2019ko Tene Mujika sariaren irabazlea da lazkaotarra, eta sari horren emaitza da lan hau
Elkar argitaletxeak irailaren 15erako iragarri du Eneko Aizpuruaren BIDASOAN GORA saiakeraren aurkezpena. Aizpuruak (Lazkao, 1976) 2019ko Tene Mujika saria irabazi zuen, eta sari horren emaitza da orain aurkeztera datorren hau. Online prentsaurrekorako deialdia egin du Donostiako argitaletxeak, irailaren 15ean goizeko 11:00etan; egilearekin batera aurkezpenean izango dira Xabier Mendiguren editorea eta Debako Udaleko ordezkaria.
Sinopsia
Urak egiten duen ibiliaren kontra, ibaian gora abiatu da Eneko Aizpurua: Txingudiko badiako paduretan hasi eta Xorroxingo iturrian amaitu arte, bazterrik bazter ibiliko ditu Bidasoko urak eta lurrak, paisaiari eta pasaiariei beha.
Bidaiariaren gogotik eta begietatik igaroko dira aspaldiko kontrabando-istorioak eta migratzaileen trafikoarenak, Barojaren eta Aitzolen estualdiak gerra zibilean, naziengandik ihesi ibilitako juduen eta aire-pilotuen gorabeherak, Zabalzaren eta Lopezen fin gaiztoa Endarlatsan, mugalariak, baserritarrak, eruditoak, filantropoak, faxistak…
Begirada amultsu eta aldi berean zorrotza elkartzen ditu egileak, bizitakoaren lekukotasun zuzena eta irakurketa ugariek emandako jakituria, pasadizo xeheak eta gogoeta sakonak, guztiak egoki nahasturik liburu atsegin eta mamitsua osatzeko, berezi bezain gogoangarria.
Zorionak, Eneko Aizpurua! lan ederra iruditzen zait, eta pertsonalki seguraski aunitz hunkituko nauena, ni behe-bidasoakoa izaki, ene gurasoak eta arbasoak goi-bidasoakoak..