Euskal literaturako lanekin osatu nahi du Deabruaren Eskolak Juan March Fundazioaren Julio Cortazar liburutegia

0

Deabruaren Eskolak Juan March Fundazioari eman nahi dizkio euskarara ekarritako Julio Cortazarren lanak edo euskal egileek Julio Cortazarren lanak inspiratuta idatzi edo argitaratutakoak, March Fundazioaren hiru mila aletik gorako nazioarteko Cortazarren liburutegia osatzeko. Horretarako, deabruareneskola.eus webgunearen sortzaileek dei egiten diete ezaugarri horiek betetzen dituzten lanen egileei eta era horretako lanak argitaratu dituzten editore eta argitaletxeei eskolarekin harremanetan jartzera, liburu zerrenda ahalik eta zabalena osatu ahal izateko. Orain arte, liburutegi horretan euskarazko bi liburu daude: 1992an Gerardo Markuletak itzulitako eta Ibaizabalek argitaratutako ‘Oktaedroa’ eta 1994an Markuletak berak itzulitako eta Ereinek argitaratutako ‘Hegoaldeko autobidea’, Cortazarren ‘Octaedro’ eta ‘La autopista del Sur’ lanen itzulpenak.

Momentuz, honako hauek dira Deabruaren Eskolaren eskuetan dauden lanak eta Eskolak March Fundaziora bidaltzeko prest dituenak: Cortazarren lanen bi itzulpen, Jon Alonsoren ‘Antologia apetatsua’ (Txalaparta, 2004) eta Jon Muñozen ‘Pertsegitzailea’ (Zaldiarri-10, 2019); Cortazarrek inspiratutako eta hari omenez idatzitako narrazioak biltzen dituzten bi narrazio liburu, Harkaitz Canoren ‘Neguko zirkua’ (Susa, 2005) eta ‘Mecanografiak’ (Txalaparta, 2018); eta Cortazarri buruzko kapitulu bat daukan saiakera lan argigarria, Mikel Lasaren ‘Novela berria Hego Amerikan’ (Etor, 1972).

Publizitatea

Cortazarren itzala euskal literaturan
“Idazle gutxirekin konparatu daiteke Julio Cortazarrek izan duen eragina XX. mendeko nazioarteko literaturan, gaztelaniazko literaturaren historian eta fikzio laburraren esparruan, eta euskal literaturari dagokionez, itzela da gure artean izan duen itzala. Hainbat dira Cortazarren maisugintza aitortu duten idazleak eta abizenetik haratago, leku berezia dauka argentinarrak gure idazleen obran eta gure arbasoen gelan”, diote Deabruaren Eskolako kideek.

Hori dela eta, Deabruaren Eskolak dei egin nahi die Cortazarren eraginpean, berak inspiratuta edo bere omenez, poemak, narrazio laburrak, saiakerak, teatro lanak edo eleberriak idatzi dituzten egileei, baita era horretako lanak argitaratu dituzten eta editore eta argitaletxeei ere, eskolarekin harremanetan jartzera eta lan horien berri ematera. Horretarako, deabruareneskola@gmail.com helbidera idatz dezakete edo gizarte sareen bidez jar daitezke eskolarekin harremanetan (Twitter, Facebook edo Instagram bidez).

“Helburua Cortazarrekin zerikusia duten euskarazko lanen eta euskal egileen lanen ahalik eta zerrenda luzeena osatzea litzateke, gero zerrenda horretako liburuak fundazioaren eskuetan jarri ahal izateko. Gure ustez, modu horretan euskal literaturak publikoki aitortuko luke Cortazarrekin duen zorra eta kitaezina den zor hori apaltasunez ordaintzeko pauso bat emango luke”, azaldu dute eskolakideek.

Juan March Fundazioa
Juan March Fundazioaren liburutegian Cortazarrek gaztetatik ondoan izan zituen liburu asko daude, idazle argentinarrak Buenos Airestik ekarritakoak eta Parisko liburu-dendetan erositakoak, besteak beste, baita Octavio Paz, Pablo Neruda, Lezama Lima edo Carlos Fuentes moduko lagunek oparitutakoak eta haiek Cortazarri eskainiak ere.

Gehienak 1993an eman zizkion fundazioari Aurora Bernardezek, Cortazarren alargunak, baina ordutik hona hainbat lan jaso ditu fundazioak donazioen bidez eta momentu honetan online kontsulta daitekeen katalogoak 3.786 liburu ditu, 26 hizkuntzatan, eta horietatik 855ek Cortazarren sinadura dute, 515 liburu egile eta lagunek eskainiak dira, 48 liburuk markatzaileak eta “traspapelak” gordetzen dituzte, 397 oharrak dituzte eta 17 objektu bereziak dira.

Harpidetu
Jakinarazi
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments