Pello Lizarralde: “Nik ez dakit benetan zer idatzi dudan harik eta nik idatzi dudan hori irakurle batek irakurri arte”

0

Saria jaso osteko hitzartzean eskertza adierazi zien Lizarraldek akademiakide eta irakurleei

111 Akademiaren Sariaren hautaketaren atzean dauden irakurleak izan zituen gogoan Pello Lizarraldek 2020ko saria jaso osteko hitzartzean. “Kazetariei askotan gustatzen zaie galdetzea, niri behintzat noiz edo noiz galdetu izan didate, zer irakurle mota dudan buruan idazten dudan bitartean, edo zein publiko mota dudala uste dudan. Eta nik ez dut erantzunik, nik ez baitizkiot sekula egin nire buruari horrelako galderak. Baina gauza bat garbi daukat, eta zera da: nik ez dakit benetan zer idatzi dudan harik eta nik idatzi dudan hori irakurle batek irakurri arte. Hori oso garbi dago eta horrekin aski dela uste dut. Horregatik, nik izugarri pozik hartuko nituzke banan-banan Akademia honetan Argiantzaren alde bozkatu dutenak eta bozkatu ez dutenak, eta haiekin solasaldi bat izan nahiko nuke jakitearren zer iritzi duten. Baina iruditzen zait hori askotxo eskatzea litzatekeela, eta niri gaur dagokidana zuei eskerrak ematea da. Mila esker”.

Amasa-Villabonako Hika txakolindegian ospatutako ekitaldian jaso zuen Pello Lizarraldek ekainaren 10ean 2020ko 111 Akademiaren Saria. Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakari izendatu berri Ane Jalonek aurkezpena egin eta gero, Jon Unanue 111 Akademiako buruak liburu sarituaren merezimenduak irakurri zituen, eta Unanuek berak eta Garazi Kamiok liburuaren pasarte batzuk irakurri zituzten Don Inorrez taldearen doinupean. Imanol Ubeda eta taldekideena izan zen sari banaketa ekitaldiko soinu banda. Hiru kantu eskaini zituzten, hirurak Pello Lizarraldek idatzitakoak. Antolatzaileek oso kontutan hartu zuten idazlearen eta musika taldearen arteko sintonia ona.

Publizitatea

Euskal Herri osotik hurbildutako akademiakideekin batera Jose Ignacio Agorreta margolaria eta Lizarralderen eleberrien azalen egilea, Patxi Larrion idazlea eta Imanol Rayo zinema zuzendaria egon ziren gonbidatuen artean. Argiantza eleberria argitara eman zuen Erein argitaletxearen izenean, Inazio Mujika Iraola eta Iñaki Aldekoa hurbildu ziren Amasako ekitaldira.

Amasa utzi aurretik, bertaratutako gehienek Roberto Ruiz chef-ak prestatutako zizka-mizkez gozatzeko aukera izan zuten. Giro ederrean amaitu zen ekitaldia, mahastien artean, eguzkia ezkutatu zen arte.

Harpidetu
Jakinarazi
guest
0 Iruzkin
Inline Feedbacks
View all comments