Farrokhzad eta Jordan poetak euskarara ekarri ditu Munduko Poesia Kaierak bildumak

0

MIREN AGUR MEABEK ETA ANE GARCIA LOPEZEK EGIN DITUZTE ITZULPEN LANAK

Susa argitaletxeak maiatzaren 22rako iragarri du Forugh Farrokhzad eta June Jordan poeten antologia berrien aurkezpena, Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan argitaratuak biak. Miren Agur Meabek ekarri du euskarara Forugh Farrokhzad, eta Ane Garcia Lopez arduratu da June Jordanen lana euskaratzeaz.

Munduko Poesia Kaier berri hauekin 34. zenbakira iritsi da bilduma.

Forugh Farrokhzad (1934-1967)
Forugh Farrokhzad Irango XX. mende erdialdeko berpizkunde kulturalaren ama pontekoetako bat dugu, eta bertako poesia modernoaren erreferentzia nagusienetakotzat hartzen da. Lehen poemek kritikarien asaldura ekarri zuten, poeta emakumezko bat sexuaz eta desioaz gordinki eta lehen pertsonan idazten ikustearen arbuioagatik. Bost poema liburu argitaratu zituen (Gatibu, Horma, Matxinada, Beste jaiotza bat, Izan dezagun fedea urtaro hotzaren hasieran), eta 1962an Etxea beltza da film dokumentala zuzendu zuen, Irango zinemagintzan aski goraipatua dena. Farrokhzadek, bere poesiarekin, banatzearen, erbestearen eta oinazearen esperientzia muturrekoa hitz bihurtzeko gaitasun berdingabea erakutsi zuen. Abandonua eta bakardadea dira ale durduzagarri askotako protagonista, baina esperantzarako tarterik ere bada, kaiereko azkeneko bi lerroek esaten diguten bezala: “Leihoaren babespean nago / eguzkiari loturik”. Orobat, erresistentzia keinuak aurkitzen ahal dira giro latz horren erdian, Ahotsak besterik ez du irauten poeman bezala, non mintzoa goratzearen aldarria egiten duen.

June Jordan (1936-2002)
June Jordan 1936an jaio zen New Yorkeko Harlem auzoan Jamaikako migrante familia batean. Horrek jaiotzatiko esanahi ia saihetsezina zuen: biolentzia historia latz batera kondenatua izatea. Beltz izateagatik jasotako biolentzia jarraia alde batetik —bere aitak sarri gogorarazten ziona zapaldua izan ez zedin— baina baita aitak berak hezkuntza zorrotzaren izenean Jordanen kontra erabilitako biolentzia ere. Kolonialismoaren historiaren kontrakarrera idatzitakoa da bere poesia, non askotariko zapalkuntzak salatzen diren: esklabotza, arrazakeria, biolentzia poliziala, biolentzia matxista. Beltz izatearen kontzientzia bizitik idatzitakoa da, esaterako, Nork begiratzen nau ni saila, edo aurreiritzi razialak ditu jopuntutzat Etsaientzat mehatxu izan nahi dut titulu esanguratsudunak. Bere beste ildo jarraietako bat da bortxaketarena (bere larrutan ezagututakoa), hainbat poematan ageri dena, besteak beste Poema nire eskubideez durdigarrian. Mundu garaikideari lotuta idazten zuen, eta halaxe agertzen dira bere poemetan karga politiko handia duten leku eta identitate politikoak: amerindiarrak, Hegoafrika, Nikaragua, Irak, Bosnia… XX. mendeko bigarren erdian poesia estatubatuarra astindu zuenetako bat izan zen, eta gaur egunetik begiratuta, garaiei aurrea hartu ziela esan daiteke, egun puri-purian dauden hainbeste gai jorratu zituelako.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments