Miren Agur Meabek irabazi du 2020ko Mikel Zarate saria

0

Elkar argitaletxeak plazaratuko du haurrei zuzenduriko ITSASOAREN ATEA nobela

Miren Agur Meabek idatzitako Itsasoaren atea nobelak irabazi du 2020ko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Leire Bilbaok, Julen Gabiriak eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak, eta berak eramango du 3.000 euroko saria. Liburua, berriz, Elkar argitaletxeak kaleratuko du.

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta hamaikagarren ekitaldia izan da aurtengoa. 
Lur Gallastegik irabazi zuen duela bi urte, eta epaimahaiak hutsik utzi zuen saria iaz.

Hogeita bi lan lehiatu dira guztira, maila handikoak horietako dozena erdi bat, eta horien artean Meabek idatzitako eleberria hautatu du epaimahaiak. Itsasoaren atea izeneko istorio honek XIX. mendera eramango gaitu, Atlantikoan kokaturiko Île Cormoran edo Ubarroien uharte asmaturiko batera, eta hor hainbat abentura kontatzen ditu: amodio debekatuak, pasadizo sekretuak, ihes egindako espetxeratuak, iragarletzaren dohaina duten andrazkoak, gorrotoak eta misterioak… Literatura erromantikoaren gustua dakarkiguten motibo eta gaiak, azken batean. Kontakizunaren hari guztiak bikain josteko abilezia azpimarratu du epaimahaiak, eta hizkuntza jori, dotore eta adierazkorra.

Miren Agur Meabek 2013ko 111 Akademiaren Saria irabazi zuen Kristalezko begi bat eleberri arrakastatsuarekin.

Subscribe
Notify of
guest

0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments