Bakarne Altonaga: “Emakumeei buruz hitz egiterakoan, dantzari buruzko diskurtso misoginoak bortizkeria ikaragarria zeukan”

0

Manuel Larramendi Ikerketa Sariaren II. deialdiko (2017) saria lortu eta 2020aren bukaeran argitaratu du Bakarne Altonagak (Bilbo, 1988) ‘”Guziak dantzari”. Dantzari buruzko eztabaidak eta generoa euskal probintzietan (XVIII-XIX)’ saiakera. Liburua esku artean duela pozik da edizioarekin, baita Iñaki Gonzalo Erroren irudiarekin ere. Doktoretza tesia egiten ari zela, albo ildo hau ikusi eta Ikerketa sari honi esker dantza eta generoan sakontzeko aukera baliatu zuen. Oso eskertua dago Manuel Larramendi Kultur Bazkunetik jaso duen laguntzarekin. Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko sailean irakasle eta ikerle jarraitzeko motibazio handia du edozein ikerketa kritikagarria eta berrirakurria izan daitekeela jakitun izanda.

“Guziak dantzari”: zu ere bai, Bakarne?
Ez, ez naiz dantzaria. Txikitan izan nintzen. Klasikoko klaseak hartu nituen urte luzez. Dantzatzea ez zait hainbeste gustatzen; erromeria, bai.

Antzinako Erregimenaren krisiaren baitako generoaren ikuspegitik ikertu dituzu gai asko; Historia Garaikidean, generoaren ikuspegitik ere bai. Hala ere, bereziki ikertu duzu Manuel Larramendi. Zergatik?
Duela urte asko piztu zitzaidan Larramendirekiko interesa; doktorego tesia egin aurretik generoa eta feminismoari buruzko master bat egitean, eta zehazki antzinako erregimeneko garaian, bereziki interesgarria delako sexu generoaren egituraren aldaketan. Momentu iraultzaileak eta garaiko diskurtso intelektual zientifikoek bideratu zutelako aldaketa garrantzitsua sexua eta genero harremana irudikatzeko moduan. Horretan nuen interesa eta baita euskal kulturan ere, euskal tradizioan. Hainbat irakurketen artean aurkitu nuen Larramendiren ‘Coreografía de Guipúzcoa’. Hor emakumeei buruz irakurritakoak generoaren iruditerian ematen ari ziren aldaketak ikusteko bidea eman zidan. Larramendiren ikuspegiak, inguruko beste batzuekin alderatuta, islatzen du zer motatako aldaketak ematen ari ziren momentu horretan. Ni emakume indartsuaren irudiak hartu ninduen eta ulertu nahi nuen zein zen bere esanahia.

Publizitatea

Eta esanahi hori aurkitu duzu?
Labur esatearren, irudi horrek esanahi desberdinak izan ditu tradizio desberdinetan. Pentsamendu erlijiosoan, esaterako, oso loturik dago bikaintasun espiritualarekin eta bertutearekin; kristautasunaren hasieratik ‘mulier virilis’-aren irudia garrantzitsua izan da. Lotura izan du emakumeen bikaintasun intelektualarekin ere. Baina testuinguru bakoitzean emakume indartsuaren ideia horren zentzua aldatu egin da. Guda edo iraultza salbuespeneko testuinguruetan, beste testuinguru edo diskurtso bat aipatzearren, batzuek emakumeen indarra eta adorea aldarrikatu izan dute, arrazoi eta helburu politiko desberdinekin.

Manuela Larramendi eta Domingo Garagorriren semea, Manuel Larramendi. Amaren abizena hartua du, garai hartan esanguratsua.
Bizitza pertsonalaren gorabeherak ez ditut ikertu baina familia arazoek eraman omen zuten Larramendi amaren izena hartzera.

Dantza, gizarte filosofiaren isla dela esan genezake. Aldekoak zein kontrakoak genero ikuspegitik, agintarien ikuspuntutik, herri sentipenetik… Dantzak hainbesterako eman zezakeenik pentsatzea ere… Zu noiz ohartu zinen?
Askok idatzi izan dute gaiari buruz. Pentsatzen nuen mota honetako saiakera bat egiteko eman zezakeela, idatzitakoari zentzu zabalagoa ematea posible zela. Eta gai zentrala egitea ez dantza bera baizik eta dantzari buruzko eztabaidak generoari buruzko eztabaidan eta iruditerian kokatuz, Larramendiren ikuspegian arreta berezia jarriz.

XVIII. eta XIX. mendeetan dantzak sortutako kontrako eta aldeko diskurtsoak bildu dituzu; gehienak, apaizenak. Denen ahotan zebilen dantza, oso modu ezberdinean ibili ere. Benetan gai polemikoa izan da mendeetan zehar, eta muinean gorputzen arteko gertutasunaren auzia zegoela ondorioztatu duzu.
Ondorioa edo hasiera. Dantza da gorputzen arteko talka ahalbidetzen duena. Eta alde handia dago nola interpretatzen den gertutasun hori epaia egiten duen pertsonaren arabera: generoaren inguruan, moralitatea, gorputzaren auzia eta gizonen eta emakumeen arteko harremana nola arautu, hori zen gakoa.
Garrantzi sozial handia zuen auzia zen. Egunerokotasunarekin eta identitate lokalekin zein orokorragoekin zerikusia zeukan fenomenoa eta praktika zen.

Momentu berean izanik ere, batzuentzat dantzak zentzu ludiko eta soziala hartzen zuen; besteentzat, ordea desordena soziala. Gatazka garrantzitsu bilakatu arte.
Niri interesgarria suertatu zait ikustea XIX. mendea aurrera zihoan neurrian ilustrazio liberalak argi zeukala dantzak ez zuela moralitate aldetik arazorik. Baina aldi berean eremu herrikoietako erromeriek, dantza informalen momentu horiek, ikuspegi sozialetik eta moraletik sor zezaketen desordena sozialaz beldur ziren. Pixkanaka dantza elementu tradizional bilakatu zen, eremu herrikoietan eta jende desberdin askoren arteko kontaktua bideratzen zen gunea, eta, ondorioz desordena soziala bideratzeko abagune gisa ikusten zen.

Artikulu askotako hizpide ere izan da dantza. XVIII. mendean (1780 inguruan) Adiskideen Elkarteko kide garrantzitsuenek euskal dantza herrikoiekiko miresmena agertu zuten. Mende bat geroago Biblioteca Católico-propagandista de Pamplonaren iritziak (1898) guztiz aurkakoak ziren.
Ikuspegi historiko batetik argitu beharrekoa litzateke hori. XVIII. mendearen amaieran elite kultural eta politikoko pertsona batzuek adierazten dute dantza, emakumetasunaren irudi jakin bati lotuta, badela praktika duina eta ona emakumetasun egoki eta bertutetsua garatzeko. Hau da ilustratuen ikuspegia. Eta nola den posible mende bat beranduago ikuspegi katoliko zorrotzenetatik berriz ere mota horretako kritikak sustatzea. Hor ulertu behar dugu gizarte eta historia garapena ez dela lineala.
Momentu oro testuinguru guztietan elkarrekin bizi dira ikuspegi kontrajarriak eta antagonismo sozial garrantzitsuak daude. Ulertu behar da, baita ere, XIX. mende amaieran dantza hain sutsuki kritikatzen zuten sektore horiek ez zutela XVIII. eta XIX. mende hasierako kritiken zentzu berdina. XIX. mendearen bukaeran kritika horiek zentzu berria zeukaten: testuinguru moderno batean murgilduta genero harremanetan aldaketa handiak ematen ari ziren emakumeen aldarrikapen feministei zegokionez batez ere, eta horrek kezka sortzen zuen, baita gizonezkoen maskulinitatearen garapenean ere. Kritika berdina da; esanahia, ordea, ez. Hori da interesgarriena, antagonismoa esanahi ezberdinarekin.

Dantzaren defendatzaile zirenen artean, Larramendik izugarrizko balioa aitortzen zien hemengo dantzei, Gipuzkoakoei bereziki, 1754an idatzi eta 1882an publikatutako ‘Coreografías de Guipúzcoa’ lanean; eta horrekin batera honakoa ere bazioen, eliza afrikarrari lotua: “danzas malvadísimas”, arriskutsuak eta zikinak”.
Bereziki kuttuna zait Larramendi, elementu asko artikulatzen dituelako eta dantzari buruz berak defendatu nahi duen Gipuzkoaren inguruko irudiarengatik. Garbi ikusten dut berak egiten duen dantzari buruzko defentsaren oinarria Gipuzkoartasunari buruzko defentsa dela. Dantzaren logikotasuna justifikatzeko bere garaiko marko moral erreferentzialera doa, hau da kristautasunera, erreferente biblikora. Bera apaiza zen. Gipuzkoar dantzak guztiz bertutetsuak izan zitezkeen baina aldi berean beste dantza batzuk erabat gaitzesgarriak. Hori ere identitatearen eraikuntzaren logikan kokatzen da. Norberaren legitimazioa: gureak bertutetsuak dira, ez gaitzesgarriak diren horiek bezalakoak.

Bi mende geroago eta kanpokoak arbuiatuz, Sabino Aranak berak moda espainola betiko dantza tradizionala kutsatzen ari zela zioen.
Edozein eraikuntza identitarioren logikak horrela funtzionatzen du izan nazionalista, liberal, generoari eta klaseari lotua…, horrela egiten da: nitasuna eta bestetasunaren arteko diferentzia eraikiz, azken batean hori delako nitasunaren legitimaziorako bideetako bat. Hor gakoa da ondo azaltzea testuinguru bakoitzean logika horiek zer zentzu hartzen duten, zer defendatzen duen bakoitzak bere momentuan.

Herrietan liskarren sorburu izan da dantza: Zornotzan 1731n, Balmasedan 1788an edo Mendatan 1810ean gertatutakoak aurki ditzakegu jaso dituzunen artean.
Gertakari horiek garrantzitsuak dira materiala eskaini dutelako horrelako prozesu bat lantzeko, baina ziur naiz gisa horretakoak herri askotan gertatu zirela, eta iruditzen zait horrek ematen duela dantza herrikoiaren irudi bat. Gaur egungo irakurleak irudika dezake zer nolako garrantzia zeukan dantzak garai hartan. Mendatako gertakaria bereziki interesgarria iruditu zitzaidan, garbi erakusten duelako zenbait jaietan gizonezkoek egiten zituzten dantzek zer nolako balioa zeukaten beraien duintasunean, gizontasuna eta maskulinitatea erakusteko orduan dantzalekuan bertan. Eliteko diskurtsoek esaten zutenaz aparte, herrietako gertakariek erakusten dute dantza oso eremu garrantzitsua zela, gizonentzat kasu honetan.

Genero ikuspegitik inor ez zela salbu esango genuke. Hala ere, emakumea errudunago beti. “… emakumeak gizarte modernoaren galbidea eta gizonak euren biktima” (La Avalancha). “Dantza, eta batez ere bere parte hartzaile femeninoak, nazioaren galeraren erakusgarri” (Calatayud). “Emakumea apaindurien zale, lotsagabe eta gizonak bekatura bideratzeko gai. Gizonak beraien pasioen preso ziren edale eta jai-zaleak” (Bartolomé Madariaga).
Ezin izan ditut denak batu. Bazen bat esanguratsua oso, baina ez nuen jaso oso erabilia izan delako, Calatayudek esana: “Las romerías parecen ramerías”. Emakumeei buruz hitz egiterakoan dantzari buruzko diskurtso misoginoak bortizkeria ikaragarria zeukan. Horrek ez du esan nahi dantzaren alde hitz egin zutenek, emakumearen aldeko ikuspegi baikorragoa izanik ere, bai ilustratuen eta baita liberalen iruditegian ere, emakumeari gizonarekin alderatuta inolako berdintasunik ematen ziotenik. Beste genero iruditegi bat zuten, emakumetasuna amatasunarekin, samurtasunarekin, emazte izatearekin lotzen zuten. Gizonekin alderatuta gizaki inperfektuagotzat zituzten.

Eta emakumearen subordinazioa naturaltzat jotzen zen.
Bai. Naturalizatu zuten emakumetasunaren subordinazioa. Diskurtso erlijiosoak eraiki zuen emakumetasunaren irudi hori. Baina subordinazio horrek diskurtso ilustratuarekin eta liberalarekin alderatuta esanahi ezberdina zeukan eta logika ezberdinari erantzuten zion, erlijiosoak gorputzari eta generoari buruzko ikuspegi ezberdina daukalako. Nahitaez dantzari buruz egindako adierazpenetan islatu behar zen ikuspuntu ezberdin hori.

Honakoak berdintasunera hurbildu zirela-edo esan genezake: “Hilkor guztien berdintzaile aberats eta baserritar xumeak, gazteak zaharrak, gizon eta emakumeak” (Madariaga). Larramendik berak dantzaren alorrean emakume eta gizonen artean desberdintasunak lausotzen zituen, emakumearen gutxiagotasunean sinisten bazuen ere.
Hor ez dago berdintasunik, bekatuan berdintze bat baizik. Diferentzia bat bada, guztiak direlako bekatariak genero edo adin diferentziarik egin gabe.

Aurkitu dituzun perla horietako batzuk, defendatzaileen artean: “Dantza, zuzentasun morala, identitate jakin baten ezaugarri sendoa” (Juan Inazio Iztueta). “Dantza kontrol sozialerako bide izanik ere sexuen arteko elkargune zintzo eta zuzena, gorputzen arteko maitasuna erakusteko baliagarri” (Larramendi).
Gorputzen arteko elkarguneak funtzio eta esanahi ezberdinak izan ditzake. Larramendik dantza ukatzea baino dantza eremua kontrolatzea hobea zela uste zuen, beste moralista erlijioso batzuek bezala. Gizon-emakume, emakume-emakume, gizon-gizon… elkartze horiek bestela ere emango ziren. Larramendiren estrategia da momentu hori kontrolatu ahal izatea eta duintasuna eta bertuteari begira erakargarritasuna defendatzea. Hor da Martin de los Herosek erlijiosoei egindako kritika: Normala da gizon emakumeak elkartzea, beraz, bermatu dezagun momentu bat non hori bertutetsua izango den eta ordena soziala bermatuko duen. Honen ikuspegia oso interesgarria da iruditeria liberaletik, berak eraikitzen baitu ikuspegi itxi erlijioso baten kontrakoa; ez erlijiosotasuna arbuiatzen duelako, baizik eta emakumezko eta gizonezkoen ikuspegi zorrotza eta genero ikuskeran sortu dezaken eragin negatiboa ekidin nahi duelako.

Kontrakoak: “Dantzalekua inmoralitatearen eremu” (Calatayud). “Zikinak, ez zilegiak” (Balmasedan 1788an, Frantziskotarren hitzak). “Gorputzaren ekintza fisikoa algara eta arin-arina dantzatzea deabruaren gaizkiaren erakusgarri” (Palacios, Añibarro).
Dantza nola juzgatzen zuten ikusteko adierazgarria da Añibarrok esana: “Santu santa artean horma lodi bat tartean”. Sexuen arteko talka ekidin nahian, separazio horretatik datoz dantzaren kontrako deiadar guztiak, izan apaizenak edo agintarienak. Egin nahi zuten gorputzen arteko separazio absolutu horri egiten zioten kritika. Hortik datoz atera daitezkeen perla guztiak.

XIX. mendearen erdialdetik aurrera (Euskal Pizkundea deitua), 80tik aurrera bereziki, euskal folklorearen eta dantzaren interesa sortu izanaren lekuko dira ‘Euskal-Erria’ edo ‘La Vasconia’ko artikuluak. Baina momentu berean beste muturrean ‘La Avalancha’ aurkituko dugu. Beti bipolaritate hori…
Bai, antagonismo sozialak erreproduzitu egiten dira esanahi ezberdinak hartuta. Momentu batean dantzarekiko juzgu positiboa agertzeak ez du esan nahi irekidura soziala ematen denik, iritzia aldatu edota kontrakorik izango ez denik. Genero ordenarekin, harremanekin edo gizarte eremuarekin, berdin. Esanahi ezberdinak ikertzea da lanaren muina.

Gaur egunera etorriz, nola interpretatuko zenuke azken urteetan dantzaren inguruan sortu izan den liskarra? Alegia, gizonezkoek bakarrik dantzatu izan dutela tradizionalki eta emakumezkoak ez direla onartu nahi izan.
Lehenbizi esan behar dut ni ez naizela dantzan aditua. Gizarteko kide naizenez nire ezagutza mugatutik tradizioa aipatzen denean pentsatzen dut gizarteak bere orainaldia legitimatu behar duenean eta etorkizuna irudikatu behar duenean uneoro iraganera begiratzen duela. Begirada hori sortzailea da, historiak eta historiografiak oso garbi adierazi dute tradizioa asmakuntza bat dela eta asmakuntza den heinean daukan balorea daukala. Ezin zaio daukana baino gehiago eman. Tradizioa erabiltzen denean desberdinkeria eta beste motatako bazterketa prozesuak ahalbidetzeko tradizioaren erabilera ez legitimoa egiten dela iruditzen zait. Beti oinarrizko egitateari erreferentzia eginez, tradizio oro asmatua da eta interesgarria litzateke historiaren ikuspegia ezagutzeaz gain, orainalditik hausnartzea zer motatako tradizioa eraiki nahi dugun. Azken baten, tradizioari buruz esaten dena orainaldiari buruz ari da lehenaldiari buruz baino gehiago, nire ustez.

Harpidetu
Jakinarazi
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments