Lucien Etxezaharreta: “Ez gara bestea baino inozoago. Hori sinetsi baldin badigute ere, gure aita-amei bereziki. Horren kontra jazarri naiz”

0

Lucien Etxezaharretarekin (Hazparne, 1946) hitz egiten hasiz geroz, literatura hitzak segidan zentzu kolektiboa hartzen du. Bere obra propioaz mintzatzean, kasik trabatua ere dirudi, irri herabe batekin ezpain puntan. Aldiz, gaztetatik daraman Maiatz aldizkari eta argitaletxearen proiektu kolektiboaren zurrunbiloan sartuz geroz solasa, hor, erantzunak isurtzen zaizkio. Aldizkaria eta argitaletxe lanetan, orotara, 240 bat idazle publikatu ditu Maiatzek. Eta hauen artean, beraz, Lucien Etxezaharretaren lanak. Kasik Maiatz aldizkari guztietan du idatzi Etxezaharretak, eta bi liburuetan bil dituenak: Inter porcos eta Begira, Maiatzek berak argitaratuak. Horiez gain, Xalbador azken bidean (Maiatz) lanak osatzen du bere liburu zerrenda.

Maiatz aldizkari guztietan duzu publikatu kasik, eta publikatu duzunaren artean, poema anitz. Poeta deitzen ahal zaitugu? Idazle?
Ez dakit…

Nola definituko zenuke zure burua?
Ez naiz definintzen…

Zergatik ez poeta?
Poeta bezala definitzen duzularik zure burua jendeek begiratzen zaituzte txori berezi bat bazina bezala (Irriak). Ez da kalitate bat gure munduan! Poesia maite duen norbait naiz, gisa guztiz. Baina maite ditut idatzi guztiak. Maite dut istorioen kontatzea ere. Ipuin batzuk. Ari naiz horretaz, behar bada ondoko liburu bat eginen dudala. Bilduko ditut anitz gogoeta. Ikusi ditudanak. Eman dezagun, ETAren inguruan hainbeste gauza ikusi ditut. Protesta, manifestaldi. Oroit naiz GALen lehen atentatuaz. Ikusi ditut gauza anitz eta horiek kontatu nahi ditut. Gure memoriak dira. Egungo egunean ahantzi nahi dira. Laster joan ondokora eta. Baina iraganarekin bizi behar da, etorkizuna horrek baldintzatzen baitu. Ez ahantzi.

Matematika eta fisika ikasketak segitu zenituen. Literaturatik pixka bat urrun, ez?
Bai, batxilergotik landa. Gero, maiz horri ohartua naiz: Literatura topatzen da noizbait. Ez duzu uste euskarak balio duenik… eta bat batean…

Zer egin zuen ohartu zinela euskararen balioaz?
Nire kasuan, Xabier Leteren irakurketak piztu dit idazteko eta euskararen hobetzeko gogo hori. Eta poesia mailan, Prevert edo Apollinaire bat irakurriz. Bat batean konprenitzen duzu poesiaren indarra, literaturaren indarra. Eta latinoamerikar literaturarekin konprenitzen duzu mundua hobeki. Lizeoan nintzelarik, 18 urtetan, behar nuen konprenitu nire inguruko munduak nola funtzionatzen zuen. Eta kolonialismoa ulertu nuen hobeki Aimé Césairekin. Kolonialismoak nola ekartzen duen zure buruaren gaitzestera eta baztertzera. Hori da Euskal Herrian haziarazi digutena. Hori konprenitzearekin, hizkuntzak, literaturak, beste erran nahi bat hartzen du. Bakoitzak bere bidea egiten du, eta bakoitzak topatzen du une batean literatura eta euskararen beharra, balioa, edertasunarekin. Eta… ez dut erranen arma bat dela, aski arma izan baitugu, baina indar bat da. Kulturaren definizioetako bat da, noizbait emana izan dena: kultura da zure buruaren estimatzeko bide bat. Euskal kultura hori da ere. Norbait garela, errespetagarriak garela, ez garela bestea baino zozoago edo astoa. Hori sinetsi baldin badigute ere, gure aita-amei bereziki. Horren kontra jazarri naiz. Indarra eman dit horrek interesatzeko euskarari eta euskararen bidez, urraska sartzen zara mundu batean.

Euskaldunon Egunkariko lehen lan taldean aritu zara Baionatik, Gure irratiko langile izan zara ere. Zu entzutea aski da, funtsean, irratilari baten hitz jarioa entzuteko. Kazetaritza horrek eragina izan du zure idazteko eran?
Irratigintza aipatzeko, euskara biziarazten duten jendearekin mintzatzea loria bat da, zorion bat. Nire herriarekin lotura sentitzeko ukan dudan bide nagusi bat da irratia. Horri esker zinez sentitzen ahal da mundu bat dela euskal mundua, nazio bat. Populu bat. Badela lotura jendeen artean. Irratiak ekartzen du dibertsitate bat baina baita ere batasun horren sentitzea. Gero, badira alde batzuk gutxiago landu direnak euskaraz. Behar bada unibertsitatean eta eskolan ez sartuak izateak, gure aldean bereziki, ekartzen du eredu eskasa. Beti kopiatzen duzu besteek egiten dutena. Irensten duzu eta beste zerbait egiten.

Alfabetizazio eskasaren arazoaren aspektu bat?
Analfabetoak nagusi dira oraino Iparraldeko eskualde honetan, ez da ahantzi behar. Nahiz adin batekoek katixima erabili duten euskara leitzen ikasteko. Badira euskara konprenitzen dutenak baina mintzatzen ez dutenak. Horien artean anitz analfabetoak dira. Hori kalte bat da.

Euskal liburutegi nazional bat beharra berretsi izan duzu.
Pentsa emazu: Frantziako biblioteka nazionala da oraino bakarra dituenak Maiatzen artxibo gehienak. 80ko hamarkadan euskaraz egin ziren fanzineak ere han dira. Aldiz, adibidez, Koldo Mitxelena liburutegiak ez dizkigu erosten gure liburuak. Nahiz eta eskaini diegun dohainik ematea, ez dituzte eskatzen ere. Gero, Hegoaldeko anitzek ere badute uste bat hemen erdi literatura batean ari garela. Exotiko samarrak garela. Nik maite dut horiei goraki kontatzea euskal literatura Iparraldean sortua dela. Hemen aspaldian badirela klasikoak, apaizen munduak nahi baldin bada, baina horrela da. Etorkizunean uste dut irakasleen formakuntzari kasu eman behar zaiola. Zaletasun bat eman behar zaiela. Eta literatura antologia horietan Iparraldea ez dezatela ahantz.

1982an atera zenuten Maiatz aldizkariaren lehen zenbakia. Orduz geroztik, poesiak, artikuluak, ipuinak, itzulpenak, gogoetak, estilo anitz ditu bildu aldizkariak. Maiatzek euskal literaturari zer ekarri dion laburbiltzea zaila bada ere, zenbait puntu nagusi ikusten dituzu?
Ez da agindurik izan, ez da erran: “Hala idatzi behar da”. Bakoitza jin da bere formakuntza, bere jakitatearekin. Euskara aldetik ere, idatziak ez dira beti batuaz. Hendaiako Mailux Legorburuk idazten du bere ahozkotasunean eta ez du eredu ofizialetan, batuaren ereduan sartu. Eta interesgarri da ikustea nola den Bidasoako ahozko euskara hori. Berak idazten ditu gauza biziki finak ere, mundu sentikor bat. Zer behar du gehiago literatur obra batek? Gero, irakurleak hori nola hartuko duen?… Ene ustez euskara mintzatzen duen batek erraz ulertuko ditu euskalkiak.

Auzia ez duzue trenkatua.
Ez, ez dugu trenkatu. Baina ene ustea da konbergentzia bat badela. Gero, eztabaidak badira beti. Aldiz, badakizu, normalizatze hitz horrek beti politika triste bat gogorarazten dit. Hitz hori erabilia izan zen anitz Txekoslovakia sobietarrek inbaditu zutelarik 68an… Normalizazioak diktadura baten itxura har dezake. Pixkanak egin behar den urratsak dira. Jendea den bezalakoa baita. Hemengo euskaldun anitzek  Espainia dute Hegoaldea. Argi dena da euskara irakurtzen duzun puntutik, idazten duzun puntutik pixkanaka sartzen zarela batuaren bidean. Ortografia ikasten duzu ere.

Hastapenetik beste printzipio bat duzue: ez duzue nehori atea hesten.
Bai, hori egia da. Ateak irekiak atxikitzea, gure ahaleginekin. Aurten egoera konplikatua bada, iaz bagenuen 15.000 euroko aurrekontu bat. 8 liburu eta bi aldizkarirekin. Gastu gehienak inprimategian direlarik, %70.

Aurtengo egoera konplikatua aipatzen duzula, Maiatz aldizkariaren 70. zenbakiarekin etorri zara elkarrizketara. Pandemiak zein egoeretan uzten zaituzte?
Aurtengo une honeta 4 liburu ditugu argitaratuak eta aldizkari bat. Behar genituzke beste aldizkari bat eta beste hiru liburu argitaratu. Prest ditugu. Maketazioa egina da. Inprimategira bidaltzeko kezka batekin: ea pagatzen ahalko ditugun.

Azokak badituzue iturri nagusi?
Bai. Sara eta Durango, Literaturia, Ziburun egin behar zen Baltsanen azoka berri hori ere bai. Baita Herri Urrats, Nafarroaren eguna… horiek oro galtzeak dira. Ikusiko… Gastu tipiagoak ukaiteko tirada tipiagoak egiten ahal dira. Baina pena da. Beti, halere, 150-200 bat ale ateratzen ditugu. Gutxiago beti posible da baina ez da hain interesantea ere.

Maiatzen azken aldizkari honetan bi idazle berri agertzen dira. Maiatzek beti behar bati erantzuten segitzen duenaren seinale?
Bai, eta azpimarratu nahi dut ere mugaz bi aldeetako idazleak ekartzen ditugula. Hiruetatik bat Hegoaldekoa da. Bereziki nafarrekin badugu lotura bat. Iruñeako talde batekin. Errealitate berdintsua bizi baitugu Nafarroa eta Iparraldean? Behar bada. Euskarak ez baitu mugarik ere. Eta hori ez dugu ahantzi behar. Covidaren afera horrekin, muga heste horrekin… Ez da normala. Jakin dut Baionako ospitaleak ez dituela onartu nahi izan Donostiako eri batzuk. Aldiz, Mulhouseko batzuk jin direla Baionako ospitalera. Estatuen errealitate horrek bere nagusitasuna erakusten du euskararen kontra. Baina ez gara hemen pleinitzeko. Uste dut sorkuntzak jarraitzen duela. Eta Maiatzen ere, beti gure bidetik.

240 bat idazlek idatzi izan dute Maiatzen. Anitzek Maiatz dute plaza bakarrenetako bat?
Ez dakit hori erraiten ahal denez. Batzuk etorri dira liburu idazle bezala. Nahiz beste batzuk, ez menturaz. Eman dezagun Mattin Etxamendi, artzain bizi bat eraman du Ameriketan. Testu batzuk bidaltzen hasi zen. Eta gogoan dut nola erran genion behar zituela bere oroitzapenak bildu. Pixkanaka igorri zuen eskuz idatzi lan bat eta liburu zinez eder bat eman du. Lekukotasun bat. Gero, sorkuntzak bide asko ditu.

Zuk idatzi Indietako exarpa xuri beltz bat ipuina zure estiloaren adierazgarri, Maiatzen estiloaren adierazgarri; Gatu bat bide bazterrean lehertua aurkitu izanak inspiratu zizun: “Orain hasten ahalko dituk jaten bai ulitxak, uli beltzak, arratoiak eta beste, lana erraztua die”. Hemen ez da jainkorik, ez salbamendurik, aitzineko belaunaldiko idazle gehienen idatzietan ez bezala.
Abere bizia beti izan dut axola. Nola abereak tratatzen ditugun. Uste dut hori dela mende honetako arazo handi bat. Gogoan dut tren bat Baionako geltokian ikusi nuela behiz edo txahalez betea. Hiltokira eramaten ari ziren. Horrek pentsarazi ninduen Auschwitzko gertakari hari. Jendeak molde horretan eramaten zirela garai batean. Gogoeta bortitza izan nuen hor. Hori ere jainkorik gabeko mundu bat.

Jainkorik gabeko mundua ekarri du indarrez Maiatz belaunaldiak, ez?
Euskara mundu kontserbadoreak eskutan zuela ikusten zela erraiten genuen Itxaro Borda eta besteekin mintzatzen ginelarik. Aipatu gabe Herria astekarian ari zirenak. Euskaldun errespetuz beteak zirenak, probokazioa ez zutenak maite. Funtsean, Maiatzen, hautu hori egin dugu: zinez berritasun batean sartzea. Hitz bortitzen erabiltzea, etsipena, ezin bizia, hirietako problemak, jende baztertuenak, bere buruaz beste egiten zutenak, zaurien agertzea. Ez zela euskal mundua mirakuluzko paradisu bat.

Aldizkariak segitzen du nonbait koherentzia horretan, ez? 70. zenbaki honetan Londresen bizi den urepeldar batek bere homosexualitatea aitortzen du horrekin sofritu duena erakutsiz.
Bai, hark nahi izan du argitaratu.

Eta Maiatzen aurkitu du bere lekua.
Gaur egun erranen duzu hori berant heldu dela. Bere homosexualitatearen aitortzea egungo egunean ez zara infernura kondenatua. Gero, egia da ere gaitzetsia dela batzuetan. Bakoitzak sentitzen du erran behar duela gauza bat eta hori bere libertatea da.

Erretretan zara orain, eta oren anitz sartzen dituzu Maiatzen, anitzentzat zu zara Maiatz. Zuk nola bizi duzu hori? Irakurria izan izan dizut agian ez dakizula aski delegatzen?
Oroitzen naiz Piarres Xarritonen akusazioaz: anarkista nintzela. Pixka bat hala nintzela aitortu behar dut. Gero, delegatzeaz eta… Nik egiten dut astia ere baitut. Badakit ez dugula ahalik ere gasolina pagatzeko. Badugu administrazio talde bat. Dozierren egiteko, asurantzak, deklarazioak, alokairu sariak pagatzeko. Nik ene lan gehiena dut aldizkarien maketazioa ere. Gero, euskal literatura artxipelago bat da. Jende barreiatuak dira bakoitza bere xokoan. Elkarlan bat egitea zer izaten ahal da? Elkartzea. Urtean bizpahiru aldiz egiten dugu hori, sei zortzi lagunekin.

Harpidetu
Jakinarazi
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments