria matxista, batetik, eta gerra zibilaren hastapenetan Galizian, beste leku askotan bezala, pairatu zuten mendeku itsuarekin lotutakoa, bestetik. Horrekin batera islatu nahi izan dut narrazioan gertakizun tragiko berari buruz inplikatu bakoitzak duen begiratzeko era zeharo ezberdina ere”. Garbi ikusi zuen eleberrigileak hitza eman behar ziela gorrotoak betiko desagerrarazi nahi izan zituen biktima haiei, “eta horrela ikasi nuen hilobiratu guztiak ez direla lurpean betiko geratzen, azken garaiotan, hilobi komunak irekitzen ari diren honetan, egiaztatzen ari garenez, zorionez”. Ezinbestez sentitu zen hasiera-hasieratik oso modu intimoan inplikatua, “eta horregatik atera zait pasioz blaituriko kontakizun bat, bortizkeriatik edertasuna ateratzen ahalegintzen dena, isiltasunean ezkutatutako misterioez gainezka egiten duena”.
Idazleak agerian jarri nahi izan zuen, 1936tik gure egunetara datorren bidaia baten bidez, nola gainditu dituen faxismoak garaiak eta mugak.

Harpidetu
Jakinarazi
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments